28

Uzt / 2015

Kontuz kolono digitalekin

Autorea:

Elogio del papelRoberto Casatik “ Goratzarrea paperari izenburua, eta ” Kolonialismo digitalaren
kontra” azpititulua duen liburua idatzi du.

Roberto Casati filosofo eta pentsalaria da eta Pariseko CNRSaren zuzendaria da ( Centre National de la Recherche Scientifique). Bere currículuma ezagututa, entzun eta kontuan hartzeko iritziak ematen dituela esango nuke, nahiz eta kolono digitalek, betiko moduan, zaharkituriko eta jaitotzez analogiko den pertsona baten iritziak direla sinerarazi nahi.

Casatik, liburuan, gizarte digitalean sortzen diren arazo asko aztertzen ditu; eta guztiak garrantzitsuak dira.

Liburuaren sarreran, Casatik zenbait auzi azaleratzen ditu. Horietako lehenengoa da: irakurketa paperean ala pantailan?. Hitzez hitz berak dioena idatziko dut: “ Banaketa kate erraldoiek ( Apple, Amazon, Google…) hiperadimentsuak eta nekaezinak diren robot hordak dituzte. Haiek guk eta beste guztiek irakurtzen duguna irakurtzen dute eta zer irakurri aholkatzen digute; gure etxe eta eskolatan sartzen dira, dena kolonializatuz; ohiko ditugun ordenagailuen itxura dute, baina bene-benetan, zer dira? Bada, megastoreen erakuslehio erraldoiak erosle konpultsiboen bila.

Aurkezten digun bigarren auzia da kolonialismo digitalari buruzkoa. Liburutegien munduan dagoeneko ohikoa da “jaiotzez digitala” términoa erabiltzea.  Marc Prenskyk sortutako kontzeptua da.

Baina, nik neuk behintzat, ez nuen orain arte aurkitu kolononialismo digitalari buruz hain argi aritzen zen libururik. Ezagutzen nuen, bai, baita irakurri ere, Jaron Lainerren ” Artalde digitala”, eta erosi berri dut bere azken liburua “ Norenpean dago munduaren kontrola? Baina, Lainer Silicon Valey-ko ernegaritzat dute gehienek.
 Zein dira kolono digitalak?

Kolonialismo digitala printzipio xume batean oinarritzen den ideologia da: Egiterik baduzu, egin behar duzu”. Hau da, edozein jarduerak eremu digitalera migratzerik badu, migratu behar du. Kolono digitalek eskura dituzten baliabide guztiak erabiliko dituzte gure bizitzako arlo guztiak digitalizatzeko: aisia, irakurketa, hezkuntza, aholkularitza, planifikazioa, komunikazioa, eraikuntza, medikuntza… Guztiak digitala izan behar du haientzat.

Eta, haiei aurre egiten dieten guztiak,” ludista”  kategorian sailkatzen dituzte. Makinen suntsitzailetzat hartzen dituzte; dagokien garaian bizitzen ez dakitela diote. Kolono digitalek ez dute eztabaida edo debatea ere onartzen.

Casatik mundu digitalera migratzea derrigorrezkoa ez dela baieztatzeari egiten dio. Ez da nahikoa, adibidez, liburu digitalek funtzionatzen dutela frogatzeak, eremu guztietan
eta euskarri unibertsal bezala, irakurketarako eta eskolarako liburu elektronikoa inposatzea. Kolono digital ez izateak ez du ekartzen digitalizazioaren kontra  egotea. Ez horixe, erabat absurdoa litzateke; elektrizitatearen aurka egotea bezalaxe. Autoreak oso argi adierazten du hori: ez dio alergiarik digitalizazioari. Berak, hain zuzen, teknologia berriak erabiliz ibilbide akademikoak diseinatzen ditu. Baina, uste du kasuan kasuko aztertu behar dela migrazioa egiteko ala ez egiteko.

Adibidez, argazkigintza liberatu da eta ikus-oharrak hartzeko baliabide bat bihurtu da. Baina, bozka elektronikoak, aldiz, giza kontrol arriskua dakar; ondorioz, debekatu beharko litzateke?

Beste adibide batzuk ere ematen ditu. Geolokalizazioak aukera handiak ematen ditu, baina, era berean, arriskuak dakartza norbanakoaren ziurtasunerako. Izan al daiteke agresio politiko edo komertziala ere?

Tekonologia berriak onuragarriak direla hezkuntzan ez dago frogatua. Ikerketa sakonak  egingabe daude. Eskolan erresistentzia pixka bat egitea komeni dela dio Roberto Casatik.
2015eko maiatzaren 31ko Semanalean aurkitu nuen bitxikeria bat: ” Algoritmoaren tirania” . Artikulu horretan hiru pertsonaia ospetsuk mundu digitala kritikatzen dute. Lehenago aipatu dudan Jaron Lainer da horietako bat, eta besteak dira: europar politikaria den Margrethe Vestager, eta David Eggers idazlea. Vestager Googlen kontra aritzen da, eta Eggers-ek pribatutasuna galtzeko arriskua gogorarazten digu. bere nobelan.

Liburuzainek ezagutarazi behar ditugu gizarte digitalaren ahots kritikoak.  Interneteko handiek (Google, Amazon, Silicon Valley…) agindu ziguten Arkadia zoriontsua izango zela  gizarte digitala. Errealitatean horren ordez kontrola, desberdintasuna eta langabezia ekartzen ari baita, maiz, mundu digital horrek. Horri aurre egiteko, eusteko, irakurtzea beharrezkoa da, asko irakurtzea ; baita entzutea ere.

30

Mar / 2015

Euskal digitalizazio bibliografikoaz, taifen erreinuak?

Autorea:

Euskal Digitalizazioa -Jakin Aldizkariariajakin 160Jakin 172 Jakin 1852014ko azaroa-abenduaren Jakin aldizkariko 205.zenbakian, hiru gai interesgarri lantzen dira: euskal kultura, euskal liburugintza eta digitalizazioa Euskadin.

Euskal kulturaz, Harkaitz Cano, Danele Sarriugarte, Iñigo Astiz,Nora Arbelbide, Alberto Barandiarán, Garazi
Arrula Ruiz, Antton Iturbe, Haizea Barcenilla, Koldo Almandoz eta Iñaki Etxeleku aritzen dira.

2013ko euskal liburugintzaz, urtero bezala Joan Mari Torrealdaik hitz egiten du. Urte horretan euskaraz argitaratutako lan guztiak jasotzen ditu, eta sektorearen joerak aztertu. Iturri moduan deposito legalaren bitartez bildutako liburu guztiak darabiltza.

Gai horietaz gain, 205. zenbaki horrek Gerardo Luzuriagaren eta Roberto Kerexetaren azkenengo artikulua dakar: Digitalizazioa Euskadin 2011-2013 bitartean . Gaur egun liburutegien munduan biziki egunekoa dugun gaia da. Digitalizazio proiektuak 2007.urtetik aurrera jasotzen dituzte Jakin aldizkarian, lehenengo artikulua 160.zenbakian agertzen da. Hurrengoa, 2009an, 172.zenbakian, eta 2011n 185.zenbakian.

Artikulu hori paperean azkena izango da, hemendik aurrera era digitalean baino ez da argitaratuko,
aldizkariaren webaren “Liburuaren behatokia” izeneko atalean.

Digitalizazioaren abantailak onartzen baditut ere: eguneratze azkarra, kontsultatzeko erraztasuna…, nolabaiteko pena ematen dit jakiteak hemendik aurrera artikulua digitalean azalduko dela bakarrik. Analogikoa naizela beti onartu dut eta Bernardo Atxagak dixit: ” Ez dezagun gutxietsi ukimena”, paperak oraindik zer eman handia du.

Zer gara ikustekoak?

Egileek diotenez, digitalizatzen jarraitzen bada ere, murrizketek izugarri moteldu dute proiektu askoren abiatzea. Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi du liburutegien digitalizazio proiektuentzako urteroko
dirulaguntza; artxibategienak, aldiz, aurrera darrai.

Bestalde, azpimarratzen dute, formatu guztiak bateratu eta planifikatuko lukeen “Liburutegi Nazionalarenfalta, Europeanan agertuko litzatekeen bakarra. Euskal digitalizazioan buruzagitza bakar baten hutsunea
sumatzen dute eta bat nator beraiekin.

Zein formatotan digitalizatu behar da? Zein bilduma digitalizatu behar ditugu? Zenbat liburutegi digitalera jo behar du erabiltzaileak? Nork gorde behar du digitalizatutakoa? Liburutegi digital horiek guztiak mantendu behar
ditugu? Galdera ugari ditugu gai honen inguruan.

Eusko Jaurlaritzak “ Liburuklik Euskal liburutegi digitala” izena jarri zion bere liburutegi digitalari; Liburuklik weba 2011n abian jarri zen. Baina, ordurako beste zenbait liburutegik abiatua zuen beraien bidea:, Donostiako Koldo Mitxelenak,  Antxo Jakituna Fundazioak, Bizkaiako Foru liburutegiak, eta gure Donostiako Udal liburutegi Sareak, besteak beste. Gure proiektua 2003an abiatu zen hiriko egunkari bildumak digitalizatuz.

Ondorioz, beste behin ere, ikertzaileek web bat baino gehiago kontsultatu beharko du euskal fondoak aztertzeko. Berriro ere Europeanan zenbait dira euskal erakundeak, eta ez bakarra eta batua.

Egileek azpimarratzen duten beste zerbait da, tekonologia informatikoari planifikazioari baino garrantzi handiagoa ematen zaiela proiektu hauetan. Eusko Jaurlaritzak oso proiektu interesgarri eta beharrezko abiatu ditu, adibidez, Ondarenet: euskal weba biltzeko asmoa. Abiatu berria dute ere e-book mailegu plataforma berria.

Digitalizazioaz ari garenean, ez ahaztu dirutzaz ari garela.

Kezkagarria ere egileentzat digitalizatutakoaren iraupena. Badira urteak liburutegi handiak digitalizatzen hasi zirenetik, Eusko Jaurlaritzak 2011n Liburuklik martxan jarri baino lehenagotik. Badaude, dagoeneko, digitalizazioaren argotek dioen bezala, freskatu, berritu behar diren orrialdeak. Ba al dago horretarako dirurik? Eusko Jaurlaritzak beregain hartuko al du ardura hori? Ez dago euskal deposito digitalik, eta esan dezakegu web asko galduko ditugula, gorde ez ditugun testu ugari dago, eta ez dira gordeko inoiz. Hori guztia gure memoriaren atal bat da.

Artikulu egileek adierazten dute ere haien kezka administrazio elektronikoa eta e-book-ak direla eta.  Dagoeneko e-bookak mailegatzen hasi dira on-line irakurketa publikoko sareko liburutegiak, baina ez gara jabeak, bitartekariak baizik.  Esan behar da arrakasta handia izan duela proiektuak. Dena den jabe izatetik pasa gara erabiltzaile izatera eta hori desabantaila da.

Pirateriaz ere aritzen dira, baita DRMei eta Amazonen kultur kolonizazioaz;  eus.domeinua eta autoedizioa ere aipatzen dituzte.

Arreta handiz jarraitu dut Euskadiko digitalizazioari buruzko ikuspegi hau, merito handikoa baita: beharrezkoa, kritikoa, osoa eta sakona.

Aurtengo egitasmo berrien atalean jakin dut Amazonek lekua egin diela euskaraz idatziriko liburuei. Belokeko Monastegiak Interneten jarri dituela 12.000 orduko grabaketak . Grabazio horietan, bertso saiok, Matalaz pastorala…eta Euskal Wikipediarako artikuluak sortzen dituen robota “ bot” izenekoa dagoela, halaber, Rudolf Trebitsch (1906-1913) austriarraren diska bilduman zein garrantzia duen euskal musikak. Kopiak Azkue liburutegian daude.. Egileei ez die ihes egiten inolako proiekturik, handia, zein txikia.

Bukatzeko, animatu nahi ditut egileak eta Jakin aldizkaria beraien lanarekin jarrai dezaten. Bakarrik euskaraz aritzen direlarik, zabalkuntza  txikia da, eta erraza daiteke desanimatzea.