X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Magia-eskola desioen erreinuan, Michael Ende

Altza Herri ikastetxeko LH-3A gelatik iritsi zitzaigun Michael Enderen Magia-eskola Desioen Erreinuan liburuaren gomendioa. Desioez eta magiaz hitz egiten digun liburua!

“- Eta orain – jarraitu zuen Silber jaunak – desio-indarraren aurreneko eta urrezko arauak zein diren irakatsiko dizuet.

Jaiki eta honela idatzi zuen arbelean: 

1. Zerbait benetan desiratzeko, desiratzen duzun hori posible dela pentsatu behar duzu.

2. Zerbait posible dela pentsatzeko, zerbait horrek zure historiaren parte izan behar du.

3. Benetan desiratzen duzun hori baino ez da zure historiaren parte”.

Eta zuk, zer desio duzu hastera doan ikasturte berrirako?

Iluminaturaleza, Rachel Williams eta Carnovsky

Orixe ikastolako LH-6B gelako ikasleak liluratuta geratu ziren Iluminaturaleza liburuarekin. Eta ez da harritzekoa… ezagutza liburu ikusgarria da-eta.

“Ezagutu ezazu Ama Lurraren ekosistema guztietatik harrigarrienak diren hamarrak biltzen dituen koloretako kaleidoskopio hau. Sar zaitez gaueko iluntasunean, itzalpean bizi diren izakiak ezagutzeko, eta egin jauzi egunaren argitasunera, eguzkiaren energiak goxatzen dituen izakiak ezagutzeko”.

Ezagutu ezkutuan dagoen natura filtro magiko batzuekin!

Lorategi bizia, Peter Brown

Lorategi bizia pertsona batek gauza asko eralda ditzakeela erakusten digun album ilustratua da.

“Egun batean, jakin-min handiko haur batek abandonatutako burdinbide bat esploratzea erabakitzen du. Bertan, hilzorian dauden landare batzuk topatu ondoren, lorezain bihurtu, eta haiek zaintzen hasten da. Poliki-poliki, hiriko biztanleek mutikoaren urratsak jarraituko dituzte eta lorategia mugarik gabe hedatuz joango da hiri osoan zehar, hiri gris eta tristea zena, leku berde eta atsegina bihurtu arte”.

Istorio eder hau Ekintza, Orixe eta Ibai ikastoletako bigarren mailako (LH-2) ikasleek gomendatu ziguten.

Calvin no sabe volar, Jennifer Berne eta Keith Bendis

Ekintza ikastolako LH-2 mailako ikasleek Calvin no sabe volar album ilustratua gomendatu ziguten. Album honek Calvinen istorio ederra kontatzen digu:

“Calvin eta bere hiru anaiak, lau arrebak eta hirurogeita zazpi mila laurehun eta hogeita hamabi lehengusuak ukuilu zahar bateko teilatu-hegalean jaio ziren. Calvin txori guztietako edonor izan zitekeen, baina beste guztiekiko oso desberdina da. Gainontzeko arabazozo guztiek hegan egiten eta airean txilinbueltak egiten berehala ikasten duten bitartean, Calvinek bere mokoa liburu artean sartzen du. Liburutegian askotariko hegaldiekin amets egiten du, eta bere hegoak astinduz joan ezingo lukeen lekuetaraino iristen da. Hain buru-belarri dabil liburu artean, ahaztu egiten dela hegan ikasteko eskoletara joateaz. Hala, neguarekin batera migratzeko unea iristen denean, Calvinek ezin du hegan egin”.

Nola bukatuko ote da istorioa?

Elefante bat hegan, Patxi Zubizarreta eta Aitziber Alonso

Harri Berri Oleta ikastetxeko LH-3 eta LH-4 mailako ikasleek eta Aiete ikastetxeko hirugarren mailakoek (LH-3) Patxi Zubizarretak idatzitako eta Aitziber Alonsok ilustratutako Elefante bat hegan liburua gomendatu ziguten.

“Munduaren historian uholde asko gertatu arren, bakarra izan zen Uholde Unibertsala. Berrogei egunetan izan zen euria, urak lur oso-osoa estali zuen eta Noek itsasontzi miresgarri bat eraiki zuen… Hori jende guztiak daki; baina elefante bakarra salbatu zela, eta arkan Jafet zuela adiskidea, Noeren semea, hori oso jende gutxik daki”. Ez duzu gehiago jakin nahi?”

Hau ez da zoo bat, Alaine Agirre eta Iratxe Lopez de Munain

Aiete ikastetxeko ikasleek, LH–3 eta LH6 mailakoek, Hau ez da zoo bat liburua gomendatu ziguten. Alaine Agirrek idatzi eta Iratxe Lopez de Munainek ilustratutako liburu honek haur literaturako XXXIII. Xabier Lizardi saria irabazi zuen 2014 urtean.

Abenturaz, umorez eta samurtasunez beteriko istorioa da, animaliek ematen duten poza eta, era berean, eskatzen duten ardura erakusten dituena.

“– Txakurrik etxean ez, Malen! – esaten zidan amak.

Gehiago irakurri