X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Mugako dragoiak, Harriet, Gil, Garluk

Mugako dragoiak, Harriet, Gil, Garluk
Harriet, 2021
112 or.
ISBN 978-84-123816-3-4

Western generoa aipatzean, sarritan (beti ez bada) bakeroak, indioak, Clint Eastwood purutxoa erretzen eta horrelakoak datozkigu burura; alegia, Hollywoodeko istorioak, gurekin zerikusirik ez duen mundu bat. Baina, mendebalde urruneko kontuak Euskal Herriarekin uste baino harreman estuagoa baduela esango bagenuke, zer pentsatuko zenukete? Batek baino gehiagok ez luke sinetsiko. Bada, aurrejuzgu hori deuseztatzera dator Gregorio Muro Harriet bere azken komikiarekin: Mugako dragoiak (Harriet, 2021).
Ezaguna da egile hernaniarrak historiarekiko duen zaletasuna; horren lekuko ditugu hainbat izenburu, hala nola Lotsa eta ahaztea, Justin Hiriart, Eguzkiaren izerdia eta abar. Gure gaurko gomendioa zehatz-mehatz eta xehetasun guztiekin irudikatzeko Iván Gil madrildarra izan du lankide, historia-marrazkigintzan trebea eta aditua (Buonaparte marrazteagatik ezaguna, besteak beste). Kontakizunak eskatzen duen tonu eta kolore egokiak emateko, berriz, aspaldiko bidelagun Garluk. Eta hirurek ondu duten lana, zinez eta minez miresgarria.

Istorioa (eta Historia) Espainia Berri Erregeorderriko Santa Fe de Nuevo Méxicoko probintzian kokatzen da, XVIII. mendearen bukaeran, alegia, oraindik Espainiaren menpe zeuden lurraldeetan. Komantxe indioak inguruko bazterrak nahasten ari dira: Apatxe eta Yuta tribuak sistematikoki erasotzen dituzte, eta espainiarrak ere ez dira oldarraldi horretatik libre. Erregeordeak, arazoa konpontzeko, Adar Berde Komantxeen buruzagia garbitzeko mandatua emango dio gobernadoreari, Juan Bautista Antza, izenez, eta hernaniarra, jatorriz.

Horiek horrela, buruzagi euskaldunak zigor-espedizioari ekingo dio armada berezi baten laguntzarekin: Dragoi Larrudunak edo Dragones de Cuera izenekoak. Hauek AEBetako muga zaintzea helburu zuten zalditeri-gorputza osatzen zuten, eta ondo baino hobeto ezagutzen dugun Zalditeriako 7. Erregimentuaren kontrara, zaldi gainean bai, baina lantza eta ezkutuz (eta erriflez) borrokatzen ziren; nolabait, zezenketako pikadoreen modura. Benetan bitxia!

Hortxe aurkezturik westerneko osagai klasikoenak, baina protagonista euskaldun batekin. Ez dezagula pentsa, ordea, Mendebalde urrunarekiko euskaldunen harremana unean unekoa izan zela. Aldiz, Amerikako historiako pasarte esanguratsu bezain ezezagunetan parte hartu zuten, eta baita itzala utzi ere (diotenez, Arizona izena euskaldun jabegodun arrantxo batetik omen dator: Haritz Ona). Esan dezadan, bide batez, horien guztien berri aurki ditzakezuela Asun Garikanoren Kaliforniakoak izeneko lan interesgarrian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude