26

Ots / 2018

Gutxiago irakurtzen dugu aro digitalean? Beste modu batean irakurtzen dugu?

Autorea:

Reading in a digital age

Aurkezten dizuedan “Reading in a digital age txostenean, irakurketaren analisi bat egiten da aro digitalean. Inork ezin du ukatu zeharo aldatu dela irakurketa. Duela hogei urte besterik ez, formatu inprimatuak bakarrik irakurtzen genuen: liburuak, egunkariak, aldizkariak, txosten akademikoak, testuliburuak, unibertsitateko eskuliburuak.

Gaur egun, irakurketaren eremuak izugarri ugaritu dira. Web orriak, blogak, tweetak, posta elektronikoko mezuak, facebookeko mezuak eta liburu elektronikoak irakurtzen ditugu. Barry W. Cull liburuzain kanadarrak adierazi bezala “Testuek gainezka egiten duten mundu bat da Internet. Alfabetizazio maila oso handia duen gizarte batean gerta liteke hori.”

Lehen begiratuan, egoera hobezina antza, liburuetara heltzea inoiz baino errazagoa den gizarte batean bizi baikara. Oso zabalduta daude doako liburutegi digitalak; liburu elektronikoen mailegu-plataformak doan ditugu eta nahiko ondo hornituta daude liburutegi presentzialak. Horrek eraman gaitzake pentsatzera aro digitalean dena direla irabaziak, dena direla abantailak.

Eta, hala eta guztiz ere, hor dabil adituen, liburuzainen, liburu-saltzaileen eta irakurleen artean irakurketa digitalaren inguruko eztabaida. Gutxiago irakurtzen dugu? Sakontasunetan sartu gabe irakurtzen dugu? Pisa Euskadiren azkeneko txostenak adierazitako emaitza oso txarra izan da, eta kontuan hartu beharrekoa ere haurrek bi urte dituztenean gehitzen direla tabletak eta ordenagailuak gure ikasgeletan. Hala, zer ari da gertatzen irakurmenarekin? Zer ari da gertatzen haurrekin, handikiro jaioberri digitalak deitzen zaien horiekin?

David M Durantek, berrogeita zazpi orrialdeko txosten honetan eta zazpi orrialdeko bibliografia batean, irakurmena eta neuroplastizitatea aztertzen ditu. Irakurketa linealaren eta irakurketa digitalaren arteko bereizketa aztertzen du bertan; eta irakurketa tradizionalarekin –inprimatua– parekatzen du irakurketa lineala. Eta beste termino bat ere erabiltzen du: irakurketa tabularra. Aditu desberdinen iritzia biltzen du, eta baita ere Europako eta Ipar Amerikako zenbait unibertsitatetan irakurleekin egin diren azterlanak eta haien iritziak. Gainera, liburu elektronikoen salmentek izan duten goraldiaz hitz egiten digu, halako goraldirik izan ez bada ere.

Egilea, esan beharra dago, irakasle elkartua eta liburuzaina da J. Y. Joyner liburutegian, Greenvillen, Ipar Karolinan

TITULAR BATZUK

Gogoan izan behar dugu irakurmena landu egin behar den trebetasuna dela, jaiotzetik ez datorkiguna. Ez da sortzetikoa. Ikaskuntza bat da. Irakurketaren fenomenoa neuroplastizitatearekin dago lotuta. Maryanne Wolf eta Mirit Barzillai adituen arabera,Plastizitatea neurona-sareak eratu eta berritzeko gaitasun bat da, ikusmenetik, ezagutzatik eta idazketatik abiatuta”. Hau da, garunak berritzeko duen gaitasunari esker irakur dezakegu. Beraz, zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta errazago. Aldiz, zenbat eta gutxiago, orduan eta zailago, ahalegin handiagoa eskatzen baitu. Ikusten al dugu justukoa, behartzen zaiena bakarrik irakurtzen duten haurrekin dugun arazoa? Zeren zain gaude erremedioren bat jartzeko? Irakurketa planak ezarri edo besterik gabe ikasgelan irakurri eta irakurri? Behartu behar al da irakurtzera?

 

Berdin irakurtzen al dira irakurketa lineala –inprimatua– eta digitala –tabularra–? Berdina da Tolkien irakurtzea, tweet bat irakurtzea, eta informazioa bilatzea?

Galdera horiei guztiei egileak ez die erabateko erantzuna ematen, baina hori bai, esan egiten digu irakurketa inprimatuak eta irakurketa digitalak neurona-sare desberdinak garatzen dituztela.

Duke University-ko irakasle Katherine Hayles adituaren arabera, irakurketa lineala –inprimatua– oso prozesu sofistikatutzat hartzen da, analisia, hausnarketa eta barneratzea eskatzen dituena. Asko irakurtzen denean, prozesu horrek segundo-milaren batzuk besterik ez ditu behar; gutxi irakurtzen denean, ordea…

Irakurketa digitala –tabularra– testu laburretan fokatzen da. Izan ere, beti esan ohi didate blogean gutxi idazteko, webean inork ez dituela testu luzeak irakurtzen. Hortaz, ez da berdin irakurtzen. Aditu, eszeptiko digital eta prodigital guztiak datoz bat horretan.

Irakurketa digitala azalekoagoa da irakurketa inprimatua baino?

Alderdi honetan iritzi desberdinak daude. Badira irakurketa digitalaren eszeptikoak eta beste batzuk ia desberdintasunik ikusten ez dutenak bi irakurketa modu horien artean. Azterlan ugari egin dira horren inguruan.

Bat aipatzearren, Alemaniako Johannes Gutenberg Unibertsitatean, 2011n, azterlan bat egin zen formatu digitalean irakurtzeko eta e-reader edo Tableten irakurtzeko adimenak egiten duen ahalegina alderatzeko. Azterlan hori berrogeita hamar pertsonarekin egin zen. Gazteak eta helduak. Ez zen benetako desberdintasun nabaririk ikusi.

Eta bitxia eta nabarmentzekoa da gazteak eta helduak bat zetozela liburu inprimatua nahiago zutela adieraztean.

Sara J. Margolin-ek ere ez zuen desberdintasunik aurkitu 2013an egindako azterlanean. Hala ere, Norvegian, STavanger-eko Unibertsitatean, hirurogeita hamabi norvegiarrekin egindako azterlan batean desberdintasun nabarmenak ikusi ziren irakurketa digitalaren azalekotasuna eta irakurketa inprimatua alderatzean.

Irakurketa digitala nabarmen ari da gora egiten?

Hasiera batean,gora  egin zuen baina momentu honetan igoera gelditu da.

Baina gaur egun ziurtatu daitekeenez, irakurketa digitala ez da gazteek gogokoen dutena. Haietako askok nahiago dute liburu inprimatua irakurri. E.book-en irakurketa geldialdian da orain.

Ondorio batzuk

Nire ustez zaila da erantzun zehatzak ematea irakurketarekin eta joera berriekin zerikusia duen guztiaren inguruan. Dena den, esan daiteke irakurketa digitala geratzeko etorri dela. Txosten hori funtsezkoa da. Irakurtzea gomendatzen dizuet.

Egileak dioenez, gaitasun bikoitzeko adimen bat eraikitzen ari gara, hau da, “Bi literate Brain” bat. Hortaz, lanean jardun beharko genuke irakurtzeko bi moduak –inprimatua eta digitala– dagozkien neurona-prozesuekin gure gazte eta haurren burmuinean garatu ahal izan daitezen.

Eta adierazgarria da haurtzaroan izaten diren irakurketa arazoen aurrean “Slow Reading” (irakurketa geldoa) bezalako mugimenduak sortzen ari direla Estatu Batuetan. Mugimendu horrek, Estatu Batuetan oso aktiboa denak, irakurketa inprimatua zaintzearen garrantzia aldarrikatzen du, irakurketa modu horri denbora eta espazioa eskainiz, eta esan beharra dago liburuzainak direla gehienbat mugimendu horretako kideak.

Haurrek bi modutan irakurtzen ikas dezaten lortu behar dugu. Modu lineal geldoak –inprimatuak– ezin du desagertu. Jakina, digitala hemen da eta geratu egingo da. Hala, egunean hogeita hamar minutu gutxienez, literatura modu inprimatuan irakurtzea lortu behar dugu.

Beti defendatu izan dut irakurketa digitala, irakurketa inprimatuaren gehigarritzat hartuta. Orain kezkatzen nauena da, liburutegiko zuzendari naizen aldetik, hainbat haurrek irakurketa inprimatuaren aurrean gogo handirik erakusten ez dutela ikusteak. Lanean jardun behar dugu haur horien gurasoei gogorarazteko “irakurketa ahalegin bat dela”, irakurriz ikasten baita irakurtzen.

16

Abe / 2016

Minotauroren labirintoa edo Liburu digitalen mundua

Autorea:

Leyendo entre pantallas Liburua

Une honetan esku artean ditudan azterlanetako bat da Trea argitaletxeak 2016. urte honetan argitaratu duen Leyendo entre pantallas” liburua. Patxadaz irakurri beharreko liburua, mamitsua, ezinbestekoa liburu digitalen mundua ulertu edo hobeto ezagutu ahal izateko.

Ondokoak dira egileak: Raquel Gómez Díaz, Araceli García Rodríguez, José Antonio Cordón García eta Julio Alonso Arévalo.

Raquel Gómez Díaz irakasle titularra da Salamancako Unibertsitatean eta taldeko beste kideekin batera egindako lanen artean, ondokoa azpimarratuko nuke: “Social reading Plattforms, applications, clouds and tags (Chandos, 2013)

Araceli García Rodríguez Salamancako Unibertsitateko irakasle titularra da ere. 2015. urtean, “Las demasiadas aplicaciones: parámetros e indicadores para seleccionar las TopAPP de lectura para niños” lana argitaratu zuen “Anales de Documentación” aldizkarian.

Jose Antonio Cordón García bibliografian katedradun da Salamancako Unibertsitatean. Liburu digitalean aditua ere. “E-book publishing in Spain” (2014) bere azken lanetako bat da.

Julio Alonso Arévalo, azkenik, liburuzain nagusia da aipatu unibertsitateko (Salamancakoa) Itzulpengintza eta Dokumentazio Fakultatean. 2015. urtean “E-book en bibliotecas: gestión, tratamiento y aplicaciones” liburua argitaratu zuen Alfagrama argitaletxean.

Irakurketa digitalean eta eduki digitalen argitalpenean adituak diren egile horiek, kapitulutan egituratu dute beren liburua. Bibliografia luzea ageri da ere, nola ez, 231. eta 236. orrialdeen artean, bai eta oso interesgarriak diren eranskinak ere.

Lehen eranskinak” Aplicaciones de lectura” izenburua darama. Egungo irakurketa gailu eta sistemak zerrendatzeaz gain, horien sailkapena egiten du bilaturiko xedearen arabera: olgetarako irakurketa, artikuluen irakurketa, komikien eta eleberri grafikoen irakurketa, etab.

Liburutegi publikoentzat eta haurrentzako liburuzaintzat oso interesgarria den bigarren eranskinakAplicaciones infantiles y libros APP” du izenburua. Hirugarren eranskinak, azkenik, irakurketa aplikazioak ebaluatzeko txantiloi bat darama.

¿Zeintzuk dira zazpi kapitulu horietan jorratzen diren gaiak?

Lehen kapituluak liburu elektronikoaren argitalpena eta irakurketa jorratzen ditu. Egileek hiru hitz nabarmentzen dituzte egungo unea definitzeko: mugikortasuna, berehalakotasuna eta konektibitatea.  Mugikortasuna irakurketa-modu berrien ezaugarri nagusia da. Gailu eta ingurune fisiko ugaritan irakur dezakegu baina, erne, telefono adimentsuen eta tableten erabilerari buruz egin diren ikerketan arabera, “irakurketa” aukera ez da lehenen artean ageri.

Informazio guztia berehala nahi dugu eta ia uneoro gaude konektatuta, mugikorrari esker.
Egileek irakurketa digitalaren eta paperezko irakurketaren arteko ezberdintasunak aztertzen dituzte. Arinkeria lehenari lotzen bazaio ere, bigarrena gogoetatsua da.  Lorenzo Soccavo bezalako egileak ziberirakurle kontzeptua erabiltzen hasi dira, homo sapiensetik irakurle areagoturaino eman den jauzia agerian uzteko.

Liburu oro beste bati lotzen zaio, beste batetik elikatzen da.  Kapitulu honetan, Peter MendelsundenQué vemos, cuando leemos” liburua aztertzen da.  Lan horretan, irakurtzeko egintzaren atzean dauden osagaiak azaltzen ditu egileak.

Kritika guztiek lana goraipatzen dute, bai eta egilearen ikuspegia berritzailea dela aitortu ere. Hona hemen 52. orrialdeak dioenaren itzulpena:
“Gure irakurketaren Historia oroitzapen baten historia da. Irakurtzen dugun bitartean murgilduta gaude eta zenbat eta murgilduago, are eta gaitasun txikiagoa daukagu -une horretan- gure adimena bizitzen ari garen esperientzia hori aztertzen jartzeko. Ondorioz, irakurketa-sentsazioa aipatzen dugunean, irakurri izanaren oroitzapenaz ari gara, zinez.
Eta irakurketa horren oroitzapena oroitzapen faltsua da.”

“La Cuarta Pantalla” da bigarren kapituluaren izenburua.

“Pantailak hedatuz joan dira eta, ondorioz, gure bizitza pantaila artean gauzatzen da”. Irakurtzeko erabiltzen diren gailuak aztertu dituzte soilik egileek. Dagoeneko ohikoa den sailkapena: e-reader edo irakurketaren esperientzia kontinuista bermatzen duten gailuak, paperezko liburuekin antza handiagoa dutenak eta, beste aldetik, telefono adimentsuak eta tabletak. Gailu horietan irakurtzeak ez du zerikusirik paperean irakurtzearekin. Joera berritzaileagoa da.

Kapituluak ordenagailu bidezko irakurketa jorratzen du ere eta, batez ere, liburuzainentzat oso interesgarria den gai bat lantzen du: haurrak eta pantailak, gurasoek egin behar duten kontrola gailu ezberdinetan egindako irakurketen eduki, denbora eta iraupenari dagokienean, bai eta haurrek erabil ditzaketen programak ere.

Hirugarren kapitulua “los nuevos libros” delakoa dugu.

Liburu digitalaren kontzeptua zabalduz joan da, sailkatzeko zailak diren produktu eta garapen berriak barne hartuz. Egun, labirinto digital honetan, aplikazioarengandik independenteak diren edukiak aurki ditzakegu, Kobo, Aldiko, Bluefire eta antzeko gailuak, esaterako. Gailu bakarrean, aplikazio baten mende dauden edukiak daude ere (haurrentzako liburu gehienen kasua). Eta aplikazio-liburuak daude halaber: adibidez, 2012ko liburu digital saria den “El hombre volcán” edo “In my dream”, Bolognako liburu azokaren Saria 2013. urtean, edo “Love the App”, Bolognako Liburu azokaren saria 2014. urtean…

Kapituluak biblioaniztasun teknologikoa, aberastutako liburuak, audioliburuak, bideoliburuak, transmedia eta crossmedia kontzeptuak aztertzen ditu, sailkapen ezberdinak proposatuz. Eta, nola ez, areagotutako errealitateko liburuak aztertzen ditu ere (ez nahastu errealitate areagotuarekin). Hona hemen definizio apropos bat: “mundu errealean kokaturiko osagaien gainean birtualki sorturiko irudiak, markatzaileak edo informazioa denbora errealean jartzea ahalbidetzen duen teknologia-multzoa”. (Johnson, Adams eta Cummins, 2012)

Liburuen munduaren etorkizunari begira, sentsazio berriak edo objektuarekin harreman emozionala izatea ahalbidetzen dituzten teknologiak aztertu edo aplikatzen dira. Neil Stephensonen “The diamond age” (diamantearen aroa), adibidez.

Laugarren kapituluan liburu elektronikoak bilatzen eta erosten ikasiko dugu. Boskarrenak, irakurketa aplikazioen unibertsoa azaltzen digu; aipatuak izugarrizko gorakada bizi izan du 2010. urtetik aurrera. Aplikazio horiek sorkuntza- eta heziketa-aukera ezberdinak eskaintzen dituzte, istorioak pertsonalizatzea ahalbidetzen dute, entzutezko arreta sustatzen dute (audioliburuak) eta, nabaria denez, ez dute inolako zerikusirik paperezko argitalpenekin.  Arloa aldeko aro batean murgilduta dago egun.

Seigarren kapituluak, azkenik, irakurketa aplikazioak ebaluatzeko parametroak eskaintzen dizkigu, Codinaren metodologia aplikatuz. Forma dimentsioa edukia dimentsiotik bereiztuz egiten da balorazioa. Forma dimentsioaren barruan, ondoko osagaiak: sistema eragile eta webgune ezberdinetan aplikazioak duen eskuragarritasuna, jabetzea eta bere modalitate ezberdinak, segurtasuna, konfidentzialtasuna eta pribatutasuna, entzutea, onarpena, erabilgarritasuna, abiadura, ergonomia, etab. Eta edukia dimentsioan, berriz, egiletasuna, editorea edo Internet konexiorik gabeko irakurketa, besteak beste. Egileek, bi dimentsioak -forma eta edukia- baloratzeko beharrezkoak diren elementu guztiak daramatzan txantiloi bat proposatzen digute, halaber.

Zazpigarren eta azken kapituluak autoargitalpenaren gaia jorratzen du.

Arestian esan bezala, liburu bikaina da, beharrezkoa eta, gainera, lehen kapituluaren aurretik doan parafrasia funtsezkoa izan zait izenburu erakargarri hau lortu ahal izateko. Honela dio bere itzulpenak:

Minotauroren labirintoaren antzera, liburu digitalen mundua korridore pila dituen egitura bat da. Aipatuek, noranzko guztietarantz badoaz ere, helmuga berbera dute: IRAKURKETA.
Ariadnak egin bezala, harila desbiribilkatu beharko dugu pantailen artean mugitu, aniztasun teknologikoa ulertu, eduki onenak aurkitzea ahalbidetzen duten bideak aurkitu eta, baita ere, gure sorkuntzak hirugarrenen eskura utzi ahal izateko”.