Itzultzailea: Aiora Jaka
Txalaparta, 2021
211 or.
ISBN 978-84-18252-44-0
Irailan Donostia Kulturako literatur solasaldien denboraldi berriari ekingo zaio eta Liburutegi Nagusiko euskarazko taldean Juliana Léveillé-Trudel idazle kanadarriaren Nirliit liburua izango da solasgai hilaren 9an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Alde Zaharreko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalea) Iñigo Aranbarri idazlearen gidaritzapean. Liburua eskuragarri dago liburutegietan eta baita ere liburu dendetan.
Juliana Léveillé-Trudel (Montreal, 1985) idazle eta hezitzailea, Quebec iparraldeko Nunavik eskualdean bertako inuit haurrekin hezitzaile lanetan ibili zen eta urte batzuen ondoren han ezagututako gizartean inspiratuta Nirliit (2015), -euskaraz antzarra-, izenburuko eleberria argitaratu zuen. Léveillé-Trudelen lehen argitalpen honek arrakasta izan zuen eta hainbat hizkuntzatara itzulia izan da, ingelesa, islandiera, gaztelania, daniera eta euskara.
Aiora Jaka Irizar (Donostia, 1982), itzultzaile, irakasle eta ikerlariak euskaratu du liburua. Itzulpengintza ikasten ari zela Quebecera joan zen eta handik urte batzuetara berriro itzuli zen lurraldearen iparraldera inuitera ikasteko asmoarekin. Egonaldi hartan sortu zitzaion Nirliit euskarara itzultzeko aukera, gerora Txalapartak argitaratua. Itzultzaile gisa, Aiora Jakak Itzupelgintzako Euskadi Literatura Saria (2024) irabazi zuen Ahmadou Kourouma idazlearen Independentzien eguzkiak liburuarekin.
Eva, protagonista nagusiak, liburuaren I. zatiari emango dio izenburua eta Elijah semeak II. zatiari, biak dira inuitak, Nunavik eskualdeko Salluit herrikoak.
Jarraian lagin moduan liburuaren hasiera:
“Luzea dun bidea hire etxeraino, Eva. Salluit, 62. Paraleloa, zuhaitzen muga baino askoz harago; Salluit, mendien magalean bildua; Salluit, bizkar-zuloko fiordoa; eta, solik hamasei kilometrora, Hudson itsasartea, akaso -nork daki?- Ozeano Artikora eramango hauen igarobide zabala.
Airez etorri beharra dago, antzarak bezala. Antzarak, nirliit. Nekagaitz egiten dut hegotik iparrerako bidea eta iparretik hegorakoa, uda heltzen den bakoitzean, uda joaten den bakoitzean. Hegazkina La Grande Rivière aireportuan geratzen da lehenik; hiru orduko hegaldia Montrealdik ipar-mendebaldera; edertasun gorabeheratsu eta zirraragarria Dash8-a hodeipera igarotzen denean, azpian agerraraziz Robert-Bourassa urtegi erraldoia, ur ilunezko lautada azkengabea, izei-ilara trinkoz inguratua. La Grande aireportu ñimiñoak Iparraldeko ohiko fauna biltzen du. Hirian sekula solastuko ez liratekeen ezezagunak elkarrizketa bizian, barreka eta algaraka. Zuriak, qallunnat. Inuitek ez dute hitz egiten. Guri ez. Guk ere ez. Zuriak txoko batean, inuitak bestean. Zuriak, beltzak ere badira. Inuitak ez diren guztiak zuri bihurtzen dira latitude honetan. Barre egingo luke Marthin Luther Kingek”. 13 orld.
Kontraste handiko liburua da eta modu poetikoan joko polita egiten da guretzat hain ezezaguna den inuiten lurraldea eta gizartea azaltzean. Alde batetik, naturaren edertasuna goraipatzen da -ilunabar koloretsuak, tundra, fauna- eta bestetik eguneroko bizi-baldintza gogorrak etengabe azaleratzen dira -besteak beste, alkoholismoa, biolentzia sexuala, haur abandonatuak, droga-mendekotasuna, suizidioa, gazteen etorkizuna eta langabezia-. Hitz batez, liburu interesgarria eta gaien aldetik iradokitzailea solasaldien denboraldi berriari kementsu hasiera emateko. Liburutegi Nagusiak dagoeneko ezagutarazi du hurrengo hiru hilabeteetako egitaraua:
Urriak 7, Haize beltza, Amaiur Epher, Txalaparta, 2025
Azaroak 4, Barkamena existituko balitz bezala, Mariana Travacio, Erein, 2024
Abenduak 2, Cayo Hueso, Oihane Amantegi, Elkar, 2023
