Josu Goikoetxea
Lakioa
Elkar, 2025
139 orld.
ISBN 978-84-1360-457-2
Josu Goikoetxearen Lakioa narrazio liburua izango da mintzagai ekainaren 2an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Iñigo Aranbarri gidatzailearekin Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean) egingo den solasaldian. Liburua eskuragarri dago liburutegietan, eLiburutegia plataforma digitalean eta liburu-dendetan.
Josu Goikoetxea Gezuraga (Gernika, 1974) kazetaria, poeta eta bertso gai-jartzailea da. Gaztetan, Lubaki Bandako partaidea izan zen eta gerora, bertsolaritzan egin du ibilbidea, gai-jartzaile gisa, harik eta 2018an uztea erabaki zuen arte. Urte berean argitaratu zuen bere lehenengo liburua, Zer luzea negu hau poema bilduma eta 2022an Walt Whitman eman zuen euskaraz Munduko Poesia Kaierak bilduman. Haur literaturako zenbait liburu ere itzuli izan ditu. Azkenik, 2024an Elkar fundazioak antolatzen duen Joseba Jaka beka irabazi zuen Lakioa ipuin bildumaren proiektuarekin.
Guztira bederatzi dira liburua osatzen duten ipuinak:
• Hiltzailea
• Gaua eta gero
• Su bat muinoan
• Ardo gozoa, ardo garratza
• Ritxi
• Mika eta belea
• Zeremonia
• Usainak
• Zeruko ate diamantezkoak
Honela hasten da “Hiltzailea” ipuina:
“”Hor daude hiru emakumeak, errenkadan: bista laburrekoa hiru amandre, adinak eta onkeria landu batel emandako inteligentzia inplakablearekin, eskatzaile, berari begira. Loredun soinekoak jantzita hirurak, oso antzeko, jantziak erremesa berean merke-zurrean erosi izan balituzte bezala.
Amaginarreba pixka bat aurrerago dago; badaki berak izan behar duela hitz egin eta eskaria egingo diona, hala tokatzen da. Irribarre triste bat dute aurpegian hirurek, lan nekez eta itsusi baten dramaturgia gorpuzten beren laurogeitaka urteetan.” 13. orrialdea.
Ipuinak irakurri ahala Goikoetxea estilo aldetik liburu landu bat idatzi duela frogatuko dugu, detailez jositako deskribapenak, hiztegi aberatsa eta genero ezberdinak tartekatzeko abileziarekin, narratiba, bertsolaritza eta kazetaritza. Ipuinean artean badaude lotura edo nolabaiteko hari imajinarioak, gehienetan iraganaren pisua antzematen da, metalitaturak ere badu presentzia. Gai sozialak, familia harremanak, droga mundua, enpresa giroa dira jorratzen diren beste zenbait gai beti ere ikuspuntu kritiko batekin.
Uztaila eta abuztuan ez da saiorik izango eta irailean denboraldi berriari ekingo zaio. Egitaraua eskuragarri egongo da Donostia Kulturako liburutegietan eta baita hileroko agendan ere.

