17

Mai / 2017

XXI. mendeko liburutegiak, maisulanen hautaketa bat

Autorea:

Library- architecture and designLiburu bat dut eskuartean XXI. mendeko liburutegien maisulanei buruzkoa. Library : architecture + design . Masterpieces” du izena, eta honela itzuli dut ” Liburutegia : Arkitektura + diseinua. Maisulanak”

 Manuela Roth egileak egin du liburutegien hautaketa. Ingelesez dago, oraindik ez da gaztelaniara itzuli, ezta euskarara ere.

Oso edizio zaindua du. Alemaniakoa da argitaletxea, “Braun publishing”. Mundu osoko hirurogeita hamar liburutegiren erreferentziak biltzen ditu. Liburuaren bigarren argitaraldia da, berrikusia eta egokitua. Edizio hau 2015ekoa da eta lehenengo edizioa, berriz, 2011koa.

Manuela Roth egileari buruz esan dezakedana hauxe da: 1980an jaio zen eta barnealdeko Diseinua ikasi zuen Alemanian eta AEBetan. Arlo horretan zenbait urte lanean aritu ondoren Stuttgart eta Düsseldorf hirietan, 2017az geroztik argitaletxeetan jardun du lanean. Zenbait liburu argitaratu ditu arkitekturari eta diseinuari buruz. Orain Berlinen bizi da eta kazetari lanean ari da “freelance” gisa.

Bikaina da liburua liburutegiak maite dituztenentzat, arkitektoentzat eta diseinatzaileentzat, argazkilarientzat eta publiko orokorrarentzat. Kontuan hartuta gaur egun asko bidaiatzen garela, interesgarria da jakitea zein hiritan topa ditzakegun liburutegietako maisulanak.

Bada beste arrazoi bat liburu honen berri jakiteko, eta Euskadin gomendatzeko. Zeuen buruei galdetuko diezue: Ba al da hautatutako Euskadiko liburutegirik? Hau da erantzuna, bai. Bi daude. Bata, Donostiako Carlos Santamaría” Unibertsitate Liburutegia (152. orrialdean) eta bestea, Bizkaiko Aldundiko Liburutegia (148. orrialdea). Bizkaiko Liburutegia IMB arkitektoen estudioari enkargatu zitzaion, eta Carlos Santamaría liburutegia JAAM arkitektura sozietateari.

Zeintzuk dira maisulantzat jotzea merezi duten gainerako hirurogeita zortzi liburutegiak? Zeintzuk dira liburutegi horiek proiektatu zituzten arkitekturako estudioak? Nortzuek egin dituzte liburutegi bakoitzaren argazkiak hemen ari garen libururako?

Liburuan aurkituko dituzue erantzun zehatzak. Argazki horiekin gozatu egingo duzue arkitektoek, liburuzainek eta liburutegien erabiltzaileek. Ez ditut guztiak aipatuko, beti gogorarazten baitidate nire bloga irakurtzen dutenek, post luzeegiak egiten ditudala.

Arkitekto batentzat, oso erakargarria izan behar du gaur egun liburutegi bat proiektatzeak eta diseinatzeak. Liburutegietara era guztietako publikoa joan ohi da, eta gaur egun liburutegi bateko xehetasun guztiak zaintzen dira, altzarien diseinutik hasi eta erabiltzen diren materialetaraino, argiak, isiltasun guneak, elkarguneak, zerbitzu birtualak inplementatzeko moduak. Desafio ugari.

Liburuzainoi, arkitekturako liburu hauek ideiak ematen dizkigute, erreforma txikiak egiteko edo liburutegi berri bat planifikatzeko garaian planteatu ditzakegunak.

Nire hirian udal liburutegi publiko bikain batekin egiten dut amets, nire ilusioetako bat, liburutegien zuzendari naizen aldetik bete ahal izan ez dudana. Hortaz, beste liburutegi batzuk bisitatzearekin gozatzen dut, haietara bertaratuz edo irudimenaz baliatuz egiten ditudan bisitak liburu onak kontsultatzean.

Adierazi dudanez, ez dizkizuet hirurogeita hamar liburutegi horiek izendatuko, nire hautaketa erakutsiko dizuet, ordea. Unibertsitate-liburutegiak, liburutegi nazionalak eta espezializatuak, zuzenbide-liburutegiak, Bibliobusa bi liburutegi pribatu baztertu ditut.

Nahikoa liburutegi txiki nabarmendu ditut, birmoldatuak batzuk, edo lehendik dauden liburutegiei erantsiak. Beti iruditu zait oso zaila zaharra eta berria bat egitea, baina oso interesgarria iruditzen zait emaitza. Iragana, oraina eta batik bat geroa den liburutegia.

Hau da nire hautaketa, 16 liburutegik osatua

Hautaketa ez dut garrantziaren arabera egin, liburuan ageri den orrialde-zenbakiaren arabera baizik.

Grosuplje liburutegi publikoa, Eslovenia. Arkitektoak: Matej Blenku, Milo Floriancic. Barnealdeko diseinua: Nena Gabrovec eta beste batzuk. Argazkiak: Miran Kambic eta Radovlica. XIX. mendeko eraikin zaharrari egindako handitze-obra. 18. orr.

Helsinkiko liburutegi nagusia, Finlandia. ALA arkitektoak. Arkitektoen estudioaren irudiak. Liburutegi hau Finlandiako indepenentziaren 100. urteurrenerako proiektatu zen. Bisitatzea gustatuko litzaidake. Guztizko azalera eraikia: 16.000 metro karratu. 30. orr.

Ilhavo hiriko liburutegia, Portugal. Arx Portugal arkitektoak. Argazkiak: Fernando Guerra. XVII. eta XVIII. mendeko eraikin batetik fatxada eta kapera kontserbatzen dituen liburutegia. Guztizko azalera eraikia: 3.200 metro karratu. 42. orr.

Nurenberg hiriko liburutegia, Alemania. Baum-Kappler arkitektura-estudioa. Argazkia: Werner Hutmacher. Azalera: 8.446 m2. 54 orr.

Dendermonde hiriko liburutegia, Belgika. BOB361 arkitektura-estudioa. Azalera: 6.300 metro karratu. Argazkiak: André Nullersp. 58. orr.

Dublineko Ballyroan liburutegia, Irlanda. Box arkitektura-estudioa. Argazkiak: Paul Tierney. Azalera: 1.450 metro karratu. Lehen zegoen eraikina eraitsi eta berreraiki egin zuten ondoren, azalera handigoa hartuz. 62. orr.

Berlingo Kópenick liburutegia, Alemania. Bruno Fioretti Marquez arkitektura-estudioa. Azalera: 2.362 metro karratu. Argazkiak: Alessandro Chemollo. Barnealdeko diseinua ez da bereziki erakargarria, baina teilatuagatik nabarmentzen da. Arkitektoentzat interesgarria. 66. orr.

Anzin-eko liburutegia-mediateka, Frantzia. Dominique Coulon eta kideak arkitektura-estudioa. Argazkiak: Eugeni Pons. Eraikinak oso geometria sofistikatua du. Izugarri gustatzen zait transmititzen duen espazio eta lasaitasun sentsazioa. Liburutegi txikia da, 1.750 metro karratukoa. 70. orr.

Romain Rolland liburutegia, Romainville, Frantzia. Philippe Gazeau estudioa. Argazkiak: Philippe Ruault. Liburutegi hau hiriko lo-auzo baten erdian dago eraikita, zeharo berritu behar dutena. Leku hori ikono bihurtzea da asmoa, auzoa ez baita batere erakargarria. Azalera: 2.085 metro karratu. 116. orr.

 Vennesla-ko liburutegia eta kultur etxea, Norvegia. Helen&Hard arkitektura-estudioa. Argazkiak: Emile Ashley. Azalera: 1938 metro karratu. Liburutegi berria kultur etxe bat da, elkargune bat, bilera-gelekin eta kafetegia batekin. Publiko guztia areto zabal-zabal bakar batean biltzen da. Oso eraikin modernoa da, baina ez da gustukoen dudana. 140. orr.

Seinajoki hiriko liburutegia, Finlandia. Gustukoen dudanetako bat. JKMM arkitektoak. Azalera: 4.430 metro karratu. Argazkiak: Mika Huisman. Kultur eta administrazio gunean dago kokatuta, eta iparraldeko diseinuaren Alvar Aalto irudi gailenak diseinatua da. Erronka handia adierazi zuen eraikin berria lehendik zegoen egituran integratzeak. Liburutegia espazio ireki bat da, erraz moldatzen diren altzariez hornitua. Leiho handi batzuk ditu, Finlandiako paisaia zoragarria markoztatzen dutenak. Diseinuak arreta berezia jartzen du liburuzain lanbide aldakorrean. 160. orr.

Lohja hiriko liburutegi nagusia, Finlandia. Lahdelma & Mahlamaki arkitektoak. Azalera eraikia: 3.513 metro karratu. Argazkiak: Jussi Tiainen. Liburutegia zeharo ondo integratzen da ingurunean, Saint Laurentius elizatik gertu. Publikoarentzako guneak lehenengo solairuan daude, eta hormak adreilu gorrizkoak dira. Soilegia nire ustez. 174. orr.

España liburutegia, Medellin, Kolonbia. Mazzanti arkitektura-estudioa. Azalera eraikia: 3.727 metro karratu. Liburutegi hau Medellin hiriaren sinboloa da. Arroka batean dago kokatuta, topografiaren osagai bihurtuta. Arkitektoak testuingurutik atera zuen eraikina, bertaratzen den jendea ingurunean dagoen pobreziaz ahaztu zedin. 194. orr.

Spijkenisse hiriko Book Mountain liburutegia, Herbehereak. MVRDV arkitektura-estudioa. Azalera: 9.300 metro karratu. Izenak berak dioenez, liburuez osatutako mendi handi bat gogoraraziko digun eraikina izatea nahi zuen arkitektoak. Zoragarria da. Gustukoen ditudanetako beste bat. Nor ez da zoriontsu liburuz osatutako mendiez inguratuta? 202. orr.

Villanueva Casanare liburutegi publikoa, Kolonbia. Arkitektoak: Carlos Meza, Alejandro Piñol, Germán Ramírez, Miguel Torres. Azalera: 2.500 metro karratu. Harrizko fatxada ikusgarria. 271.orr.

Amaitzeko, gustukoen dudana, liburuaren azalean ageri den Liburutegia, baita erosi berri dudan beste batean ere, “A desing manual Libraries”, egileak:Nolan Lushington, Wolfgang Rudorf, Liliane Wong. Liburutegi honetaz ari naiz:

Stuttgart hiriko liburutegia, Alemania. Eun Young Yi arkitektoak. Azalera: 20.225 metro karratu. Argazkiak: Stefan Muller. Beirazko adreiluzko kanpoaldeko itxurak, karratu baten forma geometrikoarekin, eta barrualdeko eskailerek eta altzari zuriek handitasuna ematen diote liburutegiaren erdiko guneari. 295. orr.

Nork esango luke gizarte digitalean hainbeste liburutegi eraikiko zenik. Argi dago mundu osoan zehar ezagutzaren eta informazioaren gunetzat hartzen dela liburutegia, eta liburutegi marka bizi-bizirik dagoela.

Liburua helduen Liburutegi Nagusian dago eskuragarri, Alderdi Ederren.

Post honi Donostiako Carlos Santamaría zentroaren argazki batzuk erantsi dizkiot, Donostiako campuseko Unibertsitate Liburutegiarenak.

Carlos Santamaría 1

20170516_200745

Carlos Santamaría 6  Carlos santamaría 5

28

Ots / 2014

Zentsura eta liburutegiak. Gai tabua ote?

Autorea:

Zebtsura eta liburutegiak XX. mendeanJoan den urtean, 2013an, irakurritako bi berrik, bata Irunea eta Barañaingo liburutegien zentsuraz, eta bestea Guadalajarako liburutegi publikoarenaz,  gogorarazi zidaten Marie Kuhlmanen liburu bikaina,” Liburutegiak eta zentsura XX. mendean”.
Libururua bi ikerketaz osatzen da: lehenengoa, Nelly Kuntzmannena, Lehen hezkuntza eta zentsura 1880-1945″; eta bigarrena, Hélène Bellourena, Ameriketako Estatu Batuetako liburutegien zentsura, 1959-1985″.

Liburuan gogorarazten da frantziar liburutegiei buruzko zentsura ez dela aztertu. Zentsura hitzak ia guztiak aztoratzen ditu. Bakarrik onartzen da totalitarismoez ari garenean, hau da, nazismoa, liburuen erreketa, estalinismoa… Beste edozein egoeratan tabua da.

Horregatik liburu horretan hitzaren adiera zabala azpimarratu nahi da. Liburutegi guztiek eskaintzen dituzten liburuak, unean indarrean dagoen Legearen araberakoa izango da. Halaber, edozein kultura erakundek daki aukeraketa egiten duen heinean, zerbait aukeratuz eta beste zerbait baztertuz, nolabaiteko zentsura  ezartzen ari dela, edota leunago deritzo badugu “aukeraketa” bat behartzen.

Edozein eratako ( eskuineko, zentroko, ezkerreko) botere politikok erabil dezakeen zentsura, hau da, aginte administratiboek ezartzen duten zenbait dokumentuen debekua, arrazoi moral, politiko, ideologiko, kultural edota erlijioso direlarik, hitz egiten du, Marie Kuhlmanek liburuan, baina baita XX. mendean liburutegietan, liburuzainek fondoak aukeratzekotan dituzten irizpideen aldaketaz.

Aurrekontuak berak nahi duguna ezin erostea dakargu, aukeratu behar baitugu.
Hain erabilia den kalitatearen irizpidea ere aldakorra da. Literatur generoak, ilustrazio kopurua, lanaren balio zientifikoa, egilea, irakurlea… Horiek ere aintzat hartzekoak dira.

XX. mendearen erdialdean eta bukaeran, mailegutzan arrakasta izaten zuten liburuak erosten ziren, batez ere. Liburutegi publikoek edo herritarren liburutegiek, erudizio liburuen ordez, maizago jotzen zuten bestsellera  erostera.

Liburuzain askok sufritu zuten aukeraketa horrekin, gure lanbidearen DNAan baitzegoen literatura ona aukeratzearen helburu hezitzailea. Gaur egun, gehiegi jotzen ote dugu bestsellerretara? Literatura klasikoa ere aholkatzen al da? Salduenen artean ez dauden liburuak gomendatzen al ditugu? Liburuzainek euren buruari autozentsura inkontzientea egiten al diote?

Beraz, kalitatearen irizpidea aldakorra da; irakurlea ere; eta, erne! Irakurleak ere nolabaiteko presioa egiten du. Horregatik, erosten denean orekatua izateko ezagutza handia behar da; eta are gehiago gaur egungo egoera dela eta, baliabide falta erabiltzen baita aitzakia moduan zen baita aukeraketaren arrazoiak zuritzeko.
Zer erosi? Debatea puri-purian eta biziki interesgarria.

Liburu debekatuak?

Historian zehar, gaur egun inork irakurtzen ez duen zenbait liburuk, debekatuak izan ziren. Frantziako literaturan, esaterako, ohore hori izan zuten: Choderlos de Laclos-en ” Lagun arriskutsuak”, eta André Gide-n “Corydon“, bertan autoreak homosexualitatearen ohikotasuna frogatu nahi baitu. Saderen liburuak ere, noski, debekatuak izan ziren.

Algeriako gerra garaian, eskuin joerako alkateek independentziaren alde lerratzen ziren autore edota liburuak debekatzen zituzten.

Aulki Gorenak debeekatuak zituen liburuen Index katalogoa, XVI. mendekoa, indarrean egon zen Frantzian 1966ra arte. Bertan Voltaire, Stendhal, Jules Michelet, Balzac, Víctor Hugo,  eta Jean Paul Sartreren lanak debekatzen ziren, besteak beste.

Bigarren mundu gerra garaian, zentsurak gailurra jo zuen. Liburu debekatuen zerrendak Otto Zerrenda du izena, Otto Baetz germaniar enbaxadorearengatik. Zerrenda horietan, besteak beste, autore hauek aurki genitzake: Thomas Mann, Vicki Baum, Stefan Zweig…eta, jakina, judutar jatorrizko germaniarrak, Kafka adibidez, eta frantsesak: Julien Benda, Malraux, Romain Rolland, Simenon, etab.

Baina liburu debekatuen zerrenda luzea da. Duela gutxi, 2013an argitaratu zen “Liburu debekatuen historia laburra”  Werner Fuld-ek idatzia. Kuriositatea baldin badaukazue udal liburutegietan eskuragarri dago.

Eta zentsura gaur egun?

Hasieran esan dut : XXI. mendeko bi albistek eraman naute XX. mendera. Bidalketa hau irakurtzen duen edonor, zentsura gainditu dugun ikasgaia delakoan egon daiteke. Hala bada, agian, baikorregia da.
Gure lanbidean kode deontologiko edo etikoak oso argiak, zehatzak eta zorrotzak dira. Gogorarazten digute kudeatzen ditugun fondo dokumentalek aniztasun kulturala eta ideologikoa islatu behar dutela, eta legalki baino ez, eskuratutako baliabideak izan behar dutela.

Dena den, hor daude lehen aipaturiko kasuak: Guadalajara, Iruñea eta Bañarain. Presioak egon badaudela, adierazten dute. Liburutegien menpekotasuna botere politikoekiko, eta erakunde leialtasuna, eztabaida gaiak direla erakusten dute.

Iwetel zerrendan irakurri dut batzuek euren buruei galdetzen dietela: Non dago banakakoaren kontzientziaren askatasunaren eta erakundeekiko leialtasunaren arteko muga?

Marie Kuhlmannek dioenez zentsura ez da amaitu. 242 orrialdean bere etorkizunaz jarduten du, eta dio: ” Zentsura araua da, askatasuna salbuespena; zentsura ez da pasadizo bat, edo zibilizazioaren iraganeko pasarte bat…”

Zuen txanda.