X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Liburutegi imajinatua: Komunitateak ereiteko lorategia

Liburutegi imajinatua: Komunitateak ereiteko lorategia
Aldee, 2023
123 orr.
ISBN 978-84-124561-1-0

Joan den ekainearen 6an, Gonzalo Oyarzún liburuzain, aholkulari eta Unibertsitateko irakasle txiletarrak 2021ean idatzi eta argitaratutako “La biblioteca imaginada: jardín para sembrar comunidades” liburuaren euskarazko itzulpena aurkeztu zen Tabakaleran.

Oraingoan ALDEEren eskutik euskarara itzuli da.

Liburu honek Iban Zaldua euskal idazlearen sarrera bat du, berak, zientzia fikzioko ipuin gisa,bere liburutegi imajinatuaren sarreraren atea ireki digu. Azalaren ilustrazioa Maite Gurrutxaga ilustratzaile gipuzkoarrak egin du. Biak, liburuaren egilearekin batera, liburuaren itzulpenaren aurkezpenean egon ziren, eta atsegin handiz, Iban Zaldua egileak kontatutako sarrera ipuina, egilearen hitz adituak eta Maite Gurrutxagaren ilustrazioari buruzko azalpenak entzun genituen..

Liburua zortzi zatitan egituratuta dago, eta bakoitzean  gaur egungo liburutegiak bete beharko lukeen zeregina hausnartu egiten da.. Horretarako, Kibera (Afrika), Arhus (Danimarka) edo Latinoamerikako beste zenbait adibide eskaintzen dizkigu, besteak beste.
Liburuaren ilustratzaileak aitortu zigun, hain zuzen ere, Kiberako bibliotekaren errealitatea deskribatzen duen paragrafoak inspirazioa sortu zuela ilustrazioa egiteko. Inspirazioa naturaltasunez etorri zitzaion eta ez zuen zirriborrorik egin behar izan. Liburuaren azalean dagoen eguzki handi horren argiak barruan dagoena argitzen eta babesten du.

Testu honetan Gonzalo Oyarzúnen haunarketa sakonak daude, eta egokia den espazio hori aurkitzera gonbidatzen gaituzten errealitateak eskaintzen dizkigute. Edukiak sortzeko leku bat , pentsamenduak loratzen diren leku aproposa. Bereizketarik egingo ez den eta mundu guztia hartuko duen leku demokratikoa.

Liburua bukatzen den kapituluak liburuaren izenburu bera dauka, hau da: liburutegi imajinatua. Kapitulu horretan, liburutegi imajinatu horrek izan beharko lituzkeen hainbat ezaugarri zerrendatzen dira. Paragrafo hau nabarmendu nahi nuke, liburutegia beti itzuli nahi den leku eroso gisa azaltzen baita.

Liburutegi imajinatua etorkizunari begira dago beti, baina bihotza iraganean jarrita du, arbasoetan, jatorrizko herrietan. Bertan, usainak aditu eta koloreak ikus daitezke, eta zapore anitz probatu. Sukaldea eta baratzea da; ohe biguna, mahai partekatua. Liburutegi jaberik gabeko etxe handia da, eta bertan inor ez dago soberan, edozein lekutatik datorrela edo edozein lekutara doala, ezta etxerik ez badu ere.

Hainbesteko edukia duen liburu batek merezi zuen euskarara itzultzea, eta horri ekin dio, irizpide onez, ALDEE elkarteak.

Egilearen azalpen jakintsuez eta Iban Zaldua, Maite Gurrutxaga eta Fernando Juárez, solasaldiaren dinamizatzaile apartaren presentziaz eta ekarpenez gozatu ahal izan genuen..

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude