X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Madres e hijos, Theodor Kallifatides

Liburuaren azalaPost honen idazlea: Amaia García

Madres e hijos, Theodor Kallifatides

Galaxia Gutemberg, 2020

173 orrialde

ISBN 978-84-18218-57-6

Datorren asteartean, azaroak 29an, Liburutegi Nagusiko gaztelaniazko solasaldian Theodor Kallifatides idazlearen Madres e hijos eleberri autobiografikoa izango dugu hizpide. 2007an argitaratua, Kallifatidesek grezieraz idatzi duen bere bizitzan oinarritutako lanaren parte da, eta bere gaztelaniazko itzulpena 2020an atera zen.

Izan ere, Theodor Kallifatides jatorriz Greziakoa da eta bi hizkuntza literario erabili ditu: suediera eta grekoa. Lakoniako (Peloponeso, Grezia) Molaoi herrian jaio zen 1938an. Bere ama, Antonia Kyriazakou, herri berean jaio zen eta bere aita, Dimitrios Kallifatides, irakasle bezala lan egiten zuena, Pontoko eskualdetik zetorren, Itsaso Beltzaren ertzean. Bigarren Mundu Gerran Greziaren okupazioan aita espetxeratu egin zuten. 1946an, familia Atenasera joan zen bizitzera. Han, idazle izango zenak bigarren mailako ikasketak amaitu zituen eta Karolos Koun zuzendariaren Antzerki Eskolan trebatzen jarraitu zuen. 1964an Suediara emigratu zuen lan bila.

Kallifatides azkar egokitu zen herrialde berrira, eta bertan ezkondu eta bi seme-alaba izan zituen. Gainera, suediera menperatzea lortu zuen denbora gutxian, eta, horri esker, ikasketei ekin zien berriro. Stockholmeko Unibertsitatean matrikulatu zen Filosofia ikasketak egiteko, eta, lizentziatu ondoren, erakunde horretan bertan aritu zen irakasle 1969 eta 1972 bitartean. Bere lehen poesia liburua 1969an argitaratu zuen, baina bere eleberriei esker jaso du errekonozimendua. Zinema- eta antzerki-gidoiak ere idatzi ditu, baita bidaia-liburuak ere, eta literatura aldizkari bateko editorea izan da (Bonnier hedabide suediarrarena). Itzultzaile gisa, suedieratik grezierara Ingmar Bergman edo August Strindberg, eta grezieratik suedierara Giannis Ritsos edo Mikis Theodorakis bezalako idazle handiak pasa ditu.

Kallifatidesek 50 urtez garatu zuen bere ibilbide literarioa suedieraz, eta bere kontakizun autobiografikoaren narrazioan zentratu zenean bakarrik sentitu zuen grekoz idazten hasteko beharra. “Nire baitan aldatu ez zen gauza greko bakarra hizkuntza izan zen. Nire bihotza da”, azaldu du elkarrizketa batean. Duela gutxi gaztelaniara itzuli zaio: Galaxia Gutenbergek 2019an argitaratu zuen Otra vida por vivir, Cálamo Extraordinario saria. 2020an, zigilu horrek berak El asedio de Troya eta Madres e hijos argitaratu zuen; 2021ean, Lo pasado no es un sueño eta, 2022an, Timandra eta Amor y morriña.

  • Liburua hasierako bi kapituluk eta Greziarako (protagonista eta narratzailearen jaioterrirako) bidaiarekin bat datozen beste zazpik osatzen dute. Bidaiaren narrazioan flashbackak eta aitak idatzitako testuaren zatiak tartekatzen dira. Planteamendu erraza, interesgarria, erakargarria egin zaizu?
  • Narratzaileak lehen aldiz planteatzen du amari buruz idaztea, eta istorioaren hasieratik dilema bati egin behar dio aurre, ez baitu nahi “idazlearen deabruak” lana kentzea eta azkar ustekoa izatea, txantxetan aritzea, edertzea edo, aitzitik, errealitatea itsustea. Irakurle gisa, helburua lortu duela uste duzu?
  • Urte asko dira idazlea Suediara joan zela, eta han egin du bere bizitza, pertsonala zein profesionala, nahiz eta berari zaila egin abiarazteko erabakia barneratzea. Bestalde, herrikide batzuek ikuspegi negatiboa eman izana leporatzen diote. Zer nabarmenduko zenuke emigratzaile gisa izandako esperientziatik?
  • Bere familiaren iraganeko ikerketarekin batera, narratzaileak greziar mitoetara jotzen du behin eta berriz, mitologiako historiek greziar kulturari, ohiturei eta hizkuntzari buruzko argia emango balute bezala. Atentzioa eman dizu? Gogoratzen duzu errealitatean islatuta ikusten duen mitoren bat?
  • Izenburuak, Madres e hijos, gai nagusia zein den adierazten du: semea eta amaren arteko harremana. Nolakoa da harreman hori, eta istorioko ama? Zein ezaugarri nabarmentzen dira? Zein alderditan amaren figura tradizionalaren antzekoa da, eta zeinetan hausten ditu rol edo ezaugarri horiek?
  • Liburuaren amaiera bat dator egileak Grezian egindako egonaldiarekin. Baina azken gogoeta ez da ama ikusiko duen azken aldia izango ote den, baizik eta istorio berriak sortzeko aukeraren ingurukoa. “Hori esan nahi du ama bat izateak. Beti daramazu hasiera bat barruan”. Nola interpretatzen duzu?

Madres e hijos liburuari buruz hitz egiteko hitzordua hilaren azken asteartean izango da, azaroaren 29an, 19:00etan, Liburutegi Nagusiko jarduera aretoan, San Jeronimo kalean. Urteko azken saioa, abenduaren 27an, Margaret Drabbleren Un día en la vida de una mujer sonriente kontakizun liburuari eskainiko zaio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude