X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Zerria

  • Zerria
  • Patxi Zubizarreta
  • Antton Olariaga, il.
  • Erein, 2022.
  • Bioleta saila ; 15.
  • 88 orr.
  • 978-84-9109-788-4

“Albisteak haginka egin zidan”, liburua horrela hasten da eta istorioak ere halaxe egiten digu irakurtzen hasi orduko. Mendiz inguratutako liburu honek, hozkatu eta amaitu arte, ez zaitu askatzen.

Alpeetan lanean ari dela, Bereket glaziologoak Tsanfleuron glaziarrean agertutako bi gorpuren berri izan du, biak ala biak momifikatuta. Jakin-minak piztuta ikertzen hasten da, hildakoak nortzuk diren eta zergatik dauden Pirinioetako glaziar horretan. Irakurlearengan intriga sortu eta bukaera arte mantentzen du.

Liburu motza, 88 orrialde besterik ez ditu, eta Alpeak, Pirinioak eta Paris lotzen dituzten hiru ataletan dago banatuta. Hainbat gauza nabarmenduko nituzke liburu honetatik: hiztegi aberatsa, pertsonaia ez ohikoak, denboran zehar egindako bidaiak, testuen arteko erreferentzia intertestualak… Patxi Zubizarretak hori guztia oso ondo josi eta garatu du kontakizun honetan. Testu jasoa bada ere, erraz irakurtzen da.

Antton Olariagaren koloretako ilustrazioak ere aipatzekoak dira, collage moduan eraikitako irudiotan istorioan agertzen diren elementu garrantzitsuak nabarmentzen baititu.

Bigarrengoz Lizardi Saria irabazten duen idazlea da Patxi Zubizarreta, lehena 1991. urtean “Matias Ploff-en erabakia” izeneko liburuarekin eta bigarren hau 2021. Ibilbide oparoa duen idazlea da, haur eta gazte literaturak dituen sari nagusienak irabazi dituenak.

13-17 urte arteko gazteentzat bideratutako lanak adin tarte horrentzako baldin bada ere, Erein argitaletxeko editoreak azpimarratu du «guztiontzat» dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude