X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Las vírgenes suicidas

Jeffrey Eugenides

Asteartean, ekainaren 16an, Jeffrey Eugenides–en Las vírgenes suicidas komentatuko dugu.19:00tan ikusiko dugu elkar San Jeronimo kaleko aretoan, ordura arte!

«-¿Qué haces aquí, guapa? Si todavía no tienes edad para saber lo mala que es la vida…

Fue entonces cuando Cecilia dijo en voz alta lo que habría podido considerarse su nota póstuma, aunque en este caso totalmente inútil puesto que seguía con vida.

-Está muy claro, doctor, que usted nunca ha sido una niña de trece años- dijo».

1993an, Jeffrey Eugenidesek bere lehen eleberria argitaratu zuen: Las vírgenes suicidas. Dirudienez, bere iloba zaintzen zuen emakumeak bere ahizpa guztiak, nerabe zirela, bere buruaz beste egiten saiatu zirela kontatu zion. Orduan, momentuan bertan, idazle hasiberri hark, denek lortu izan balute zer gertatuko ote zen eta inguruan ere, neska gazte haien auzoan, zer esango zuten imajinatu zuen. Horrela sortu zuen Lisbon ahizpen istorioa eta izenburu delikatu bezain makabro hau. Gau hartan bertan, Estatu Batuetako auzo pobre batean bizi ziren nerabe batzuen hutsune existentziala idazten hasi zen. Ordutik, Cecilia, Lux, Bonnie, Mary eta Thereseren istorioak bizi asko izan ditu, baita pantaila handian ere. Izan ere, Sofia Coppolak, ahizpen misterioak liluratuta, pelikula egin zuen 1999an.

Kontua da nobelak ez zaituela axolagabe uzten. Izan ere, Francis Ford Coppolaren alabak bere garaian kontatu zuen inoiz ez zuela aurretik pentsatu film bat zuzentzea Eugenidesen liburua irakurri arte. Sofia Coppola ez da istorio honekin liluratuta dagoen bakarra. Espainian, 1994ko urrian argitaratu zenetik, nobela behin eta berriz argitaratzen da: 2013tik, urtero edizio berri bat. Irakurri baduzue, agian arrazoia imajinatuko duzue: Eugenides nerabezarora hurbiltzen da, baina nerabezaroaren nahastea ahaztu gabe. Ceciliak eleberriko esaldi ospetsuenetako batean dioen bezala: : «está muy claro, doctor, que usted nunca ha sido una niña de trece años». Hala da, ez da erraza nerabezaroko sentimenduak ulertzea; bizitza bera misterioa da, desioa ere halakoa den bitartean. Ekuazioak, batzuetan, zailak dira ebazten, baina Eugenidesek maisuki egiten du hori.

30 urte baino gehiago igaro dira, baina Lisbon ahizpen istorioak indarrean jarraitzen du. True crimesak kontsumitzen ditugu, telebistan mota guztietako tragedien erreportajeak egiten dira behin eta berriz eta garrantzitsuena: suizidioa ulertu gabe jarraitzen dugu. Hori da, halaber, Las vírgenes suicidas liburuaren baliorik handiena, Eugenidesek misteriorik handienetako bati heltzen diola, suizidioa, eta fintasunez egiten du, gainera.

Las vírgenes suicidas liburuko beste kontu bitxi bat narratzaile kolektiboa da. Lisbon ahizpen istorioa lagunek kontatzen dute, auzoko mutil gazte batzuek. Bere garaian, ez zen oso gauza arrunta ezta jarraitzaile asko zituena, baina argi dago denborak aurrera egin ahala, Jeffrey Eugenidesen lehen eleberria ia gure garaiko klasiko bihurtu dela.

Inguruan duguna eta munduan lagun ditugunak ulertzen saiatzeko irakurtzen dugu eta nobela hau da horren adibide ezin hobea. Hauxe da 2025-2026 ikasturteko gure azken literatura solasaldia, gogotsu nago Lisbon-munduan zuekin murgiltzeko! Asteartean ikusiko dugu elkar, betiko orduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude