X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Ur uherrak, Aingeru Epaltza

Post honen idazlea: Arantxa Arzamendi

Ur uherrak, Aingeru Epaltza

Pamiela, 1998

315 or.

ISBN 84-7681-141-1

Aingeru Epaltzaren Ur uherrak eleberria izango da solasgai, apirilaren 5ean, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalea) Iñigo Aranbarri gidatzailearekin egingo den literatur solasaldian.

Ur uherrak (Xalbador Saria, 1991), 1993an kaleratu zen Pamiela argitaletxearen eskutik. Aingeru Epaltza idazleak (Iruñea, 1960) ordurako hainbat liburu argitaratuak zituen: Mugetan irri (antzezlana, 1984), Sasiak ere begiak ditik (eleberria, 1986), Kaikugileak (argazki liburua, Xabi Oterorekin batera, 1987) eta Garretatik erauzitakoak (narrazioak, 1989). Ondorengoak dira Lur zabaletan (1994), Tigre ehiza (Euskadi Saria, 1997), Rock’n’roll (2000), Erresuma eta fedea trilogiako Mailuaren odola (2006), Izan banintzen Nafarroako errege (2009) eta Gure Jerusalem galdua (2013) eta azkenik Mendi-joak (2017). 2007an berriz, Nafarroako abertzaletasunari buruzko saikera lan bat argitaratu zuen Bezperaren bezpera izenburuarekin.

Epaltzaren idazlan ugari Nafarroan kokatzen dira eta horien artean dugu Ur-uherrak. Liburuak bost kapitulu ditu: I. Ugaldeko bluesa (bakarka), II. Kartzelako bluesa (ofizioka), III. Ziudadeko bluesa (binaka), IV. Mendi gaineko bluesa (punttuka), V. Akabaileko bluesa (agurra).

Epaltzaren thriller moduko eleberri hau gertakari korapilatsuz beteta dago eta nolabaiteko suspensea lortzen du. Pertsonaien ugaritasuna eta ikuspuntu ironikoa dira beste bi ezaugarri nagusi. Liburuaren edukiari dagokionez berriz, idazleak kontrasteak bilatzen ditu, tradizioa eta modernitatea ardatzaren inguruan, gazteen eta zaharren arteko harremanak, baserri giroa eta hiriaren arteko aldeak, 80-90 hamarkadetako gizarte eta politika gatazkak isladatzen ditu. Osagarri guzti hauekin Nafarroako herri txiki bateko kronika berezia eskaintzen zaigu.

Liburuak hiru argitaraldi izan ditu (1993, 1994 eta 1998) eta 1995ean Bego Montoriok gaztelaniara itzuli zuen Agua turbia izenburuarekin Hiru argitaletxearen eskutik. Urte batzu beranduago, 2013an Pamielak gaztelaniazko edizioaren bigarren argitaraldia kaleratu zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude