X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Landa aldeko neskak

Edna O'Brien

Landa aldeko neskak
Gema López Lasheras itzultazailea
Erein eta Igela, 2021
298 or.
ISBN: 978-84-9109-679-5

Edna O’Brien idazlearen Landa aldeko neskak nobela izango da mintzagai abenduaren 5ean, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean), Iñigo Aranbarri gidatzailearekin izango den solasaldian.

 

Edna O’Brien (Taumgraney, Irlanda, 1930) idazle eta gionista oso ezaguna da, 60ko hamarkadan ekin zion idazteari The Country Girls, trilogia bateko lehenengo eleberriarekin eta harrezkero ibilbide luzea egin du. Oraingoz euskaraz dugun bakarra Landa aldeko neskak da, Gema Lopez Las Herasek (Azkoitia, 1989) itzulia eta 2021ean Literatura Unibertsala bilduman argitaratua izan zena. Liburuaren hitzaurrean Lopez Las Herasek O’Brienen eta eleberriaren hainbat zertzelada azaltzen ditu.

Eleberriaren hasiera:

Asaldatuta iratzarri nintzen, eta kolpetik eseri ohean. Zerbaitek kezkatzen nauenean soilik esnatu ohi naiz horrela, eta une batez ez nuen jakin zergatik zihoakidan bihotza hain azkar. Eta gero oroitu nuen. Betikoa: artean ez zen etxera bueltatu.

Altxatu aurretik, ohe ertzean jesarrita gelditu nintzen pixka batean, satinezko koltxa berdea eskuarekin lisatuz. Aurreko gauean tolesta ahaztu zitzaigun amari eta bioi. Poliki-poliki tente jarri, eta linolio hotza sentitu nuen oinazpietan. Behatzak kuzkurtu nituen, instintuz. Banituen txapinak, baina amak gordeta edukitzera behartzen ninduen, osaba-izeba eta lehengusu-lehengusinengana bisitan nindoanerako; eta bagenituen alfonbrak ere, baina tiradera barruan bilduta egoten ziren, harik eta udan Dublindik bisitariak etortzen zitzaizkigun arte ”. 17. or.

Caithleen eta Baba, liburuko bi protagonista nagusien eskutik Irlanda mendebaldeko herrixka bateko giroan murgilduko gara. Bi neskatoak ikaskideak eta nolabaiteko lagunak dira, eta biek jaioterritik alde egitea erabakiko dute. Herriko eskolan lehen mailako ikasketak amaitu ondoren gurasoek mojen barnetegi batean sartuko dituzte baina giroa jasangaitza egingo zaie eta handik alde egingo dute. Azkenik Dublinera joango dira eta bizimodu berri bati ekingo diote.

Liburua irakurri ahala gertakari bereziren bat espero nuen baina ez da horrela izan. Idazteko estiloa berriz, oso deigarria gertatu zait, zehaztasun handikoa, umoretsua eta poetikoa. Azpimarratzekoa da bestalde, emakumearen irudiaren aldarrikapena, are eta gehiago kontuan izan da duela hirurogei urte idatzitako liburua dela.

Liburu honekin 2023ko solasaldien denboraldia itxiko dugu eta Liburutegiak dagoeneko prest dauka datorren hiruhileko egutegia:

   • Urtarrilak 9: Argialdiak, Miriam Luki, Susa argitaletxea (2023). Saio honetan idazlea bertan egongo da.
    • Otsailak 6: Zoririk ez, Imre Kertész, Elkar argitaletxea (2003)
    • Martxoak 5: Ura saltoka, Juan Kruz Igerabide, Alberdania argitaletxea (2023)

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude