X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Munduko zazpi herrialdetako ipuinak, Joseba Sarrionandia

Munduko zazpi herrialdetako ipuinak

Testua: Joseba Sarrionandia

Irudiak: Pedro Oses

Pamiela, 2008

116 orrialde

ISBN 978-84-7681-573-1

Ekintza Ikastolako LH6 gelako ikasleek Joseba Sarrionandiaren Munduko zazpi herrialdetako ipuinak gomendatu digute.

Oporrak aspaldi amaitu zirenez eta orain ikasgelan egotea tokatzen zaigunez, eman diezaiogun munduari buelta ipuinen bidez! Joan gaitezen Cabo Verdera, Saharako basamortura, Hondarribiara, Ipar polora… Pedro Oses-en margolanek bidaia errazten dute, dudarik gabe.

Cize, Diego Armando, Silvia, Mohamed, Osamu, Marie Jeanne eta Margaret bildu dira, bakoitzak herrialde bateko istorioa kontatzeko. Ipuinek, herrialde desberdinetako ohiturei buruz jakiteko aukera ematen digute, eta elkarren arteko errespetuz, miresmenaz eta begirunez kontatuta daude.

 

Tashi y los fantasmas, Anna eta Barbara Fienberg

Tashi y los fantasmas

Testua: Anna eta Barbara Fienberg

Irudiak: Kim Gamble

SM, 2018

67 orrialde

ISBN 978-84-9107-447-2

Summa Aldapetako LH-2E ikasgelako ikasleek Tashi y los fantasmas liburua gomendatu digute. Bildumako hirugarren ale honetan, Tashik herria mehatxatzen dabiltzan mamuei eta misterio garrantzitsu bat ezkutatu nahian dabiltzan tigre zuriei aurre egin beharko die. Baina hori ez da dena, Tashi beti baitabil saltsa guztietan!

Jessicaren Itzala, Andrew Norriss

Andrew Norriss

Jessicaren Itzala

Desclée de Brouwer, 2017

184 orrialde

ISBN 978-84-330-2940-9

Herri Ametsa Ikastolako DBH 1B taldeko ikasleei Andrew Norriss-en Jessicaren itzala gustatu zaie. Istorio entretenigarria eta interesgarria da: Jessicak ez du sekula Francis bezalako inor ezagutu. Eta ez bakarrik egunero elkarrekin barrez lehertzen direlako, baizik eta bera ikusteko gai den pertsona bakarra delako.

Nerabe atseginak dira pertsonaiak, argi eta garbi mintzo direnak, umoretsuak, azkarrak. Horregatik, eta jorratzen diren gaiengatik, gaztetxoei gustatzen zaien liburua da hauxe.

El cazo de Lorenzo, Isabelle Carrier

 El cazo de Lorenzo

Testua eta irudiak: Isabelle Carrier

Juventud, 2010

31 orrialde

ISBN 978-84-261-3781-4

Ekintza Ikastolako LH2 mailako ikasleei interesgarria iruditu zaie El cazo de Lorenzo. Album ilustratu honek desberdina den mutiko baten egunerokotasuna kontatzen digu: dituen zailtasunak, gaitasunak, oztopoak… Lorenzo izeneko mutikoak bizitza zailtzen dion ontzi bat darama beti zintzilik, eta horregatik hain zuzen, baztertu egiten dute askok. Egun batean, baina, emakume batek ontzi horrekin bizitzen eta bere buruarengan sinesten irakatsiko dio.

Ezbairik gabe, elkartasuna eta enpatia sustatzeko aukera ederra eskaintzen digun liburua.

 

Amabelen boterea, Érica Esmorís

Amabelen boterea
Testua eta irudiak: Érica Esmorís

Sushi books, 2013

168 orrialde

ISBN 978-84-15920-20-5

Harri Berri Oletako ikasleek, LH5 eta LH6. mailakoek, Érica Esmorís idazle galiziarraren Amabelen boterea gomendatu digute.

Amabelen familian, denek dituzte superbotereak: indar izugarria, tximistaren abiadura, inteligentzia mugagabea eta baita ikusezin bihurtzeko gaitasuna ere. Lortuko al du Amabelek bere boterea zein den aurkitzea? Horretarako, abentura xelebreak biziko ditu!

Eta… zein da zure superboterea?

Urrezko giltza, Patxi Zubizarreta

Urrezko giltza

Testua: Patxi Zubizarreta; Irudiak: Jokin Mitxelena

Erein, 2005

175 orrialde

ISBN 84-9746-282-3

Ibai ikastolako LH-4A gelatik Patxi Zubizarretaren Urrezko giltza liburua gomendatu digute. Familia bitxi baten istorioa kontatzen digu liburuak, hamaika ipuin, kanta, poema eta jolas-formulekin.

“Lotxo bat eta lotxo bi, 
ama goxoak ekarri, 
ume guztiei bana eta bina, 
eta zuretzako hamabi”.

Seguru ez zaretela aspertuko!

El caballo mágico de Han Gan, Chen Jiang Hong

El caballo mágico de Han Gan

Testua eta irudiak: Chen Jiang Hong

Corimbo, 2010

37 orrialde

ISBN 9788484703631

Mundaiz ikastetxeko LH-4A gelako ikasleei El caballo mágico de Han Gan gustatu zaie. Marrazteko dohain berezia zuen mutiko baten istorio ederra kontatzen digu liburuak: Han Gan-ek zaldiak marrazten zituen batez ere, eta bere zaldiak benetakoak baino benetakoagoak zirela esaten hasi ziren bere jarraitzaileak.

Liburu berbera gomendatu digute Ibai ikastolako LH-4A eta Orixe ikastolako LH-2A gelako ikasleek ere, hauek euskaraz irakurri dutelarik (Han Gan-en zaldi magikoa)

Pentsatzeko txokoa, Nerea Arrien

Nerea Arrienen Pentsatzeko txokoa liburuak hausnarketarako ateak irekitzen dizkigu.

“Ingeleseko andereñoari ez zaio pentsatzea gustatzen.

Izatez, berentzako zigor bat da.
Gaizkileentzat kartzelak eraikitzen dituzten bezala, gelan txoko bat eraiki du.

Hara bidaltzen gaitu gaizki portatzen garenean.
Pentsatzeko txokora.
Niri, berriz, pentsatzea gustatu egiten zait”.

Aiete ikastetxeko LH-5) eta La Salle ikastetxeko (LH-6B) ikasleen gomendioa izan da.