X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Los últimos románticos, Txani Rodríguez

Post honen idazlea: Amaia Garcia

Los últimos románticos, Txani Rodríguez

Seix Barral, 2020

978-84-322-3658-7

192 or.

Datorren asteartean, otsailaren 22an, Donostiako Liburutegi Nagusiko gaztelaniazko solasaldian Txani Rodriguez idazlea etorriko zaigu Los últimos románticos lanari buruz hitz egiteko. 2021eko Euskadi Literatura Saria jaso duen eleberri honetan, egileak gertuko istorio bat proposatzen digu, eguneroko bizitzaren kaskarkeriaren, bizitzako gertaera batzuen gogortasunaren eta etorkizun argitsua izateko aukeraren (agian) artean mugitzen dena.

Txani Rodríguez Hernández Laudion (Araban) jaio zen 1977an. Kazetaria, gidoilaria eta idazlea da. Honen aurretik, hiru eleberri argitaratu zituen: Lo que será de nosotros (2009), Agosto (2013) eta Si me quieres, puedes quedarte aquí (2016), baita El corazón de los aviones (2006) kontakizun-bilduma eta bost komiki-liburu ere, horien artean La carrera del sol (2008). Hainbat komunikabidetan kolaboratzen du: besteak beste, Radio Euskadiko «Pompas de papel» saioko lantaldeko kide da eta El Correo egunkariko «Territorios» kultura-gehigarrian argitaratzen du erregulartasunez. Sormenezko idazketa irakaslea da Bartzelonako Ateneun eta Bilboko ALFA Literatura Elkartean; gainera, literatura-lehiaketa ugaritako epaimahaikide izan da, eta irakurketa-klubetako, jardunaldietako eta aurkezpenetako ohiko moderatzaile.

Seix Barralek argitaratutako Los últimos románticos Irune du protagonista, Bilbotik gertu dagoen herri industrial batean bizi den ia berrogei urteko emakumea. Segurtasunik gabea, bakartia eta maniatiko samarra, bere zirkulua oso mugatua da: fabrikako lankideak, adiskide duen adineko bizilaguna, eta Renfeko operadore bat, hartu nahi ez dituen trenen inguruan galdetzeko behin eta berriro deitzen baitio. Irunek lan-gatazka batean parte hartuko du, eta bere bizitza aldatu egingo da, espero ez zuen aukera eskainiz. Txani Rodriguezekin izango dugun topaketan, Los últimos románticos lanak planteatzen dizkigun gai ugariei buruz hitz egiteko aukera izango dugu; hauek dira eztabaida zabaltzeko aukera batzuk:

  • Historia honek aurkezten digun mundua, industria-birmoldaketaren ondorengo Euskadi, oso hurbilekoa eta ezaguna zaigu. Nobelan ikusten dugu aldaketa hori ez dela ekonomikoa bakarrik izan, gizartean ere eragin handia izan duela: bizimodua eta harremanak erabat aldatu egin dira. Zergatik iruditzen zitzaizun gai interesgarria?

  • Elkartasuna komunitatea lotuta mantentzen duen balioa da (edo izan beharko luke). Hala ere, traman zehar, bere absentziagatik distira egiten duen zenbait une ikusten ditugu. Eszena batzuetan, badirudi portaera hori itxarongo genukeen pertsonak edo egoerak direla azpimarratu nahi duzula, baina ez da halakorik gertatzen. Zer asmorekin eragiten duzu horretan?

  • Irune emakume bakartia da, ia isolatua: umezurtza, ez du familiarik edo bikotekiderik, ezta lagun-talde sendorik ere. Badirudi eroso dagoela bere egoeran, baina, aldi berean, zerbait gehiagoren bila dabil, adibidez, Miguel María López Renfeko operadore misteriotsuari egindako deiekin. Iruneren bakardadea beste pertsona askorena dela uste duzu?

  • Une jakin batean, lankide batek «nondik atera den» galdetzen dio Iruneri, eta hark aitortzen du behin baino gehiagotan egin diotela galdera hori. Protagonista ia moldatu gabea da eta bitxikeria puntu bat badu, baina baita ezusteko heroina bihurtzen duten ezaugarri batzuk ere. Zein da zure ikuspegia pertsonaia honetaz?

  • Beharbada iragarpen guztien kontra, eleberriaren amaierak Irunerentzat hasiera berri baten aukera planteatzen du. Irakurle garen aldetik, agian ez gaude ohituta literatura garaikidean amaiera zoriontsuak (edo zoriontsuak izan daitezkeenak) aurkitzera. Zergatik erabakitzen duzu, idazle gisa, istorioa hain modu positibo eta itxaropentsuan ixtea?

Los últimos románticos-i buruz, taldearekin eta Txani Rodríguez egilearekin, hitz egiteko hitzordua datorren asteartean, otsailaren 22an, izango da, 19:00etan, Liburutegi Nagusiko jarduera-aretoan, San Jeronimo kalean. Sarrera irekia da lekua bete arte eta beste behin solasaldia online jarraitzeko aukera eskainiko da: horretarako, mezu elektroniko bat bidali behar da alderdiederliburutegia@donostia.eus-era. Datorren hilabeteko, martxoko, solasaldirako aukeratutako irakurketa Guadalupe Nettel-en La hija única da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude