X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Sonka

Ignacy Karpowicz

Sonka

Ignacy Karpowicz

Amaia Apalauza Ollok eta Sonia Kolazcek itzulia

Pasazaite, 2023

165 or.

ISBN 978-84-946218-6-4

 

Ignacy Karpowicz idazlearen Sonka nobela izango da mintzagai apirilaren 9an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean), Iñigo Aranbarri gidatzailearekin izango den solasaldian.

Ignacy Karpowicz (Bialystok, Polonia, 1976) idazle, itzultzaile eta bidaizale poloniarrak 2006an idatzi zuen bere lehen eleberria Niehalo, eta Poltyka Passport sarirako izendatua izan zen. Ondoren idatzitako lanak Poloniako hainbat sariketa entzutetsuetako finalista izan dira. 2014an Sonka kaleratu zuen eta gutxienez zortzi hizkuntzetara itzulia izan da, ingelesa, frantsesa, gaztelania, alemana, ukrainera, kroaziera, bielorrusiera eta euskara.

Itzultzaile ere bada, nagusiki literatura itzultzen du, ingelesa, baita gaztelania eta Etiopiako amharera hizkuntza ere. Bidaietatik datorkio Etiopiaren eta amharera hizkuntzaren ezagutza eta garai batean bertan bizi izan zen. Gaur egun Varsovian bizi da.

Amaia Apalauza Ollo (Iruñea, 1979) itzultzaile eta hizkuntzalaria, EIZIE elkarteko batzordekide eta Euskaltzain urgazle ere bada. Besteak beste, Sergei Dovlatov, Kazuo Ishiguro, Slavenka Draculic, Ursula K. Le Guin eta Irene Pujadasen lanak itzuli ditu. Poloniako idazleen artean berriz, Ryszard Kapuscinskiren Kristo fusilarekin, Olga Tokarczuken Erabili goldea hilen hezurren gainetik eta solasaldian aztertuko dugun Sonka. Azken bi hauek Sonia Kolaczek (Olsztyn, Polonia, 1987), itzultzailearekin batera euskaratu ditu.

Eleberriaren hasiera:

Aspaldi, oso aspaldi… Era horretan hasten zituen Soniak bere esaldi berezi haiek, eta ez zuen aipatzen ez behirik, ez oilorik, ez txerririk, ezta jairik, ogirik eta zergarik, edo belar-ebakitzerik, patata-biltzerik eta kazkabar-erauntsirik ere; era horretan hasten zituen esaldiak, hitzak eztarrian nonbait trabatu eta oi horzgabe leunetan geratzen zitzaizkiolarik, harik eta berriz ere gorputz barnera lerratu arte: biriketara, bihotzera eta organo zahar higatuen artean pilaturiko hautsera. Batzuetan, baina “aspaldi, oso aspaldi” haren ondotik, hitzek oztopoak gainditzen zituzten, haragiaren eta denboraren ehuna zeharkatzen zuten, hasi eta buka entzuten zen haien soinua, eta soilik orduan barneratzen ziren berriz gorputzean: belarrietatik burmuinera iragan, bertan goxo egin, eta zain geratzen ziren, gertatutakoak loak baretu arte, arazoak arindu arte; orduan, enegarren aldiz, hitzak istorio gisa amesten ziren: istorio onak zein istorio txarrak, nola ikusten duen batek, noiz iratzartzen den eta nora ez den ailegatzen.” 9 or.

Ignacy Karpowicz idazle erabat ezezaguna zen gure artean Pasazaite argitaletxeak Sonka kaleratu zuen arte. Xabier Queirugak (Villagarcía de Arousa, 1979) sortu zuen Donostian 2012an literatur itzulpenak argitaratzeko xedearekin, baina zoritxarrez 2023an desagertu zen Sonka kaleratu ondoren.

Sonka da protagonista nagusia, Poloniako Gródek herrian Bielorrusiako mugan etxeko abereekin bakarrik bizi den adineko emakumea. Bizitzan ez du zorte handirik izan, oroitzapen lazgarriak ditu, baina halako batean Igor izeneko antzerkigilea azalduko da herrian eta Sonkari bere bizitza kontatzeko aukera emango dio.

Irati Majuelok ondo laburtzen ditu Berrian eleberri honen muina eta nondik norakoak:

Geruza ugariko eleberria proposatzen du Karpowiczek; egitura konplexua duen lana da Sonka. Izan ere, denboran jauzi egiten du, eta oroitzapenak, gertakizunak eta errealitatearen fikzionatzea txirikordatzen dira, unean-unean zein den zein argi zehaztu gabe. Nobelan aurrera egin ahala, irakurleak zalantza egiten du, ezin baitezake bereiz nork kontatzen duen muineko istorioa: kanpo narratzaile batek, Soniak, Igorrek, Ignacyk? Antzerki obra al da irakurtzen ari dena, Soniaren esperientzian oinarritutako narrazio lan bat, edo haren testigantza zuzena? Hala ere, badirudi galdera beste bat dela: axola al du, finean?

Esperientziak artearen bidez adierazteko gaitasunaz eta aukerez hausnartzen du Karpowiczek, basakeriaz eta desohoreaz bezainbeste isiltasunaz, epaiaz. Hori hala, asmo moralizatzailerik gabe mintzatzen da gerrari buruz, eta, bide batez, azaleratzen ditu tragediaren erdian maitasunak har ditzakeen formak eta hurbilekoen heriotza desiratzerainoko minak, baita emakume arraildu baten biziraute estrategiak ere. Ertz ugariko pertsonaiak eraikitzen ditu, errealitate gordina bezain sinesgaitza den istorioa kontatu ahal izateko.” Azken kontakizuna Irati Majuelo / Berria, 2024-01-21

Ez galdu solasaldira joateko aukera. Liburua erraz eskuratu dezakezue liburutegietan edo liburu dendetan.

Azkenik, hurrengo bi saioetako datak eta izenburuak gogorarazten dizkizuet:

Maiatzak 7: Zoonomia, Nerea Arrien, Pamiela, 2022

Ekainak 4: Gaueko azken expressoa, Eneko Aizpurua, Alberdania, 2023

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude