17

Api / 2018

Literatura erremedioak : Ella Berthoud eta Susan Elderkinen botikak

Autorea:

Martxoko nire posta edo nire bidalketa biblioterapia kontzeptuaz ziharduen eta, orain, apirilean, literatura erremedioen vademecum bat proposatzen dizuet liburuak terapia direla sinesten duzuenoi: zuen gaitzak sendatzeko eleberriak.

Botika horiek Ella Berthoud eta Susan Elderkin egileek proposatu dituzte; biek ikasi zuten literatura Cambridge Unibertsitatean. Ella Berthoudek Arte Ederrak ere ikasi zuen, eta Susan Elderkin, gainera, idazlea da, baina haren eleberriak ez dira gaztelaniara itzuli.

2008tik, literatura errezeten zerbitzu bat ezarri zuten The Schooloflife Londreseko erakundean. Ordutik, liburuak errezetatzen dizkiete pazienteei. Liburu guztiak irakurtzen dituzte eta, diotenez, bizitza laburregia da liburu txarrak irakurtzeko.

Literatura erremedioen eskuliburua: geure burua nola sendatu liburuen bidez liburuan ondoezak adierazten dira, hiztegi baten moduan taxututa, A-tik Z-ra. Ondoezen sarrera indize bat dago, eta aipatutako idazlan guztien aurkibide bat.

Ezinezkoa zait literatura vademecum hori laburbiltzea, baina banuen jakin-mina ezagutzeko egile horiek liburuen hautaketa nola azaltzen duten.

Lehenik eta behin, aldartea pozteko eta depresiorako aholkatzen dituzten liburuak bilatu nituen.

Egileek depresio maila desberdinak daudela azaltzen dute. Denok ditugu neke uneak, porrot, tristezia, existentziaren absurdu irudipena, baina hori ez da depresioa, pertsona batzuek zamatzen duten hodei beltza. Gaitz larria da, tratatzeko zaila.

Gogo faltarako aholkatzen dizkiguten eleberriak irakurgai positiboak dira, freskoak, gauzen ikuskera aldatzeko lagungarri. Hamar eleberri proposatu dituzte aldartea pozteko :

“La Tía Mame, Patrick Dennisena; Tomate berde frijituak, Fannie Flagena; La hija de Robert Poste, de Stella Gibbons ; Todas las cosas brillantes y hermosas, James Herriottena; Fiebre en las gradas, Nick Hornbyrena; ¡Socorro soy padre!, Tony Parsonsena; Absurdistan, Gary Shteyngartena; El mayor Pettigrew se enamora, Helen Simonsonena; El castillo soñado, Dodie Smithena; El gran día de la señorita Pettigrew, Winifred Watsonena.

Horiek guztiak Donostiako liburutegi sarean daude. Ez dagoen baten bat gustu baduzue, galdetu guri iradokizun gisa. Badakizue erosi egiten ditugula.

Benetan depresioak jota egonez gero, egileok aitortzen dute biblioterapia ez dela nahikoa, baina liburuak osasun tratamenduaren osagarri izan daitezke. Bi eleberri oso ezagun aholkatzen dituzte: Izatearen arintasun jasanezina, Milan Kunderarena, eta La campana de cristal, Sylvia Plathena. Bi eleberriotan, depresioak jotako pertsonek ematen dute hizpidea. Izatearen arintasun jasanezina eleberriko protagonistari, Teresari, zama zaio bizitza. Tomasekin maitemindu da, ezkongabe libertinoa izatea erabaki duena. Teresak hondoa joko du, eta bere burua hiltzen ere saiatuko da, baina tristeziatik suspertuko da, eta garaile aterako. Liburu honek badu gaztelaniazko bertsioa ere: La insoportable levedad del ser.

Sylvia Plathen La campana de cristal idazlanari buruz: egileak ez zuen lortu depresiotik ateratzea, baina bere pertsonaia Esther Greenwoodek lortu egingo du tristeziari gailentzea. Egileok diotenez, Estherren ahotsa kontsolamendu handia da depresioa dutenentzat. Prosaren arintasunak, Estherren gizatasunak, aholkagarri egiten dute irakurgai hau.

Zer proposatzen dute minarentzat?

“Minak zigortzen zaituenean, bizitza osoa hartzen dizu”. Ezin zara hartaz ahaztu. Egileok Muerte de un apicultor proposatzen digute, Lars Gustafssonena. Pertsonaia nagusia, Lars Westin, minbiziak jota dago, baina mina kentzeko ospitalera ez joatea erabaki du, geratzea eta bizitzea erabaki du, txakurrarekin paseo luzeak ematea, eta minarekin bizitzen ikastea. Mina eramateko artea, egilearen arabera, musika, poesia bezalako artea da. Egileek diotenez, min izugarriak pairatzeko zorigaiztoa badugu, har dezagun erlezaina bidelagun, alferrik baita gure minaren errua besteei botatzea.

Ez dut uste niri erlezain baten heriotzak balioko didanik, baina irakurriko dut, beti ikasiko baitut zerbait eta, jakina, liburua nahikoa ez badut, hor ditut botikak.

Egileek beste hamar eleberri proposatu dituzte gorputz edo bihotz minetik ihes egiteko.

Hondo, Louis L´Amourrena; La mandolina del capitán Corelli, Louis Bernieresena; El zoo de Jamrach, Carol Birchena; Los detectives salvajes, Roberto Bolañoena; Pasaje a la India, E.M. Fosterrena; ; En la corte del lobo, Hilary Mantelena; También las vaqueras sienten melancolía, Tom Robbinsena; Una ciudad como Alice, Nevil Shuterrena; El mapa del amor, Ahdaf Soueifena; La historia de Edgar Sawtelle, David Wroblewskirena.

 

Zer proposatzen dute jazarpenaren kontra? Zer proposatzen dute abusatzaileak sendatzeko?

Lehenik eta behin, esan dezagun inork ez duela bere burua abusatzailetzat, baina lanean, ikastetxean, nork ez ditu jasan horrelako pertsonak? Nork ez ditu pairatzen? Abusatzailea sendabidean jartzeko, Una muerte en la familia de James Agee deitutako eleberria proposatu digute. Pulitzer Saria eskuratu zuen 1958an eta, egileon arabera, ezagutzen dugun abusatzailearen deskribapen hunkigarrienetako bat da. Liburutegi sarean dugu eskueran.

Eskolako jazarpenerako, bi eleberri gomendatu dizkigute: Ojo de gato, Margaret Atwoodena, eta Tomás Brown en la escuela, Thomas Hughesena. Bi liburu hauetako bi biktima protagonistak, Elaine eta Tom, oso desberdin erreakzionatuko dute jazarpen egoera baten aurrean. Lehenengoak jarrera pasiboa hartzen du; bigarrenak, berriz, aurre egingo dio ikastetxeko abusatzaileari, Flashman makurrari. Bi biktima literario horiek, egileok diotenez, animoak emango dizkizute eta, azkenean, beren bizipenek sendotu egingo dituzte.

Jarrai nezake horrela, gaitzei eta erremedioei buruz hizketan, eta ez nuke amaituko. Aldiz, benetan, liburu on honek, Siruela argitaletxe zoragarriak plazaratuak, literatura gehiago ezagutzeko modua emango dizu, ikusaraziko dizu arrazoibide bat nola ematen den aldartearen une jakin baterako irakurgai bat proposatzeko orduan. Filologia ikasi dugunok badakigu ikuspuntu askotatik egiten dela liburuen azterketa, eta liburu bat zenbat eta gehiago bahetu, orduan eta baliagarritasun handiagoa aurkituko diozu.

Ahidurarako zer irakurri jakin nahi baduzu, alkoholismorako, nerabezaroan, armairutik atera nahi duzunean, lo egin ezin duzunean... eman begiratu bat liburu honi. Funtzionatzen badu, ederki; bestela, beste egile baten berri izango duzu. Antonio Basantak dioen bezala, “irakurtzea ezerezaren hutsa uxatzea da”, gizarte honetako hutsa.

Beharbada egileak ingelesak direnez, errezetatutako liburu ia guztiak ingelesezko literaturakoak dira; bada, nire hurrengo mezuan, “Libroterapia : Leer es vida” Jordi Nadalen liburuan literatura unibertsalaren hautaketa egiten da.. Eta euskarazko literaturaz zer? Literatura erremedioen liburu bat ere beharko dugu, ala? Nor ausartuko idazten?

 

 

26

Mar / 2018

Biblioterapia. Ba al dute liburuek gaitzak sendatzeko ahalmenik?

Autorea:

Libros que curan

Biblioterapia ez da zientzia bat, baina guztiok esan dezakegu liburuek –eleberriek bereziki– lagun diezaguketela une larriak gainditzen.

Biblioterapia terminoa aspaldikoa da, ez da asmakizun modernoa; antzinatik dator literaturak ahalmen sendagarria dueneko ustea.

Katherine Lui Gómez Mujicak, Venezuelako Unibertsitate Zentralak Bibliotekologian lizentziatuak, biblioterapiako liburu honen bidez hurbiltzen dizkigu definizioak, ibilbide historikoa eta egin daitezkeen biblioterapia motak. Hura erabiltzen duten profesionalei buruz mintzo da: psikologoak, psikiatrak, bibliotekologoak edo bibliotekariak.

Bibliotekologia, dakizuenez, Hego Amerikan erabiltzen da, Espainian, berriz, bibliotekonomia esaten zaio. Kontzeptu biak dira oso arraroak biblioteken zientziaz eta ikasketez ezer gutxi dakien jendearentzat. Egileak,  bibliotekologoaren jardun profesionalaren ikuspegitik azaltzen digu biblioterapia; horregatik dago liburua, gehienbat, biblioteketako profesionalei zuzendua.

Biblioterapiari buruzko azterlan arras interesgarria da, eta harritu egin nau ikusteak nola bertan adierazten denetik asko oinarritzen dela hirurogeiko hamarkadan Estatu Batuetako ospitaleetatik ateratako esperientziatan. Zehazki, San José, Kaliforniako Agnews State-ko ospitaleko bibliotekan.

Ospitale horretan gaitz fisikoak liburuen bitartez sendatzeko bideak lantzen ziren. Sendatzaile taldean biblioterapeuta bat edo psikiatra bat izaten zen, bibliotekologoarekin batera; azken honek aztertzen du talde-saioetarako materiala, irakurgaiak. Proiektuak onarpen maila handia izan zuen eta oraindik badihardu.

Ezin du edonork aritu biblioterapian. Funtsezkoa da biblioterapeutaren eta bibliotekologoaren prestakuntza espezifikoa aintzat hartzea. Biok ere biok izan behar dira gauza pazientearen irakurtzeko gaitasuna ebaluatzeko, literatura egokia hautatzeko eta taldearen eztabaidak suspertuko dituen teknika proiektiboak erabiltzeko. Profesionalek batera lan egiten duen taldea osatu behar dute. Ez dakit Euskadiko ospitaleetan ezer lantzen ote den biblioterapian.

Sinesgorrentzat, esan dut lehen ez dela asmakizun moderno bat. Aipatu nahi dut Egipton bibliotekak “Biziaren Etxeak” zeritzoten tenplutan egoten zirela, eta benetako ezagutza eta espiritualtasun guneak zirela.

Erromatarrentzat tratamendu medikoa lotuta zegoen irakurtzearekin, eta grekoek arimaren botikatzat zeuzkaten bibliotekak.

Erdi Aroan ohikoa zen ebakuntza bat egin bitartean liburu sakratuak irakurtzea. Ez uste Biblia bakarrik irakurtzen zenik; epopeiek eta tragediek ere xede terapeutikoak zituzten.

XIX. mendean ere erabiltzen zen ospitale psikiatrikoetan. Benjamin Ruschen izan zen lehen ikertzaile estatubatuarra pazienteei irakurketa arrunt gomendatzen 1802 urtean, eta, gainera, biblioterapia gomendatu zien barne estualdiak, depresioa, beldurrak eta fobiak dituzten pertsonei, eta adin handikoei orokorrean.

Estatu Batuetan asko dira oraindik biblioterapia aztertzen duten autoreak: Caroline Schrodes, Esther A. Hartman eta Mary Jane Ryan, besteak beste.

Nola defini genezake biblioterapia modu errazean? Biblioterapia da:“Liburuak eta beste material batzuk erabiltzea zuzendutako irakurketa-programa batean, laguntzazko terapia gisa agindua, nahasmendu mental eta emozionalen tratamenduan, eta desmoldaera sozialak zuzentzeko laguntzan.

Caldin, C.F. beste teorikoak dioenez, “Biblioterapia tresna baliagarria da eguneroko bizitzaren tentsioen aurkako borrokan, eta gizakiaren premia literario eta estetikoak betetzeko behar den katarsia egiten duenean, emozioak baretzen ditu”.

Fontanelle, M.F.-ren aburuz, “biblioterapia da medikuntzan eta psikiatrian laguntza terapeutiko gisa irakurtzeko materialak erabiltzea, eta zuzendutako irakurketa-arazoak konpontzen ere lagungarria da.”

Bentes Pinto V.-rentzat “Jarduera terapeutiko bat da“.

Definizio guztietan argi geratzen da liburuak sendatzeko erabil daitezkeela, beti ere psikiatra bat baldin badago, bibliotekariaren laguntzarekin eragingo duena larritasuna, min fisikoa edo psikikoa uxatzea.

Ez daukagu esperientzia terapeutikorik gure biblioteka-sarean, baina badakigu, adibidez, irakurketa-klubak sozializatzeko moduak direla, nolabait. Gero eta sarriago, adin handiko pertsona asko (gaur egun hirurogei urte inguruko jubilatuak asko dira) irakurketa-klubetara joaten dira bakarrik ez egoteko, lagunak egiteko, irakurtzen dituzten istorioen bidez eguneroko atsekabeak ahanzteko, etxetik irteteko, beste pertsona batzuk topatzeko, ikasteko… Egia esan, egin egiten dugu terapia apur bat.

Literaturak beste bizitza batzuetara eramaten gaitu. Errezeta, maiz irakurtzea; osasunean eta zoriontasunean hobetuko duzu, eta ikasi egingo duzu. Botika hauek, jakina, liburu-dendetan eta biblioteketan aurkitzen dira. Botika hau paperean har daiteke, edo digitalean edota audioliburutan.

Ez gara autolaguntzako liburuei buruz ari –hain ezagun eta arrakastatsuak–. Fikzioaren, eleberrien, ahalmen sendatzaileaz ari gara. Batzuetan argumentua bera da funtzionatzen duena, bestetan prosaren erritmoa, beste batzuetan pertsonaia nagusiarekiko miresmena. Bada beti hunkitzen eta emozionatzen gaituen libururen bat.

Liburu hau Donostiako liburutegi-sarean kontsulta dezakezue.