X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Oso latza izan da : Joxe Arregiren pasioa, herioa eta berpiztea

Xabier Mendiguren Elizegi

Oso latza izan da: Joxe Arregiren pasioa, herioa eta berpiztea
Elkar, 2023
101 or.
ISBN: 978-84-1360-116-8

Xabier Mendiguren idazlearen Oso latza izan da nobela izango da mintzagai azaroaren 7an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusian (sarrera Konstituzio Plazatik), Iñigo Aranbarri gidatzailearekin izango den solasaldian.

Xabier Mendiguren Elizegi (Beasain, 1964) filologoa ikasketaz, editorea lanbidez eta euskal idazle ezaguna da. Oso gaztetan hasi zen idazten eta genero gehienak landu ditu: haur eta gazteentzako ipuinak, helduentzako ipuinak, nobelak eta antzerkia. Hainbat literatur sari irabazi du, besteak beste, antzerkian Telesforo Monzon, Toribio Altzaga, Donostia Antzerkia
eta Pedro Inazio Barrutia sariak. Haur literaturan Xabier Lizardi Saria eta ipuingintzan berriz, Bizenta Mogel eta Tene Mujika sariak.
Azken hamarkadan helduentzako ipuingintzan eta nobelan nabarmendu da gehienbat: Arantzak barrurantz (2014), Alsina (2016), Neguko hondartzak (2017), Zu entzuteko gaude (2018) eta solasaldian mintzagai izango den Oso latza izan da (2023).
Xabier Mendiguren, idazle eta Elkarreko editoreak joan den irailean aurkeztu zuen, Oso latza izan da, bere azken liburua. Bertan 1981eko otsailean Joxe Arregi zizurkildarrak Madrilen izan zuen atxiloketa eta jasandako torturen ondoriozko hilketa kontatzen dira. Baita, une hartan jakin ez zen isilpeko gertakaria eta zenbait urte ondoren jakingo zena. Hau da, Arregiren inguruko talde batek gorpua hilobitik atera eta argazkiak egitea nola gertatu zen. Talde hartan Bixente Ameztoi, artista eta Juan Kruz Unzurrunzaga, ETA Pmko kide ohia, nabarmenduko ziren. Hirurak izango dira liburuko protagonista nagusiak. Eleberri laburra izanik irakurketa sakona eta patxadatsua eskatzen duen horietako da, duela berrogei urteko Tolosa inguruko gizartearen zenbait alderdi isladatzen ditu, bereziki politikoak eta kulturalak. Fikzioaren aldetik idazleak bere begirada propioa eman dio eta memoria historikoaren eraikuntzan lekuko bereziki interesgarriak deskribatzen ditu.
Eleberriaren lehenengo paragrafoa: “Hirurak daude hilda gaurko egunean. Orduan, baina, haietako bat zegoen
hilda, ondo hilda eta akabatua, beste biak bizirik. Eta hirurak gela zuri honetan, orain esango diogun orduko ordu hartan. Gela zuri, hotz eta aseptiko honetan: azuleju zuriak paretetan, maindire zuriz tapatuta lekuaren berri ez emateko; marmol zurizko mahaia, hori ere izara zuri batez estalia; eta mahai gainean gorputz bat, dagoeneko gorpu bihurtua, haragi maspildua usteltzen hasia, haragi marguldua beltzunez betea, haragi hebaindua zuritik gorrira, gorritik ubelera, ubeletik beltzera igaroa azken egunetan, honezkero beltzetik errauts kolorera eraldatzen hasia, eta errautsetik ezerezera laster”. 9. orr.

Oso latza izan daren hurrengo saioan, abenduaren 5ean, Edna O’Brien idazlearen Landa aldeko neskak nobela izango da solasgai.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude