X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Ahora me llamo Luisa, Jessica Walton

Ekintza ikastolako LH-2 mailako eta Ibai ikastolako LH-1B taldeko ikasleek Ahora me llamo Luisa (Jessica Walton-en liburua) gomendatu digute, transexualitateaz eta laguntasunaz hitz egiten digun album ilustratua.

Martin eta bere hartzatxoa, Luis, egunero dabiltza jolasean. Batzuetan Ada ere elkartzen zaie. Egun batean Martinek oso triste sumatzen du Luis, eta zer duen galdetzen dionean, Luisek esaten dio gehiago gustatzen zaiola Luisa izena, txikitatik neska sentitu delako, eta ez mutila. Norberak bakarrik daki neska ala mutila den, eta horrelako egoeretan ere garrantzitsuena laguntasuna da, lagunen babesa eta maitasuna baduzula sentitzea.

Jazz naiz, Jessica Herthel

Orixe ikastolako LH-1A gelakoek Jazz naiz (Jessica Herthel-en) liburua gomendatu digute.

Jazz-ek beti jakin zuen ez zela bere adineko neska-mutilak bezalakoa. Bi urteko ume txikia zenetik sentimendu indartsu batez jabetu zen: bera neska zela eta bere ingurukoek onartu egin behar zutela, jaiotzean mutiltzat hartu bazuten ere, zakila zuelako. Arrosa kolorea eta sirenaz mozorrotzea gustukoa zuen, eta mutilen arroparekin, berriz, ez zen eroso sentitzen. Egoera horren aurrean, familiak ez zekien nola jokatu, baina elkarri lagunduz Jazz transexuala zela ulertu zuten.

Jazz-en istorioa egiazko esperientzia da eta azken aldian horrelako hainbat kasu ezagutu ditugu gure inguruan ere.

Fabulosos escarabajos, Sue Unstead eta Gill Tomblin

Fabulosos escarabajos (Sue Unstead, Gill Tomblin) gomendatu digute Orixe ikastolako LH-4B gelako ikasleek. Ikaragarri intsektu pila daude Lurra planetan, izaki ugarienak dira. Kakalardoen artean bakarrik, 300.000 espezie desberdin daude, mota eta neurri desberdinetakoak: batzuk ikusezinak dira gizakiontzat eta beste batzuek, aldiz, 15 cm inguru neur dezakete. Kakalardoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, liburu hau interesatuko zaizu.

Animalien zergatia eta Erlauntza

Orixe ikastolako LH-1B gelakoek Animalien zergatia (Consuelo Delgado, Teresa Novoa) gomendatu digute eta Herri Ametsa ikastolako LH-4A gelakoek Erlauntza (Pascale Hédelin, Sophie Lebot).

Bi ezagutza-liburu hauetan animaliei buruzko informazioa jasotzen da: Zergatik egiten ote dute negar krokodiloek? Zergatik distiratzen dute hainbeste katuen begiek? Zergatik ibiltzen dira pinguinoak era xelebre horretan? Nolakoak dira erlauntzak? Zer funtzio betetzen dute erreginak edo erle langileek? Nola biltzen dute eztia?

Galdera horien eta gehiagoren erantzunak aurkituko dituzu bi liburu hauetan.

Eskerrik asko!, Charo Pita

Gaur, Haur Liburuaren Nazioarteko egunean gomendatzeko liburu eder bat Charo Pitaren Eskerrik asko! da.

Liburu honetan, Enara izeneko biloba batek galderak egiten dizkio amonari: “Itsasoa zergatik gelditzen da hondarretan eta zergatik ez du herri osoa irensten urezko ahoarekin? Zerk eusten dio ilargiari zerutik erori gabe? Nork margotzen ditu hodeiak?” Amonak ez dauzka erantzunak, baina irakasten dio batzuetan nahikoa izaten dela gauza guztiak jakin, ulertu eta aztertu beharrean, gauza horiek gozatzea, sentitzea eta batez ere, eskertzea.

Orduan, zimurrez marraztuta zegoen eskutik heldu zion Enarak amonari, eta hauxe xuxurlatu zion belarrira: Eskerrik asko, amona!”.

Gomendio hau Intxaurrondo ikastolako LH2 mailako ikasleena da eta ikaragarri gustatu zaigu. Eskerrik asko!

Ipuinak Andersen, Gustavo Mazali

Gaur, apirilak 2, Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, egun honetan jaio zelarik, 1805. urtean, haur literaturako idazlerik ospetsuenetako bat: Hans Christian Andersen.

1967. urtetik geroztik ospatzen da Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna, munduan zehar, haur eta gazteentzako kalitatezko liburuak bultzatzeko, eta gazteen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzeko helburuarekin.

Eta hain justu, Intxaurrondo ikastolako LH2 mailako ikasleei asko gustatu zaizkie Gustavo Mazalik Ipuinak Andersen liburuan bildutako ipuinak: Enperadorearen jantzi berria, Ahatetxo itsusia, Urretxindorra, Sirenatxoa, Berunezko soldadu ausarta eta Mari Titare.

Aspaldikoak izan arren, oraindik ere gustura irakurtzen diren istorioak, ezbairik gabe.

Los busca pistas, Teresa Blanch

Intxaurrondo Hegoa ikastolako LH-3 mailako ikasleei Teresa Blanch-en Los busca pistas bilduma gustatu zaie. 8 liburuk osatzen dute gaztelaniaz argitaratuta dagoen detektibe-bilduma hau. Liburu hauetan Maxi Casos eta Pepa Pistas lagunek hainbat kasu misteriotsu argitzeko abenturak kontatzen dizkigute.

Eta zer? bilduma

Eta zer? bildumaEta zer axola zaie besteei nireak?

Ezberdina izateko eskubidea aldarrikatu nahi duten liburuek osatzen dute, hain zuzen ere, Eta zer? bilduma, haurtzaroan ezberdinak izan daitezkeen umeei egiten zaizkien burlak eta barreak argumentu gisa hartuta.

29 liburuk osatzen duten bilduma da eta oso harrera ona izan dute liburu hauek irakurle gazteen artean. Zehazki, ikastetxe hauetatik gomendatu dizkigute bilduma osatzen duten liburuak: Herri Ametsa ikastolako LH-4B, Orixe ikastolako LH-4A, Ekintza ikastolako LH-4, Jakintza ikastolako LH-3B eta Ibai ikastolako LH-3B mailetako ikasleek.

Un mundo sin palabras, Bianca Estela Sánchez

Intxaurrondo Hegoa ikastolako LH-4. mailako ikasleei Bianca Estela Sánchez-en Un mundo sin palabras poesia‑liburua gustatu zaie:

 "Esta historia tan extraña
 repleta de seres mágicos
 y que se parece a un sueño
 que alguien soñó que ha soñado". 

Eta aipamena egin nahi izan diogu, istorio fantastiko eta harrigarri baten bidez gaztetxoak poesiara hurbiltzeko aukera polita eskaintzen duelako, modu erraz eta atsegin batean.