X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Limpia

Alia Trabucco Zerán

Limpia
Lumen, 2023
225 or.
ISBN: 978-84-264-2411-2

 

DESBERDINTASUNAREN ERRETRATU BAT

«Todo está en saber quién limpiará a quién»
Albert Camus, La caída

Estela etxeko langilea da eta egunak Txileko familia dirudun baten lan eta eskakizun guztiei erantzuten ematen ditu. Bestalde, Alia Trabucco Zerán idazle txiletarraren fikziozko azken eleberria den Limpiaren ahotsa ere bada. Estelarena, berriz, gutxitan entzun izan dugun emakume baten ahotsa da. Liburuetan, filmetan, abestietan eta baita gure gizartean ere ez ditugu horrelako testigantzak askotan entzuten. Horregatik, agian, eleberriaren hasieran, Estelak esaten du: «ahora dejen lo que estén haciendo y préstenme atención». Eta horrela, irakurleari zuzenean hitz eginez, protagonistak ihesbiderik gabeko istorio batean harrapatzen gaitu eta bere galderei erantzutera behartzen gaitu. Izan ere, liburu honetako gauzarik berezienetako bat Estelak hartzen duen lehen pertsona hori da, horrekin etengabe zalantzan jartzen gaitu, eraso egiten gaitu, batzuetan, eta, batez ere, deseroso sentiarazten gaitu.

Istorioa iragarki batekin hasten da: «se busca empleada, buena presencia, tiempo completo». Estelak bere ama urrun uzten du, hegoaldean, familia ‘perfektu’ baten etxean lan egiteko. Bertan geratuko da hurrengo zazpi urteetan era guztietako lanak egiten, baina batez ere Julia zaintzen eta hezitzen. Neska txiki hori istorioaren hasieratik badakigu hil egin dela. Eleberrian lehenengo momentutik ezagutzen dugun sekretua da, baina greziar tragedia batean bezala, tentsioak gora egiten du orrialde bakoitzean, etxe horretan igarotzen den egun bakoitzean, pertsonaien mugimendu bakoitzean eta elementu berriak azaltzen diren bakoitzean: arratoiak, kaleko txakurra, aitortzak, pozoia, pistola… «Es curioso que todos vayamos a morir, ¿no les parece? Todos, también ustedes. De eso no hay duda alguna. La respuesta es la misma, una y otra vez. Si alzan la vista y miran a su madre, a su padre, a su perro, a su gato, a su hija a su hijo, al chincol, al zorzal, a su marido, a su esposa, la respuesta es siempre la misma: sí, sí, sí. Solo hay dos preguntas sin responder: cómo y cuándo». Horiek dira hasieratik erantzun nahi ditugun bi galderak, nola eta noiz, baina Estelak askoz gehiago du kontatzeko eta geure buruari galdetzeko. Amaiera jakin arren erantzunak nahi ditugu, harrapatuta gaude. Bizitzaren metáfora ere izan daiteke: amaiera badakigu, beti, baina irakurtzen jarraitzen dugun bezala, bizitzen ere jarraitzen dugu.

Egia esan, familiako neska txikia zein egoeratan hiltzen den jakiteaz gain, eleberriak Estelaren bizitza kontatzen du. Istorio honetako orrialdeetan, besteak beste, bere lan baldintzak eta nagusiekin duen harreman desberdina azaltzen ditu. Estelak egunero pairatzen dituen indarkeria, prekarietate eta zalantza egoerei aurre egitera behartzen gaitu. Ez dugu beste aldera begiratzeko aukerarik. Bere tonua zuzena da, baina zintzoa ere bai. Bere istorioa kontatzen duenean, bere gogoeta eta dudak zintzotasunez partekatzen ditu eta horrek eleberria izugarri aberasten du. Alia Trabucco Zerán-ek oreka perfektua lortu du Estelaren hitzekin: deserosoa da, baina minik eman gabe. Nobela garratza da, iluna batzuetan, baina, batez ere, benetakoa.

Hau ez da Alia Trabucco Zerán-en lehen lana, 2015ean La resta argitaratu zuen, El País egunkariaren arabera urteko estreinaldi garrantzitsuenetako bat, Man Booker Internationaleko finalista izan zena eta Txileko Kultura Ministerioaren Eleberri Berri Onenaren Saria jaso zuena. Limpia liburuarekin saria irabazi du berriz ere eta hamairu herrialdeetan itzuli da.

 

Limpiari buruz hitz egiteko hitzordua datorren asteartean, urtarrilak 30, izango da, 19:00etan, Liburutegi Nagusiaren aretoan, San Jeronimo kalean.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude