X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Surf bilduma berria Okendo Kultur Etxeko Liburutegian

Okendo Kultur Etxeko Liburutegiak surfaren inguruko interesgune berri bat sortu du, liburu eta aldizkari bilduma zabal batekin eta bere generoan bakarrenetakoa.

Urteak pasa dira Okendo Kultur Etxean Surfilmfestival ospatzen hasi zenetik eta orain ekimen hau zabaldu egin da hilero programatuko diren surfa, itsasoa, natura eta bidaiekin lotuta dauden hainbat jardueraz eta liburutegi iraunkorrarekin, bertako liburuak literatura eta kirola gaiak jorratzen dituzte nagusiki. Proiektu honek hemengo eta kanpoko belaunaldi ezberdinetako surflarien arteko harremanak sendotu nahi ditu.

Gehiago irakurri

Cuentitis, Rafael Ordóñez eta Moni Pére

Otsoak eta txano gorritxoak, ogroak eta printzesak, dragoiak eta sirenak… Betiko ipuinen harira barre egiteko aukera eskaintzen digu Cuentitis komiki-liburuak, eta arrakasta izan zuen Irakurle Gazteen artean: Aiete ikastetxeko eta Ibai ikastolako hirugarren (LH-3) mailako ikasleek eta Aitor ikastolako eta Altza Herri ikastetxeko laugarren (LH-4) mailakoek gomendatu ziguten.

Pulp fikzioa, hainbat autore

Altza Herri ikastetxeko eta Intxaurrondo ikastolako hirugarren mailakoek (LH-3) eta Ekintza ikastolako laugarrenekoek (LH-4) Pulp fikzioa komiki-liburua gomendatu ziguten.

Zer pentsatuko luke itsas hondoan hutsik dagoen sardina-kaxa bat edo eskoba hondatu batekin topo egiten duen olagarroak? Zortzi beso dauzka mokadua ahora eramateko baina buru bakarra gizakion ekintzek itsas inguruan duen eraginari buruzko iritzia agertzeko. Garapen iraunkorra, garraio, energia edo arrantza intentsibo hitzek zer esanahi daukate berarentzat? Andres olagarroari mikrofonoa aurrean jarri genion eta bere istorioen berri eman zigun…”.

Gai aproposa udan itsasora gerturatzen garenean kontuan hartzeko.

El colegio más raro del mundo, Pablo Aranda

Intxaurrondo Hegoa ikastola (LH-4), Mundaiz ikastetxea (LH-4A) eta Ibai ikastolako (LH-6B) ikasleei mundiala iruditu zaie Pablo Arandaren El colegio más raro del mundo liburua.

Federen eskola munduko eskolarik arraroena da. Hasteko, TELE du izena: Tecno Escuela de Lenguas Extranjeras. Baina izenagatik baino bereziagoa da dituzten arauengatik; esaterako: ikasle bat eskolatik ateratzen denean, lehenengo iritsi den gurasoarekin joan behar izaten du guraso horren etxera, eta guraso horrek bere seme-alaba balitz bezala zaindu behar izaten du hurrengo egunean eskolara itzultzen duen bitartean…”.

Udan irakurtzeko liburu umoretsua!

Aitatxo konektatuta dago, Philippe de Kemmeter

Aiete ikastetxeko eta Jakintza ikastolako LH-1 mailako ikasleek Aitatxo konektatuta dago album ilustratua gomendatu ziguten.

Pinguino bat ikusten baduzu beti ordenagailuari begira, ez ikaratu: nire aitatxo da. Izan ere, oso aitatxo birtuala da…”.

Teknologia berriek familia-bizitzan duten eraginari buruz hausnarrarazten digu liburu honek, umorea eta maitasuna baliatuz.

Hilda y el trol, Luke Pearson

Jakintza, Ibai eta Orixe ikastolako LH-4 mailako ikasleen artean arrakasta izan zuen Luke Pearsonen Hilda y el trol komiki-liburuak.

Hilda abenturaz eta irudimenaz beteriko mundu batean bizi da. Ezagutu nahi?

Nobio bat nire amarentzat, Castillo Suarez

Castillo Suarez idazlearen Nobio bat nire amarentzat liburua gomendatu ziguten Altza Herri ikastetxeko LH-4 mailako ikasleek.

Jagoba botika baten gainean bizi da, amarekin; ama botikaria da-eta. Baina Jagobaren ustez amak arazo bat du: ez dauka nobiorik. Hortaz, amarentzako nobio bila hasiko da mutikoa han-hemen: bere lagun Edortaren aita? Igerilekuko soroslea? Botiken garraiolaria? Azkenean iragarki bat ipiniko du Internet-en, eta hortik aurrera etorriko dira ustekabekoak”.