X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Las gratitudes, Delphine de Vigan

Post honen idazlea: Amaia García

Las gratitudes, Delphine de Vigan

Anagrama, 2021

173 or.

ISBN  978-84-339-8083-0

Datorren irailaren 27an, asteartea, ikasturteari hasiera emango diogu Liburutegi Nagusiko gaztelaniazko solasaldietan, Delphine de Vigan idazle frantsesaren Las gratitudes eleberriarekin; gaztelerara itzuli den bere azken lana. Zahartzaroa da bere gai nagusietako bat, baina memoriaz, zaintzaz, loturez eta, jakina, esker onaz ere hitz egiten du.

Delphine de Vigan 1966an jaio zen Boulogne-Billancourten, Parisetik gertu dagoen Île-de-France eskualdeko parte den komuna batean. Amaren arazo psikiatrikoak zirela eta, arrebak eta biek Normandiara joan behar izan zuten, aitaren etxera. Haurtzarotik literaturarekiko interes handia izan zuen, eta Literatura Batxilergoa urtebeteko aurrerapenarekin amaitu zuen. Informazio- eta Komunikazio-Zientziak ikasi zituen Sorbonako Letren Fakultatean, eta hainbat urtez ikasketa-zuzendari gisa lan egin zuen iritzi publikoko institutu batean, Alfortvillen. Lehen bikotearekin bi seme-alaba izan zituen, jada hogei urte baino gehiago dituztenak. Bere egungo bikotekidea François Busnel kazetari eta literatura-kritikaria da.

2001ean Lou Delvig ezizenarekin argitaratu zuen bere lehen eleberria, anorexiarekin izandako esperientziari buruzko obra erdi-autobiografikoa, Días sin hambre. Bigarrena, Una tarde de diciembre, bere benetako izenarekin argitaratu zen. 2007tik aurrera, 20 hizkuntza baino gehiagora itzulitako No y yo lanaren arrakastaren ondoren, denbora-osoz literaturari ekin ahal izan zion. 2011n bere lanik ezagunenetako bat argitaratu zuen, Nada se opone a la noche, bere familiaren historia kontatzen duena, bere amak jasaten zuen gaixotasun bipolarraren aurrean. De Vigan ere gidoilari eta zinema-zuzendari gisa aritu da lanean: 2014an estreinatu zuen bere lehen filmak À coup sûr zuen izenburua. Gainera, Roman Polanskik bere beste eleberri bat egokitu zuen 2017an, Basada en hechos reales.

  • Las gratitudes-en gai nagusietako bat zahartzaroa da; zehazki, Michka-ren zahartze-prozesuaren berri ematen digu. Nola jorratzen da gai hori eleberrian? Zure ustez, zer beste gaik dute garrantzia?

  • Narrazioa bi ikuspuntu tartekatzen dituzten blokeetan egituratuta dago: Michkaren laguna den Marierena, eta bere logopeda den Jérômerena. Zergatik bi ikuspegi horiek? Zer ematen du bakoitzak?

  • Gainera, Michkaren ametsak tartekatzen dira. Hasiera batean benetakoak diruditen arren, azkenean amesgaiztoak direla antzematen dugu. Zure ustez, zer beldur edo zer larritasun adierazten dute?

  • Une jakin batean, zahartzea galtzen ikastea dela esaten da eleberria, eta Michka gauza garrantzitsuenetariko bat galtzen ari da: hitzak. Nola islatzen da galera hori? Honekin, zer efektu lortzen da?

  • Ez dirudi hizkuntaren galera oroimenarekin lotuta dagoenik, Michkak oso oroitzapen biziak baititu; batez ere, haurtzarokoak. Zer antzekotasun ikusten duzu Michka eta Marieren istorioen artean?

  • Eleberriaren amaieran Michka hiltzen da. Hala ere, badirudi lotura berria sor daitekeela Marie eta Jérômeren artean (zaharraren nahia zen bezala). Zein da zure iritzia amaierari buruz?

Las gratitudes-i buruz hitz egiteko hitzordua hilaren azken asteartean izango da, irailaren 27an, 19:00etan, Liburutegi Nagusiko jarduera-aretoan, San Jeronimo kalean. Datorren hilabeteko saioa, urriaren 25ekoa, berezia izango da; izan ere, Liburutegien Egunari lotutako programazioa dela eta, Angel Esteban izango dugu berarekin El escritor en su paraíso lanaren inguruan hitz egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude