X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Din dilin dan

Din dilin dan, Pello Añorga

Denonartean, 2022

243 or.

ISBN: 978-84-17940-92-8

Gaurkoan dakarkigun liburua haurrek hizkuntzarekin jolasteko eta errezitatzeko liburua da, izan ere, haur eta helduen artean ahozko komunikazioa sendotzen lagunduko digu. Din dilin dan liburuan ahozko tradiziotik jasotako formulak topatzeaz gain, poesia ezberdinak, jolasak, kantak, formulak etab. aurkituko ditugu. Horiek guztiak une ezberdinetan erabili daitezkeelarik: bazkaltzeko, kilimak egiteko, lo egiteko edota une bereziak ospatzeko.

Badakit baratzea lantzen

Badakit baratzea lantzen, Elena Odriozola

El Embudo, 2022

22 or.

ISBN: 978-84-122475-7-2

Aste honetako gomendioa Elena Odriozolaren Badakit baratzea lantzen da. Liburuaren bidez, etxeko txikienei egunerokotasuneko zein prozesu bateko gertaerak egituratzen lagunduko die, izan ere, liburuak baratze bateko prozesua irudikatzen digu: negua amaitzen denetik fruituaren sorrera eta horren heltzea ikusi arte. Guzti horrekin batera, haurrei landatzeko denboran zehar egin beharreko lanak erakusten dizkie egileak; zulatu, landatu, ureztatu, bai eta lan guzti horren emaitzak zeintzuk diren erakutsi ere.

 

Kixkur. Pinttoren arreba

Kixkur. Pinttoren arreba, Iñigo Astiz

Irudiak: Mikel Valverde

Elkar, 2022

28 or.

ISBN: 978-84-1360-212-7

Gaurko gomendioa bost urtetik gorako haurrentzat dago zuzendua. Iñigo Astiz idazleak eta Mikel Valverde ilustratzaileak Pintto txakur famatuaren arreba, Kixkur, aurkeztuko digute liburu honetan. Pintto, Pintto abestitik abiatuta umorez beteriko kontakizuna deskubrituko dute haurrek. Kixkur txakurraren egunerokoan murgiltzeko aukera emango digu istorioak eta anaia famatu bat izatea zer den jakingo dugu.

El rebaño

El rebaño, Margarita del Mazo

Irudiak: Guridi

La Fragatina, 2014

36 or.

ISBN: 978-84-94201-95-0

El rebaño liburua bost urtetik gorako haurrentzako album ilustratua da. Artalde baten eginbeharrak gertutik ezagutzeko aukera izango dugu, bertako ardi batek lehen pertsonan istorioa azaltzen duen bitartean. Kontalari hau, zeina artaldeko ardi beltza den, nazkatu egiten da bere eguneroko errutinarekin; ilaran zain egon eta hesia pasatzeko saltoak aspergarri suertatzen zaizkio. Baina eginbehar horiek ez baditu egiten, Miguel-ek gau osoa esna pasa beharko du, lo hartu ezinik.

Kax-kax!

Kax-kax!, Yolanda Arrieta

Irudiak: Maite Rosende

Denonartean, 2022

22 or.

ISBN: 978-84-17940-95-9

Yolanda Arrieta eta Maite Rosenderen Kax-kax! liburuak etxeko ateak irekiko dizkigu, bertako txoko ezberdinetan eta egunerokotasuneko jardueretan ibiltzeko aukera emango digute idazlearen hitzek eta ilustratzailearen irudiek. Autoreak hitz, errima eta igarkizunekin jolasteko duen abilezia irakurtzeko aukera ere izango dugu kontakizunean zehar. Liburuak hamar arte kontatzen duen bitartean, zenbaki bakoitzean etxeko kontakizun bat deskubrituko dugu.

Naian

Naian, Nerea Loiola

Irudiak: Jon Aranguren

Erein, 2022

30 or.

ISBN: 978-84-9109-791-4

Aste honetan Jon Aranguren ilustratzailearen eta Nerea Loiola idazlearen Naian liburua dakarkigu. Haurren pentsamendua, liburuan ikus daitekeen bezala, hankaz gora edo buruz behera jarriko duen album ilustratu honek, desberdintasunen ikuspuntu ezberdinak lantzea du helburu. Naian pertsonaiatik abiatzen da istorioa, ikaskide berria da eta testuaren hitz-jokoen bitartez ezberdintasunei etiketa jartzeko beharren inguruan pentsarazteko tartea zabaltzen digute egileek.

Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan

Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan, Xabier Olaso

Irudiak: Sandra Garayoa

Ikaselkar, 2021

65 or.

ISBN: 978-84-18410-40-6

Gaurkoan dakarkigun liburuan, Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan, garbi antzeman daiteke idazleak, Xabier Olasok, hizkuntzarekin jolasteko duen trebezia. Animalien gaia abiapuntutzat harturik, haurrek denetarik topatu dezakete liburu honetan: aho-korapiloak, kantak, igarkizunak, ipuin laburrak zein poemak. Gainera, testuaren aurkezpena ere modu ezberdinetan topatuko dugu, irakurketa bera jolas bat bilakatzen delarik. Hizkuntzaren jolas horiekin batera, Sandra Garayoa ilustratzailearen irudiak eta tipografia ezberdinak topatuko ditugu liburuan, asmakizunak asmatzeko orduan oso lagungarriak izango direnak.

Zarata Do Maiorrean biolin eta pianorako

Zarata Do Maiorrean biolin eta pianorako, Iban Barrenetxea

Ikaselkar, 2022

ISBN: 978-84-18410-44-4

Gaurkoan dakarkigun liburua Kimu bildumaren barnean argitaratutako azkenekoa da: Zarata Do Maiorrean biolin eta pianorako. Iban Barrenetxeak musika klasikoko saio batera gonbidatzen gaitu eta musikaren hizkuntza erabiliz, umorez beteriko istorioa kontatzen digu. Liburuaren protagonistak bi anai-arreba dira, batak pianoa jotzen du eta besteak biolina. Instrumentuak jotzen dituzten bitartean bien arteko tirabiren ikusle izango gara. Hitzik gabeko album honetan, irakurleek orrialde batetik bestera zer aldatzen den antzeman beharko dute.

Niños desconectados: cómo pueden crecer nuestros hijos sanos y felices en la era digital

Niños desconectados, Elizabeth Kilbey

Edaf, 2018

ISBN: 978-84-414-3843-9

Aste honetan, batik bat guraso zein hezitzaileei zuzendutako Niños desconectados liburua gomendatzen dugu. Elizabeth Kilbey doktoreak, gaur egun heziketan aurkitu dezakegun gako kezkagarrienetako bat lantzen du bertan: teknologia berriek eta gailuen pantailek gizartean eta haurrengan izan dezaketen eragina. Gailu horien inguruko arriskuez ohartarazten gaitu liburuak eta horiei aurre egiteko tresnak edota arlo digitalarekiko harreman osasungarria izateko gakoak ematen dizkigu.

Bukaerarik gabeko ipuinak: guraso eta zaintzaileentzako kontuak

Bukaerarik gabeko ipuinak, Patxi Zabaleta

Garaiko Produkzioa Korporatiboak, 2021

ISBN: 978-84-09-35930-1 (l.o.)

Patxi Zabaletak, euskaltzain eta idazleak, Bukaerarik gabeko ipuinak osatzen duten 24 ipuinak lau liburuxketan jaso ditu, eta bertan, guraso eta zaintzaileentzako kontuak biltzen ditu. Egileak berak asmaturiko ipuinen bidez, haurren irudimena piztea du helburu. Gainera, euskara zabal bat aurkitu dezakegu ipuinetan, xehetasun askorekin eta txoko ezberdinetan erabiltzen diren hitzak irakurriz. Ipuinen oinarrian, animaliak, natura eta herrietako tradizioak aurki ditzakegu.