X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Olor a hormiga

Júlia Peró

Asteartean, apirilaren 28an, Júlia Peró-ren Olor a hormiga komentatuko dugu. Idazlea bertan izango da. 19:00tan ikusiko dugu elkar San Jeronimo kaleko aretoan, ordura arte!

Batzuetan, izugarria, katastrofikoa, lekurik seguruenean gertatzen da: etxean. Batzuetan, beldurra espazio atseginenetan, edo ezagunenetan, sartzen da: gorputzean. Olvidori gertatzen zaiona da, Olor a hormiga liburuko protagonistari gertatzen zaiona, Júlia Peró-ren lehendabiziko nobela bikainean.

«Tanto miedo que a veces, del correr —del huir—, me duelen los juanetes, enamorados de las esquinas de los rodapiés, que aprovechan el mínimo resbalón para rozarse. Tanto miedo que a veces es él —el miedo— quien se atreve a obviar el timbre de casa, por mucho que suene. Todo para no llegar allí. A ese pantano con puerta de entrada».

Olvido adineko emakumea da, bere azken urteen eta gorputzaren aldaketen aurrean beldurtuta, etxean giltzapetuta bizi dena. Bere pisuko lau paretak, batez ere sarrerakoak, bizirik dagoen monstruo batean bihurtu dira; zelatan dagoena eta irteten uzten ez diona. Baina Olvido ez dago etxean bakarrik preso, bere gorputzean ere hala sentitzen da. Haragiak zintzilik daude, zimurrak hondoratu egiten dira. Gero eta gehiago. Zahartzen ari da. Eta, aldi berean, bere gogoaren labirintoan galtzen ari da, zahartzeak eragiten dituen aldaketa guzti-guztiak gorrotatuz. Azken finean, bizitza eta mundua gorrotatuz.

«Ese día… Recuerdo ese día porque la casa olía a gato y eso nunca se puede esconder. Y alguien tocó el timbre, y no esperaba a nadie, y quién será. (…)
Sudor frío, tembleques. Abrí un resquicio de puerta con el reflejo del brazo preparado para cerrarla de nuevo, pero no era un ladrón. Era una chica y tuve que esconder al gato».

Beldur horiek guztiak nahikoak ez balira ere, Olvidok katu bat du etxean, berak ikusi edo gogoratu nahi ez duen guztia gogoratzen eta seinalatzen diona. Katuari eta buruko laino horri ihes egiten saiatzen den bitartean, haren zaintzaz arduratzen den neska bat agertzen da etxean. Neska gaztea da, «hain ederra, zahartzaroak ez lukeela jakingo nondik hasi marruka», pisua eta bere gorputza garbitzen duena. Horrela, Olvidoren etxean bi mundu kontrajarri batzen dira, gaztetasuna eta zahartzaroarena, inbidia eta maitasunarena, jeloskortasunarena eta desirarena, menpekotasunarena eta askatasunarena.

Egitura formal bati jarraitzen ez dioten kapitulu laburretan zehar, Olvidoren errealitatea erakusten digu Júlia Perók, oroitzapenak, gaur egungo istorioak eta ametsak erabiliz. Horrela, Olvidoren hormetan itsasten goaz, bere etxekoak eta bere buruan dauden horietan, hala bere egunen amaieran sartzen ari den emakume honen beldurretan harrapatuta bukatzen dugu.

Júlia Peró-ren lehen nobela da hau, 30 urte eskas dituela zahartzeko bere beldur propioa irudikatu duena. Olor a hormiga (Reservoir Books, 2024) poema liburu baten ondoren iritsi da, Anatomía de una bañera (Arg. Planeta 2020), eta proiektu digital baterako egokitu zuen liburu baten ondoren, Este mensaje fue eliminado (Ed. Planeta 2021). Datorren apirilaren 28an, Júlia Peró izango dugu gure literatura solasaldian, Olvido, bere zimurrak, bere katua, neska eta kaiola bihurtutako pisu horri buruz gehiago jakiteko. Etorriko zaretela espero dut, elkarrizketa, zihur, oso aberasgarria izango da. Júlia Peró gaur egun literatura munduan dagoen ahots iradokitzaile eta interesgarrienetako bat da. Zuzenean entzuteko aukera ederra izango da hau. Ez huts egin!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude