X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Winesburg, Ohio / Sherwood Anderson

Post honen idazlea: Arantxa Arzamendi

Winesburg, Ohio
Sherwood Anderson
Joannes Jauregi itzultzailea
Erein eta Igela, 2022
301 or.
ISBN 978-84-9109-827-0

Sherwood Anderson idazlearen Winesburg, Ohio liburua izango da mintzagaia ekainaren 6an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean), Iñigo Aranbarri gidatzailearekin izango den solasaldian.

Sherwood Anderson (Camden, Ohio, 1876 – Colón, Panamá, 1941) idazle estatubatuarra, narrazio laburraren maisu handia eta industrializazioaren ondorioak aztertu zituen aitzindarietako bat izan zen. 14 urterekin eskola utzi behar izan zuen eta familiari laguntzeko hainbat lanetan ibili zen. Urte batzuk beranduago literaturan bere kasan murgiltzeko aukera izango zuen.

Idatzi zituen liburuen artean txalotuenetakoa Winesburg, Ohio (1919) dugu, hogeita bi kontakizunez osatua eta zenbait kritikoen iritziz XX mendean ingelesez idatzitako liburu onenetakoa. Liburu ugari idatzi zituen ia genero guztietan eta euskaraz oraingoz Winesburg, Ohio argitaratu da, Joanes Jauregik (Astigarraga, 1994) itzulia eta Literatura Unibertsala bilduman kaleratua izan da batera Erein eta Igela argitaletxeen eskutik. Joanes Jauregi Benavidesek itzulpen eta literatura-ikasketak egin zituen Gasteizen eta Bartzelonan, eta Berria egunkarian zuzentzaile eta itzultzaile aritutako da. Gaur egun irakaskuntza du ogibide. Itzulpengintzari dagokionez Winesburg, Ohio aurretik Yannis Ritsosen poemen bilduma bat euskeratu zuen (2018) Poesia Kaiera bilduman.

Liburuko hogeita bi ipuinen zerrenda:

  1. Groteskoen liburua

  2. Eskuak

  3. Paperezko pilulak

  4. Ama

  5. Filosofoa

  6. Inork ez daki

  7. Jainkotasuna

  8. Gizon bat ideiaz betea

  9. Abentura

  10. Errespetua

  11. Pentsalaria

  12. Tandy

  13. Jainkoaren indarra

  14. Maistra

  15. Bakardadea

  16. Esnatze bat

  17. Xelebrea”

  18. Gezur esangabea

  19. Edana

  20. Heriotza

  21. Sofistikazioa

  22. Partitzea

Groteskoen liburua, lehenengo ipuinaren hasiera:

Idazlea, gizon xahar bibote-zuri bat, neke handiarekin sartzen zen ohera. Etxeko leihoak goregi zeuzkan, eta, goizean, esnatu berritan, arbolei begiratzeko gogoa izaten zuen. Arotz bat etorrarazi zuen ohea moldatzera, leihoaren mailan gera zedin.

Zalaparta ederra atera zuen kontuak. Arotza, Gerra Zibilean soldadu ibilitakoa, idazlearen gelara sartu zen, eta ohea goratzeko plataforma bat jartzea proposatu zion. Idazleak bazituen zigarro batzuk hor nonbait, eta arotzak erre egin zuen.

Puska batean, bi gizonak ohea goratzeaz aritu ziren hizketan, eta gero beste zenbait gauzaz. Soldadua gerrako kontuekin hasi zen, idazleak berak galdetuta. Andersonvilleko kartzelan preso izandakoa zen arotza, eta anaia bat galdutakoa. Goseak hil zitzaion anaia, eta arotzak negarrari ematen zion gai hori aitatzen zuen bakoitzean. Bibote-zuria zen, idazlea bezala, eta negarrez hastean ezpainak zimurtzen zituen, eta biboteak dar-dar egiten zion. Komeriazko itxura zuen gizon xaharrak hantxe negarrez jarrita, zigarroa ahoan zuela. Idazlearen ohea goratzeko intentzioak ahaztuta geratu ziren, eta gero arotzak bere manerara egin zuen, eta idazleak, hirurogei urteak pasea baitzen, aulki baten arrimuan oheratu behar izan zuen gauero.” 23-24 orr.

Ipuinak dira edo eleberria? Eztabaida hori betidanik izan da adituen artean eta itxuraz baterako eta besterako arrazoiak dituzte. Ipuin sortaren teoria nahiko zabalduta dago, pertsonaia batzuk errepikatzen doaz liburuan zehar eta erdigunean George Willard, kazetaria, idazlearen alter egoa omen. Nabarmenduko nuke, ipuinek ez dutela ohiko bukaera borobila, ipuin tradizionaletik ihes egiten dutela. Pertsonaien tratamendua berriz, oso berezia da, egunerokotasunetik sortuak dira, erabat arruntak baina aldi berean bereziak eta oso erakargarriak.

Liburu mamitsua solasaldi baterako, gai asko jorratzeko aukera ematen baitu, literatura aldetik, idazkera, euskara, islatzen duen giroa, pertsonaiak, etab. Hasierako Joanes Jauregiren hitzaurreak asko laguntzen du idazlearen eta liburuaren testuingurua ezagutu eta ulertzeko. Aipagarria bestalde, Sherwood Andersonek idatzitako eskaintza:

Liburu hau nire amamaren memoriari eskainia da, Emma Smith Anderson, inguruan zuen guztiez egiten zituen iruzkin zorrotzek piztu baitzidaten besteen bizitzen barrenaldea ikusteko gosea.”

Saio honen ondoren udako atsedenaldia izango dugu eta irailean denboraldi berriari ekingo zaio. Egitaraua eskuragarri egongo da Donostia Kulturako liburutegietan, webgunean, etab.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude