X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Klarion gorria, Iris Van Der Heide eta Marije Tolman

Santo Tomas ikastolako LH-3 mailako ikasleek Klarion gorria (Iris Van Der Heide eta Marije Tolman) gomendatu digute.

Sarak klarion gorri bat aurkitu du lurrean, eta marrazki bat egiten hasi da, baina ez zaio espero zuen bezain polita atera…”. Istorioa nola amaitzen den jakin nahi duzu?

Newton: La gravedad, Jordi Bayarri

Altza Herri ikastolako LH-4B gelakoek Jordi Bayarriren Newton: La gravedad komiki-liburu didaktikoa gomendatu digute.

Isaac Newton gauza guztiek nola funtzionatzen zuten jakin nahi zuen haur geldiezina zen. Cambridgen ikasi zuen garaian, unibertsoaren mekanika ezagutzeko esperimentu pila bat egin zituen, eta aztergai nagusi izan zituen ura, matematikak, kimika eta mugimendua. Berari zor diogu, gainera, grabitatearen teoria. Komiki-liburu hezitzaile honek ikertzaile gisa egin zituen aurkikuntzen berri ematen digu.

Magia trukurik onena, Hans Geel

Aitor ikastolako LH-5B gelako eta Harri Berri Oleta ikastolako 3. zikloko ikasleek magia kontuak ikasi dituzte Hans Geel-en Magia trukurik onenak liburuarekin. Bertan benetako magoek egiten dituzten truko pila bat kontatzen dira. Artxila murtxila...

Las princesas también se tiran pedos, Ilan Brenman

La Salle ikastolako LH-1B gelatik Las princesas también se tiran pedos, Ilan Brenman-en eta Ionit Zilberman-en liburua gomendatu digute.

Ikastolan Errauskineri buruzko eztabaida luze baten ostean, Laurari zalantza garrantzitsu bat sortu zaio, Marcelok aitortu baitie Errauskine ospetsu eta lirainak puzker pila bat botatzen zituela. Eskerrak Lauraren aitari asko gustatzen zaion irakurtzea eta printzesei buruzko liburu sekretu bat daukan. Liburu horretan aurkituko ditu Laurak dituen galdera guztien erantzunak.

Puzkertin, Xabier Mendiguren

Jakintza ikastolako LH-3A gelako ikasleei dibertigarria iruditu zaie Puzkertin, Xabier Mendigurenen eta Eider Eibarren liburua, non umorez eta fantasiaz beteriko abentura bat kontatzen den:

Peru eta Marixe bikote maitemindu bat da. Peruk, gauetan, puzker galantak botatzen ditu ohean. Marixe, hotzak egoten denez, galtzerdi eta guzti sartzen da ohean, eta ohe barruan kentzen ditu. Gau batean, Peruren puzker bat Marixeren galtzetin baten barruan sartu, eta elkartze horretatik izaki harrigarri bat sortzen da: Puzkertin.

 

Ahora me llamo Luisa, Jessica Walton

Ekintza ikastolako LH-2 mailako eta Ibai ikastolako LH-1B taldeko ikasleek Ahora me llamo Luisa (Jessica Walton-en liburua) gomendatu digute, transexualitateaz eta laguntasunaz hitz egiten digun album ilustratua.

Martin eta bere hartzatxoa, Luis, egunero dabiltza jolasean. Batzuetan Ada ere elkartzen zaie. Egun batean Martinek oso triste sumatzen du Luis, eta zer duen galdetzen dionean, Luisek esaten dio gehiago gustatzen zaiola Luisa izena, txikitatik neska sentitu delako, eta ez mutila. Norberak bakarrik daki neska ala mutila den, eta horrelako egoeretan ere garrantzitsuena laguntasuna da, lagunen babesa eta maitasuna baduzula sentitzea.

Jazz naiz, Jessica Herthel

Orixe ikastolako LH-1A gelakoek Jazz naiz (Jessica Herthel-en) liburua gomendatu digute.

Jazz-ek beti jakin zuen ez zela bere adineko neska-mutilak bezalakoa. Bi urteko ume txikia zenetik sentimendu indartsu batez jabetu zen: bera neska zela eta bere ingurukoek onartu egin behar zutela, jaiotzean mutiltzat hartu bazuten ere, zakila zuelako. Arrosa kolorea eta sirenaz mozorrotzea gustukoa zuen, eta mutilen arroparekin, berriz, ez zen eroso sentitzen. Egoera horren aurrean, familiak ez zekien nola jokatu, baina elkarri lagunduz Jazz transexuala zela ulertu zuten.

Jazz-en istorioa egiazko esperientzia da eta azken aldian horrelako hainbat kasu ezagutu ditugu gure inguruan ere.

Fabulosos escarabajos, Sue Unstead eta Gill Tomblin

Fabulosos escarabajos (Sue Unstead, Gill Tomblin) gomendatu digute Orixe ikastolako LH-4B gelako ikasleek. Ikaragarri intsektu pila daude Lurra planetan, izaki ugarienak dira. Kakalardoen artean bakarrik, 300.000 espezie desberdin daude, mota eta neurri desberdinetakoak: batzuk ikusezinak dira gizakiontzat eta beste batzuek, aldiz, 15 cm inguru neur dezakete. Kakalardoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, liburu hau interesatuko zaizu.