X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

La República era esto, Alaa al Aswany

Post honen idazlea: Amaia García

La República era esto, Alaa al Aswany

Anagrama, 2021

495 or.

 

 

 

Datorren asteartean, apirilaren 25ean, gaztelaniazko solasaldian, La república era esto izango dugu hizpide, Alaa al-Aswani idazlearen azken eleberria, 2021ean argitaratua. Udaberri arabiarrak Egiptoko gizartean izandako eragina erakusten duen kontakizun korala dugu.

Alaa al-Aswani idazle eta intelektual egiptoarra da, 1957an Kairon jaioa. Ama familia aristokratiko batekoa zuen; osabetako bat hezkuntza ministro izana zen. Aita, abokatua eta intelligentsiako kidea, idazlea izango zenak 19 urte zituela hil zen. Al-Aswanik Kairoko Lizeo Frantsesean amaitu zuen bigarren hezkuntza, eta bere hiriko Unibertsitatean lizentziatu zen hortz-medikuntzan. 80ko hamarkadan Estatu Batuetara joan zen master bat egitera. Bere lehen emaztearekin ezkondu zen, hau ere dentista, eta seme bat izan zuten, Seif. Banandu ondoren, Eman Taymoorrekin ezkondu zen berriro, eta bi alaba ditu: May eta Nada.
Kritika literarioak, erreportaje kulturalak eta analisi politikoko artikuluak argitaratzen hasi zen Egiptoko hainbat hedabidetan, baita Europako egunkarietan ere. Bere lehen eleberriak, 1990ean atera zenak, ez zuen ia oihartzunik izan, baina bigarrena, El edificio Yacobian (2002), oso irakurria izan zen, hizkuntza askotara itzulia, eta bere herrialdean zinemara egokitua. Bertan, gizarte egiptoar modernoaren ikuspegi ironiko eta kritikoa eskaintzen du, ondorengo lanetan bezala; hala nola El automóvil club de Egipto (2013). Egilearen hitzetan, 2011ko Egiptoko Iraultzako manifestariek “zuk idatzitakoari esker gaude hemen” esan zioten.
– La república era esto (jatorrian Egia faltsuen errepublika) 2011ko Egiptoko Iraultzaren gertakari historikoak islatzen ditu. Balio izan dizu gertakari horiek eta haien testuingurua hobeto ulertzeko?
– Eleberri koral bat da, non istorio ezberdinak paraleloki aurrera doazen eta elkar gurutzatzen diren. Horietako bakoitzerako, estilo literarioa eta erabilitako baliabide narratiboak desberdinak dira. Erraza jarraitu duzu?
– Badirudi egilearen helburua Egiptoko gizartearen ikuspegi ahalik eta zabalena erakustea dela. Zure ustez, zer alderditan eragiten du gehien? Pentsa ezazu hipokrisia, adibidez, nola agertzen den hainbat istoriotan.
– Egiptoar herriaren beste alderdi bat, behin eta berriz errepikatzen dena, autoritateari men egiteko duen joera eta aldaketarekiko duen erresistentzia da. Idazlea bere jarrera politikoa agerian uzten ari dela uste duzu?
– Azken kapituluek herriaren altxamenduak ekarri zuen itxaropenetik urrun kokatzen gaituzte: Asmák erbestetik idazten dio Mazeni, Jáleden aitak haren heriotzagatik mendeku hartzen du… Zer deritzozu amaierari?
La república era esto liburuari buruzko solasaldian, nobelan planteatzen diren banakako istorioak aztertuko ditugu, baita horien arteko “gurutzeak” eta agertzen diren gai orokorrak ere. Hitzordua, beti bezala, hilabeteko azken asteartean izango da, apirilaren 25ean, 19.00etan, Liburutegi Nagusiko jarduera aretoan, San Jeronimo kalean.
Beste batzuetan bezala, solasaldia online jarraitzeko aukera eskainiko dugu; horretarako, beharrezkoa da esteka eskatzea alderdiederliburutegia@donostia.eus helbide elektronikoan. Helbide honetara ere joan zaitezke, edo liburutegiko mostradorera informazio gehiago lortzeko, programa osoa ezagutzeko edo hurrengo saiorako dosierra jasotzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude