X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Lotsaizuna, J. M. Coetzee

Post honen idazlea: Arantxa Arzamendi

Lotsaizuna, J. M. Coetzee

Elkar, 2004

283 or.

ISBN 84-9783-192-6

Coetzeeren Lotsaizuna eleberria izango da mintzagaia apirilaren 18an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean), Iñigo Aranbarri gidatzailearekin izango den solasaldian.

John Maxwell Coetzee (Lurmutur Hiria, 1940), hegoafrikar idazle eta hizkuntzalariak, 2003an Literatur Nobel Saria jaso zuen. 2006an australiar hiritartasuna hartu zuen eta Adelaidan bizi da.

Guraso afrikanerren semea, aita funtzionaria eta ama eskola irakaslea, etxean ingelesez hitz egiten zuten baina Johnek afrikaansa ere ikasi zuen. Gaztetan Hego Afrikan bizi izan zen eta bertan egin zituen ikasketak. Hogei urte inguru zituela Londresen ibili zen lanean, IBM ordenagailuen enpresarako. Ondoren Estatu Batuetan bizi izan zen eta ingeles hizkuntza eta literaturako irakasle lanetan aritu zen Bufaloko Unibertsitatean.

1971an, erresidentzia baimena ukatu zioten Estatu Batuetan, Vietnamgo Gerraren aurka izan zuen jarreragatik. Hegoafrikara itzulirik, Lurmutur Hiriko Unibertsitatean hasi zen lanean ingelesezko literatura irakasten. 1973an eman zuen argitara bere lehenbiziko eleberria Dusklands.

Ondoren etorriko ziren:

1977: In the Heart of the Country

1980: Waiting for the Barbarians

1983: Life & Times of Michael K.

1986: Foe

1990: Age of Iron

1994: The Master of Petersburg

1999: Disgrace. Lotsaizuna, Oskar Aranak euskaratua (2004)

2003: Elizabeth Costello

2005: Slow Man

2013: The Childhood of Jesus. Jesusen haurtzaroa, Aritz Gorrotxategik euskaratua (2013)

2016: The Schooldays of Jesus. Jesusen eskola-egunak, Aritz Gorrotxategik euskaratua (2017)

2022: The Pole

Eleberri hauetaz gain, eleberri autobiografikoak, ipuinak eta saiakerak ere idatzi ditu.

Oraingoz Coetzeeren hiru eleberri euskaratu dira. Oskar Aranak (Aramaio, 1969) Jokin Zaitegi Saria irabazi zuen eta sari horri esker euskaratu zen Disgrace Lotsaizuna izenburuarekin (2004). Bestalde, Aritz Gorrotxategirenak (Donostia, 1975) dira Jesusen haurtzaroa (2013) eta Jesusen eskola-egunak (2017)

Hasiera indartsua du liburuak: 7. orrialdea

Bere adineko gixon batentzat -berrogeita hamabi urte, dibortziatua- nahiko ondo konpondua du, bere ustean, sexuaren arazoa. Ostegun arratsaldeetan Green Point-era joaten da autoz. Arratsaldeko ordu bietan, puntu-puntuan, Windsor Mansions-eko sarreran txirrina jotzen du, bere izena esaten du, eta sartu egiten da, 113 zenbakiko gelaren atean Soraya izango du zain. Zuzen-zuzenean sartuko da atean zehar usain atsegineko logela leunki argiztatura, eta arropak erantziko ditu. Soraya bainugelatik aterako da, arropak erortzen utziko ditu, eta beraren ondoan sartuko da ohera. “Gogoratu al zara nitaz?” galdetuko dio. Laztandu egingo du haren gorputz beltzaran ezti kolorekoa, eguzkiak markatugabea; luze-luze jarriko du, bularrak musukatuko dizkio; amodioa egingo dute.

Soraya liraina eta garaia da, ile beltz luzea eta begi ilun urtsuak ditu. Teknikoki, badu nahikoa adin haren aita izateko; baina teknikoki, hamabi urte nahikoa ditu batek aita izateko. Urtebete baina gehiagoz izan da haren bezeroa; erabat gogobetetzen du. Aste barruko basamortuan, osteguna luxe et volupté-zko oasia bihurtu zaio”.

David Lurie, Lotsaizunako protagonista nagusiak 52 urte ditu, dibortziatua dago eta literatura irakaslea da Unibertsitatean. Ikasle batekin izandako sexu afera baten ondorioz Unibertsitateko lana galduko du eta bere alaba Lucyren etxaldera joango da bisitan denboraldi bat pasatzera. Baina etxaldean ez du aurkituko espero zuen giro lasaia, alderantziz arrazismoa eta apartheidaren ondorengoak biziko ditu. Coetzeek idazkera zuzena eta zehatza erabiliko du liburu honetan eta nabarmentzekoa da gaiak lotzeko azaltzen duen abilezia: sexu afera, unibertsitateko irakasleen jarrera, belaunaldi gazteen bizimodua, inkomunikazioa, animaliekiko kezka, arazoei aurre egiteko aukerak dira besteak beste, azpimarratuko nituzkeenak.

Lotsaizunaren hurrengo saioan, maiatzaren 2an, Jose Antonio Loidi Bizkarrondoren Hamabost egun Urgainen (1955) polizia-eleberri klasikoa komentatuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude