01

Ots / 2017

Kapitainaren liburuak-Bernardo Atxagaren liburutegia

Autorea: arantza

Los reinos de papel, bibliotecas de escritores

Jesus Marchamalo egileak “Los reinos de papel” izeneko bere liburuan hautatu dituen idazleen liburutegien artean, Bernardo Atxaga idazlearen liburutegia nabarmendu nahiko nuke. Euskal idazleen liburutegiez aritzen diren liburuak oso urriak dira eta, ondorioz, atsegin handiz irakurri nituen bere liburutegiari buruzko lau orrialdeak. Eta, halaber, zuri-beltzeko zazpi argazki daude; egilearena bat, liburutegiarenak beste guztiak.

Jesus Marchamaloren liburuaren jatorria ABC egunkariko kultura osagarrian 2007ko amaieran argitaratu zituen artikuluen bilketa bat da. Aipatu artikuluak egile liburutegiak epigrafearekin argitaratu ziren. Egile liburutegi horiei esker, Jesus Marchamalok bidaiatu eta idazle askoren liburutegiak ezagutu eta bisitatzeko aukera izan zuen .Idazle guztiek beren etxetako, beren intimitatearen ateak ireki zizkioten.

2013ko erdialdera, Miguel Delibes Fundazioarekin batera lanean hasi eta idazleen liburutegiak biltzen jarraitu zuen egileak.

Ondoko idazleen liburutegiak aurkituko dituzue “Los reinos de papel” liburuan:Julio Llamazares, Ignacio Martinez de Pisón, Manuel Vicent,  Elvira Lindo, Félix de Azúa, Ángeles Caso, Antonio Colinas, David Trueba, Javier Gomá, Luis Antonio de Villena, Marta Sanz, Manuel Longares, Vicente Molina Foix, Luis Garcia Montero, Lorenzo Silva, Rosa Montero,  J.J. Armas Marcelo eta Miguel Delibes.

Egileak dioenez, Marguerite Yourcenar zenak pertsona bat ezagutzeko erarik onena bere liburuak ezagutzea zela esan zuen. Idazleen kasuan, beren liburuak ezagutzea egile horien literatura-unibertsoetara gerturatzea izan daiteke.

 Zer dio Bernardo Atxagaren liburutegiak bere pertsonari eta bere literatura-unibertsoari buruz? Ontzi-kapitaina al da Bernardo Atxaga?

Gure egile ezagunenari eskaini zaion kapituluaren izenburua ondokoa da: “Los libros del capitán” [Kapitainaren liburuak].Gudu, irakurketa eta bidai frankotan zailduriko kapitain Bernardo Atxagaren liburutegia bere etxeko ganbaran dago.Liburutegiaren zati bat antolatua dago dagoeneko; beste zatia, bidean.“Liburutegia antolatzen duzun bitartean, nolabait, zeure burua antolatzen duzu ere”. Atxagak “Bere liburutegia bilduma bat bilakatzeko, liburuak biltzeko gogo argia dauka; ez liburu garestiak, berak gustuko dituenak baizik”.

Liburutegiak muga leuneko kode bat jarraitzen du. Olerkariak alde batean -Juan Ramón, Cernuda, Sylvia Plath-; fikzioa bestean eta entsegua, beste kontinentea, hirugarren batean .Marchamalok dioenez Bernardoren aitaginarreba Andonik ordena alfabetikoa erabiltzen du eta, halaber, Atxagak liburuak bere nahierara pilatzean sortzen duen kaosa antolatzen du.

Atxagaren liburutegian nerabezaroan irakurritako liburuak aurki daitezke ere: Heinrich Böll, Herman Hesse, Günter Grass, Tolstoi, Chejov, Dostoievski eta, bereziki, azal fuksia eta izenburua zuri-beltzean duen eta bizitza betirako aldatu zion liburua: Bertold Brechten “Poemas y canciones”. Liburua irakurri ostean, Bartzelonara joan zen filosofia ikastera.

Atxagaren liburutegian ezinbestekoa da, noski, euskal liburuen atala, “sorpresarik gabea eta ugaria”. Sabai-leihotik gertu dauden bi apalategi-gorputz hartzen ditu eta horien buru, Gabriel Aresti irribarretsu baten argazkia dago. Arestik idazteko eta idatzitako hori argitaratzeko adorea eman zion.Berari esker hasi nintzen argitaratzen eta, ondorioz, estimu handitan daukat”.

Idazle bakoitzak hiru liburu hautatu behar zituen. Egilea markatu duen literatura unibertsaleko liburu bat, egile beraren beste bat eta, azkenik, Miguel Delibesen Fundazioaren enkargua denez liburua, egile horren liburu bat.

Atxagak aukeratu duen literatura unibertsaleko liburua Bertold Brechten “Poemas y canciones” da. Bere liburua, Nevadako egunak.Eta Delibesen liburua, “Viejas historias de Castilla la Vieja”.

Urte honetako nire lehen postak liburutegiak, zenbakiak, errendimendua, maileguen kopurua, egindako jarduerak eta antzekoak jorratu behar zituen. Balantzea egiteko, liburutegi-sarearen aro berriaz hitz egiteko unea zen baina “Los reinos de papel”-ekin topo egin dut eta aipatuan murgildu eta liburuarekin amets egitea nahiago izan dut.

“Baketsua izaten jarraitzen duen etxeko toki bakarra liburuak dira”, Julio Cortázar.

Bernardo Atxagaren Literatur unibertsoa ezagutzeko “Muskerraren bidea” Asteasun egiten den ibilbide literarioa gomendatzen dizuet. Nik egin nuen eta izugarri gustatu zitzaidan. Argazkiak lekuko dira.

Muskerraren bidea1 Muskerraren bidea2 Muskerraren bidea3 Muskerraren bidea4

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>