X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Zoririk ez

Imre Kertész

Zoririk ez
Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea
Elkar, 2003
ISBN: 978-84-9783-060-1

Imre Kertész idazlearen Zoririk ez eleberria izango da mintzagai otsailaren 6an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean) Iñigo Aranbarri solasaldiaren gidatzailearekin egingo den saioan.

Imre Kertész, idazle hungariarra Budapesten jaio zen 1929an judutar familia batean eta Budapesten bertan hilko zen 86 urterekin 1916ko martxoaren 31n. 15 urterekin deportatua izan zen, lehenengo Auschwitzeko kontzentrazio-esparrura eta ondoren Buchenwald eta Zeitzera eramango zuten. Gaztaroko gertaera lazgarri hau bere idazlanetan isladatuko da. 1975ean Zoririk ez argitaratu zuen, ezaugarri autobiografikoak dituen maisulana eta trilogia baten lehen zatia. Aitzitik, liburuak ez zuen harrera handirik izan eta nazioarteko errekonozimendua berandu etorriko zitzaion Kertészi, bereziki 2002an Literaturako Nobel Sariarekin.

Zoririk ez, Kertész idazlearen euskarara itzulia izan den eleberri bakarra dugu oraingoz. Urtzi Urrutikoetxea (Bilbo, 1977) itzultzaileak, Jokin Zaitegi Itzulpen Saria irabazi zuen 2002an eta hari esker argitaratu zen hurrengo urtean. Liburuaren hitzaurrean Urrutikotxeak Kertészen garaiko Hungariaren egoera sozial eta politikoaren hildo nagusiak aipatu eta kontzentrazio-esparruen inguruko kontzeptuak azaltzen ditu.

Eleberriaren hasierako lehen paragrafoa:

Gaur ez naiz eskolara joan. Tira, joan, joan naiz, baina irakasleari irteteko baimen eske soilik. Aitaren gutuna eman diot, “etxeko arazoak” direla-eta irteten uzteko eskatuz. Irakasleak etxeko arazoak zeintzuk diren galdetu dit. Aita lan bortxatuen zerbitzura deitu dutela esan diot eta ez dit oztopo gehiago jarri” 17 orr.

György Köves protagonistari bizitza erabat aldatuko zaio egun batetik bestera. Budapesteko giro lasaian, beste asko bezala judutar izateagatik bat-batean atxilotua izango da eta baldintza oso txarretan non dagoen ez dakiten Auschwitz izeneko lekura iritsiko dira. Mutikoak oso zehatz kontatzen du treneko bidaia eta Auschwitzeko ondorengo egonaldia. Bereziki lehenengo egunetako oroitzapenak geldituko zaizkio gogoan. Handik Buchenwalden eta azkenik Zeitzeko kontzentrazio-esparruetan preso egongo da. Gerra amaitu ostean aske utzi eta Budapestera itzultzen denean arrotza sentituko da, ez baitu inork ulertzen eta berak ere ez ditu bizilagun izandakoak ulertuko. Liburuaren irakurketak hainbat hausnarketa sortzen ditu, besteak beste, gizakion krudelkeria, 15 urteko nerabe baten bizirik irauteko ahaleginak eta atxiloketa amaitzen denean bizitza berri bati ekiteko zailtasunak.

Ez galdu solasaldira joateko aukera, liburua eskuragarri dago liburutegietan eta liburu dendetan, bide batez, hurrengo saioko data eta liburuaren izenburua gogorarazten dizkizuet:

Martxoak 5: Ura saltoka, Juan Kruz Igerabide, Alberdania argitaletxea (2023)

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude