X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

El rebaño

El rebaño, Margarita del Mazo

Irudiak: Guridi

La Fragatina, 2014

36 or.

ISBN: 978-84-94201-95-0

El rebaño liburua bost urtetik gorako haurrentzako album ilustratua da. Artalde baten eginbeharrak gertutik ezagutzeko aukera izango dugu, bertako ardi batek lehen pertsonan istorioa azaltzen duen bitartean. Kontalari hau, zeina artaldeko ardi beltza den, nazkatu egiten da bere eguneroko errutinarekin; ilaran zain egon eta hesia pasatzeko saltoak aspergarri suertatzen zaizkio. Baina eginbehar horiek ez baditu egiten, Miguel-ek gau osoa esna pasa beharko du, lo hartu ezinik.

Kax-kax!

Kax-kax!, Yolanda Arrieta

Irudiak: Maite Rosende

Denonartean, 2022

22 or.

ISBN: 978-84-17940-95-9

Yolanda Arrieta eta Maite Rosenderen Kax-kax! liburuak etxeko ateak irekiko dizkigu, bertako txoko ezberdinetan eta egunerokotasuneko jardueretan ibiltzeko aukera emango digute idazlearen hitzek eta ilustratzailearen irudiek. Autoreak hitz, errima eta igarkizunekin jolasteko duen abilezia irakurtzeko aukera ere izango dugu kontakizunean zehar. Liburuak hamar arte kontatzen duen bitartean, zenbaki bakoitzean etxeko kontakizun bat deskubrituko dugu.

Naian

Naian, Nerea Loiola

Irudiak: Jon Aranguren

Erein, 2022

30 or.

ISBN: 978-84-9109-791-4

Aste honetan Jon Aranguren ilustratzailearen eta Nerea Loiola idazlearen Naian liburua dakarkigu. Haurren pentsamendua, liburuan ikus daitekeen bezala, hankaz gora edo buruz behera jarriko duen album ilustratu honek, desberdintasunen ikuspuntu ezberdinak lantzea du helburu. Naian pertsonaiatik abiatzen da istorioa, ikaskide berria da eta testuaren hitz-jokoen bitartez ezberdintasunei etiketa jartzeko beharren inguruan pentsarazteko tartea zabaltzen digute egileek.

Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan

Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan, Xabier Olaso

Irudiak: Sandra Garayoa

Ikaselkar, 2021

65 or.

ISBN: 978-84-18410-40-6

Gaurkoan dakarkigun liburuan, Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan, garbi antzeman daiteke idazleak, Xabier Olasok, hizkuntzarekin jolasteko duen trebezia. Animalien gaia abiapuntutzat harturik, haurrek denetarik topatu dezakete liburu honetan: aho-korapiloak, kantak, igarkizunak, ipuin laburrak zein poemak. Gainera, testuaren aurkezpena ere modu ezberdinetan topatuko dugu, irakurketa bera jolas bat bilakatzen delarik. Hizkuntzaren jolas horiekin batera, Sandra Garayoa ilustratzailearen irudiak eta tipografia ezberdinak topatuko ditugu liburuan, asmakizunak asmatzeko orduan oso lagungarriak izango direnak.

Zarata Do Maiorrean biolin eta pianorako

Zarata Do Maiorrean biolin eta pianorako, Iban Barrenetxea

Ikaselkar, 2022

ISBN: 978-84-18410-44-4

Gaurkoan dakarkigun liburua Kimu bildumaren barnean argitaratutako azkenekoa da: Zarata Do Maiorrean biolin eta pianorako. Iban Barrenetxeak musika klasikoko saio batera gonbidatzen gaitu eta musikaren hizkuntza erabiliz, umorez beteriko istorioa kontatzen digu. Liburuaren protagonistak bi anai-arreba dira, batak pianoa jotzen du eta besteak biolina. Instrumentuak jotzen dituzten bitartean bien arteko tirabiren ikusle izango gara. Hitzik gabeko album honetan, irakurleek orrialde batetik bestera zer aldatzen den antzeman beharko dute.

Niños desconectados: cómo pueden crecer nuestros hijos sanos y felices en la era digital

Niños desconectados, Elizabeth Kilbey

Edaf, 2018

ISBN: 978-84-414-3843-9

Aste honetan, batik bat guraso zein hezitzaileei zuzendutako Niños desconectados liburua gomendatzen dugu. Elizabeth Kilbey doktoreak, gaur egun heziketan aurkitu dezakegun gako kezkagarrienetako bat lantzen du bertan: teknologia berriek eta gailuen pantailek gizartean eta haurrengan izan dezaketen eragina. Gailu horien inguruko arriskuez ohartarazten gaitu liburuak eta horiei aurre egiteko tresnak edota arlo digitalarekiko harreman osasungarria izateko gakoak ematen dizkigu.

Bukaerarik gabeko ipuinak: guraso eta zaintzaileentzako kontuak

Bukaerarik gabeko ipuinak, Patxi Zabaleta

Garaiko Produkzioa Korporatiboak, 2021

ISBN: 978-84-09-35930-1 (l.o.)

Patxi Zabaletak, euskaltzain eta idazleak, Bukaerarik gabeko ipuinak osatzen duten 24 ipuinak lau liburuxketan jaso ditu, eta bertan, guraso eta zaintzaileentzako kontuak biltzen ditu. Egileak berak asmaturiko ipuinen bidez, haurren irudimena piztea du helburu. Gainera, euskara zabal bat aurkitu dezakegu ipuinetan, xehetasun askorekin eta txoko ezberdinetan erabiltzen diren hitzak irakurriz. Ipuinen oinarrian, animaliak, natura eta herrietako tradizioak aurki ditzakegu.

Hasiera

Hasiera, Paula Carballeira

Irudiak: Sonja Danowski

Pamiela-Kalandraka, 2012

30 or.

ISBN: 978-84-7681-710-0

Gaurkoan Hasiera liburua dakarkigu, Paula Carballeira-k idatzia eta Sonja Danowski-k ilustratua. Liburuan idazlea gerra baten ondorio krudel eta suntsigarrien gainean poesia egiteko gauza da. Gainera, horrekin batera, ilustrazioek errealitatera inoiz ez bezala hurbiltzen gaituzte, errealitate gordina erakutsiz eta bonbardaketen ondoriozko hondamendiaren eszenatokietaraino eramanez. Hala ere, autoreek itxaropenezko mezua dakarkite Hasiera albumarekin.

Arrarik arra

Arrarik arra, Leo Lionni

Pamiela-Kalandraka, 2018

27 or.

ISBN: 978-84-9172-043-0

Aste honetan gomendatzen dugun liburua, Leo Lionni-ren Arrarik arra, bost urtetik gorako haurrei zuzendua dago. Leo Lionniren klasikoetako bat da albuma, bere lehen fabula liburua izanik. Liburuaren protagonista har bat da, zeinak bere argitasuna eta bizkortasuna erabiliko duen hegaztiek irentsi ez dezaten. Kontakizunaren hasieran txantxangorri batekin egingo du topo eta hegaztiaren isatsa neurtuko du irentsia ez izateko. Hortik aurrera, istorioan agertzen diren hainbat txoriren gorputzeko atal ezberdinak neurtzen joango da, irensteko arrisku berri baten aurrean aurkituko den arte.

Del pecho a la palabra

Del pecho a la palabra, Juan Kruz Igerabide

Pantalia Publicaciones, 2020

268 or.

ISBN: 978-84-942456-9-5

Liburu honen idazlea filologo, literato eta irakasle den aldetik, ahozko tradizioaren eta ipuinetako egitura sinbolikoen oinarriak aztertzen ditu. Saiakera honen aintzindaria da Bularretik mintzora: haurra, ahozkotasuna eta literatura (Erein, 1993), non ahozko tradizioaren alorretik aztertzen den haur literatura, batik bat amandre ipuinak. Bere azterlanean ahozko transmisioak duen bizipen psiko-afektiboa eta haurren adimenaren garapenean duen garrantzia aldarrikatzen ditu. Argudio interesgarriez gain, irakurleak pasadizoak, adibideak, poesia asko eta irakurketa oso atsegineko diskurtso baten ahots pertsonala aurkituko ditu. Euskaltzaindiko kideak sari garrantzitsuak irabazi ditu: Euskadi Haur eta Gazte Literatura Saria (1999) eta Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionala (2018).