X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Sinsonte, Walter Tevis

Sinsonte, Walter Tevis, Jon Bilbaok itzulita
Impedimenta, 2022
341 or.
ISBN 978-84-18668-37-1

 

Literatura distopikoak, bere ibilbide oparoan, gizateriaren etorikizuneko hainbat ikuspegi posible erakutsi dizkigu: Batzuetan, diktadura terrorifikoek gogorki kontrolatu eta menderatzen dituzte hiritarrak (Orwellen 1984, kasu); bestetan, gizartea modu arkadikoan antolatzen da, non norbanakoak erabat pozik bizi diren (hori bai, bizitzaren gatza eta piperra zeharo galdurik, Huxleyren Bai mundu berrian bezala); badira kasu batzuk non erlijioak ugalketaren gaia serioegi hartzen duen (Atwooden Neskamearen ipuinak azaldu bezala); eta beste batzuk, aldiz, non agintariek gai horri kasu handirik egiten ez dioten. Gure gaurko gomendioa azken horretantxe kokatuko genuke, nahiz eta ugalketarena akaso ez den gai nagusia, eta arestian aipaturiko ezaugarri asko partekatzen dituen. Baina nonbait kokatu behar, eta ttak, hortxe kokatu ere.

Umeak mundu samin honetara ekartzearena, esan bezala, ez dute oso serio hartzen Walter Tevisek (San Frantzisko, AEB, 1928) irudikatutako etorkizunean. Gizartea ondo indibidualista da, eta norbanakoek ez dituzte elkarren arteko harremanik apenas; bizimodua paketsua da oso (nola ez), biziraupenak sortutako arazo eta komeriak iraganeko kontuak dira, eta gailuek jendearen behar guztiak asetzen dituzte (matxuratzen ez diren bitartean, hori bai). Gauzak horrela, horren mundu aspergarriak etsipena eta antsietatea besterik ez du sortzen, eta horri aurre egiteko modu bakarra pilulen bidez lortzen da (edo nork bere buruaz beste eginda). Hori gutxi ez eta jendeak irakurtzen ere ahaztu du, eta orokorrean apenas gogoratzen da atzo egindakoaz. Ez da ba nolanahiko etorkizuna!

Baina Erromatar inperio orok badu bere Asterixen herrixka, eta gizarte tevistarra ere ez zen gutxiago izango: Halako batean azalduko da bere kabuz irakurtzen ikasi duen norbait, eta anomalia txiki horrek abiaraziko du abentura iniziatiko eta zirarragarria. Paul Bentley ezagutuko dugu, guregandiko mundu ez hain ezberdin batean bizirauten, eta joango gara ikusten nola utziko duen bere hasierako haurkeri-egoera eta pixkana-pixkana nola heldutasuna erdietsiko duen, betiere maitasunak bultzatuta. Horrek guztiak egungo egoerarekin alderaketak eta hausnarketak sortuko dizkigu, eta alde horretatik esan genezake eleberria ez dela batere zahartu, aldiz, oso galdera egokiak mahaigaineratzen ditu. Beraz, erabat eskergarria, Impedimentaren argitalpen berri hau (eta Jon Bilbaoren lana, jakina), erdi ahaztuta zegoen lan bikain hau gureganatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude