X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Saint-Elme 1, Serge Lehman, Frederik Peeters

Saint-Elme 1, Serge Lehman, Frederik Peeters
Astiberri, 2022
160 orr.
ISBN 9788418909689


Cicely, Twin Peaks, Fargo, Springwood eta Obaba, besteak beste, gauza bat dute amankomunean: Ez dira existitzen. Ez behinik behin mundu errealean. Aitzitik, giza adimenaren sorkuntza baino ez dira, eta hala ere (edo kasik horrexegatik) lortu dute gure geografia sentimentalaren parte eta mugarri izatera. Batzuk, geografia horren alde argitsuari dagokionez; besteak berriz, ilunari. Are gehiago, esango nuke azken horiek gure ametsik gaiztoenen marku paregabe izatera iritsi direla (ez dut zehaztuko zeintzuk). Bada, zorionez unibertsoa bezainbeste hedatzen den mapamundi imajinario horretan sortu zaigu beste geldialdi berri bat: Serge Lehmanek eta Frederik Peetersek asmatutako Saint-Elme misteriotsu bezain kezkagarria.

DK Irratiko “Ispilu Beltza” irratsaioan liburu honi buruzko gomendioa entzun dezakezue



Mendien artean izkutaturiko herria dugu Saint-Elme. Idilikoa eta higuingarria zati berdinetan. Idilikoa, mendien artean, naturaren erdian dagoelako, behi eta belarrez inguraturik; higuingarria, industria astunak mendean hartu duelako. Hitz batean esanda, 80. hamarkadako Bilbo txiki bat. Baina labe garaien ordez, ur iturrien inguruan sortutako industria dugu. Eta industria horrek familia bat aberastuko du. Eta familia aberats horrek negozio ezkutu eta sekretu ugari izango ditu. Eta negozio ezkutu horien kontura gazte bat desagertuko da. Eta bere bila detektibe pribatu bat etorriko da. Eta detektibe hori Nicolas Cagen itxura izango du, eta bere laguntzailea Yoko Onorena. Eta hori gutxi ez eta igel-izurri batek hartuko du herria, madarikazio bibliko baten pare.

Nicolas Cage, Yoko Ono, igel-izurri bat… Hemen zerbait bitxia gertatzen ari da, eta hala ere, hiruko hori gutxienekoa izango da istorio aztoragarri, surrealista eta akaso naturaz gaindiko honetan; edo ez, batek daki. Saint-Elmen inor ez da hasiera batean ematen duena, eta pertsonaia-zerrenda bilakatuko da komiki honen benetako protagonista. Egunerokotasunak duen apartekoan jartzen dute azpimarra egileek, eta elementu arraro, oniriko eta are beldurgarriek erdietsitako giro erdeinagarri eta itogarria izango da lan honen ezaugarririk aipagarrienetako bat. Akats bakarra du lan honek: Angelo Badalamentiren soinu-bandarik ez izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude