31

Urt / 2018

Berrikuntzak liburutegi publikoetan : jardunbide egokiak nazioartean

Autorea:

Innovacion en bibliotecas públicas0001

2018ko lehenengo sarrera honetan liburutegi publikoen alorreko berrikuntzari buruzko liburu bat nahi nuke gomendatu. Liburuak mundu osoko liburutegietako jardunbide egokiak biltzen ditu, batez ere Estatu Batuetakoak, Europar iparraldeko liburutegietakoak eta Australiakoak, besteak beste.

Berrikuntza, lankidetza, sinergiak, elkarlana, konbergentzia eta halako hitzak kultura-kudeatzaileen, liburuzain “modernoen”, politikarien, aholkularien zein kazetarien ahotan entzuten ditugunean, hitz hutsak, errepikakorrak irudi dezakete.

Hori ez da liburu honen kasua, prestakuntza akademiko sendoa eta idazten duen gaian benetako eskarmentua duen liburuzain profesional batek idatzi baitu.


2012urtean Australiako liburuzainen elkarteak antolatzen duen “Kay Poustie” bidaialaguntza irabazi zuen. Bidaia-laguntza horren zati gisa, Britainia Handiko eta Europako berrikuntza-jarduerak aztertu eta horren berri eman zuen, zehazki hiri hauetako liburutegietakoak: Amsterdam, Delft, Kopenhage, Malmö, Londres, Cardiff, Manchester eta Liverpoolekoak. Bere txostenaren emaitzak 2014an aurkeztu ziren Australia mendebaldeko liburutegi publikoen kongresuan. 2016an egindako beste txosten batean ere aurkeztu ziren. Kristie Nicholson, egun, Australia mendebaldeko liburutegi guztietako baliabide elektronikoen taldeko presidentea da.

Beraz, egileak badu ezagutza akademikoa eta esperientzia egiaztatua. Gogorarazi behar da liburutegietako jardunbideak egokiak izan daitezkeela komunitate edo hiri batean, baina beste batetan porrot egin dezakete. Beti da beharrezkoa, hala ere, horiek ezagutzea.

Atzerrian egoki den hori ezin dugu etxera ekarri, aurretiaz ingurune geografiko eta kulturalari buruzko hausnarketarik egin gabe. Adibidez, Europa iparraldeko hiri batetan, liburutegi batetan taberna bat ipintzea berritzailea, beharrezkoa izan daiteke, baina… tabernaz jositako Donostian ere egokia al litzateke?

Zein da liburuaren egitura?

Sarrera labur batek ematen dio hasiera, eta bertan azaltzen da ikuspegi orokorra, berrikuntza hitza definitzen da eta ikerketak erabilitako metodologia azaltzen da. Horrez gain, lau kapitulu ditu, ondorioak, aurkibidea eta eranskinak. Kapitulu bakoitzak bere bibliografia du. Garrantzi handia ematen diet ikerketa honen bibliografia eta metodologiari. Nire ustez, gizarteak berriz eman beharko lieke balioa iturri fidagarrietatik eratorritako iritziei. Gai serioetarako sare sozial gutxiago.

Lehenengo kapituluan liburutegietako berrikuntzaren inguruko ikuspegi orokorra azaltzen du. Berrikuntza bildumen tratamenduan, herritarrentzako zerbitzuetan, teknologian, programa berrietan eta liburutegi-eraikinetan.

Bigarren kapituluan liburutegien edo, hobeto esanda, liburutegi berritzaileen inguruan mintzo da. Bost dira hautatu dituenak. Kanadako Edmonton Public Library, Singapurreko Liburutegi Nazionala, Alemanian Sttutgarteko Liburutegi Publikoa, Danimarkan Aarhus-eko Liburutegi Publiko ezaguna eta AEBetako Chicagoko Liburutegi Publikoa.

Hirugarren kapituluan profesional guztiok liburutegien etorkizunerako beharrezkotzat hartzen ditugun gaiak jorratzen ditu: sorkuntza liburutegietan eta erabiltzaileen partaidetza orain artean profesionalentzat baino ez direnetan, esaterako, funtsak lortzean. Benetako partaidetzaren alde egitea, eta ez “dena erabiltzailearentzat, baina erabiltzailerik gabe”. Elkarteekin lan egitea, ikaskuntza lantzea eta eraikinen eraberritzea. Berria al da? Ez al dugu egiten egun?

Guztiok ezin dugu guztia egin, eta liburuko interesgarriena da ikustea nola liburutegi bakoitzak alor zehatz batean jartzen dituen ahaleginak. Ezin dugu inuzenteak izan eta guztia berrituko dugula sinetsi. Ez du denontzat gauza berberak balio.

Azkenik, laugarren kapitulua bereziki interesgarria da, liburutegi bakoitzak ezarritako helburu berritzaileak lortzeko ekintza zehatzak identifikatzen baitira.

Proiektu berriei buruzko balantzeak, estatistikak eta hausnarketak egiteko garaia da eta nik liburu on bat izango dut bidelagun: “Innovation in public libraries”. Chandos-ek editatu du, Elsevier-ek inprimatu eta 2017koa da argitalpena.

 

26

Aza / 2014

Berrikuntzak liburutegietan, bat-batekotasuna ala planifikazioa?

Autorea:

BBerrikuntzak LiburutegietanZenbait hitz modan jartzen dira, adibidez, berrikuntza hitza. Geureganatzen ditugu eta adiera desberdin eta anitzak ematen dizkiegu. Batzuetan modan egoteko baino, ez ditugu erabiltzen, haien esanahia ondo ezagutu gabe bada ere. Besteetan manipulatzen ditugu.
Adiera anitzeko hitzak izan ohi dira.

Gainera, berrikuntza hitzari liburutegi eransten badiogu, gutako gehienei berrikuntza
teknologikoa datorkigu bururura: QR kodigoak, errealitate areagotua, sare sozialak, mailegu elektronikoaren plataformak, NFC ( Near field communication) teknologia,
Raspberry pi-a etabar luzea… Termino horietako asko ingeles hutsean erabiltzen dira, “cloud computing” edo “Hodei konputazioa” (euskarazko wikipedian aurkitu dut) esate barerako, eta ez ditugu itzultzen gaurkotasunaren eta ingeles hizkuntzaren kolonialismoaren adierazle dira eta.

Berritzaileak al gara liburutegitan? Nork iragarriko zukeen duela urte batzuk?

Ironiak alde batera utzita, Maribel Riazak ,” Berrikuntzak liburutegietan” liburuaren egileak, gure lanbidearekin loturiko alderdi berri guztiak era bikainean arakatzen ditu.

Berrikuntza hitza ondo definitzeaz gain, sorkuntza ez dela berrikuntza argitzeaz gain, nire ustez, garrantzi handiko beste zerbait egiten du: berrikuntzaren planifikazioaz hausnartzen du.

Nire interesa pizten duen bakarra ez da berrikuntza teknologikoa, beste bat baizik, hau da, liburutegi ereduari, edota liburutegi sareari ezarri behar zaion berrikuntza. Prozesuen berrikuntzaz ari naiz, erabiltzaileekiko harremanenaz, lan-taldearen pentsaerarenaz, eta, nola ez, liburutegiko zuzendariari dagokion berrikuntzaz.

Eusko Jaurlaritzak liburu elektronikoen on line mailegu plataforma berritzailea, jarri duen honetan, beta eman beharko genioke planifikazio lanari eta, Euskadin nahi dugun liburutegi sistema edo liburutegi sarea egituratu eta planifikatu: funtzionamendua, giza eta ekonomia baliabideak, Aldundietako liburutegien parte hartzea

Ez dugu helburu lan-taldeak sortzea, benetako planifikazio egitea baizik eta dagokionari. Tranpa egitea da pentsatzea denon iritzia berdina dela.

” Euskadiko liburutegiaren berrantolaketa” litzateke, hain zuzen, berrikuntzarik onena. Bitartean Maribel Riazaren liburua irakurtzea gomendatzen dizuet eta baita ere “El profesional de la Informacion” bildumako beste aleak ere. Laburrak, argiak eta erabatekoak dira.

Post-data. Kasualitatea izan da berrikuntzaz hitzegitea eta jakin dut, datorren abenduaren 16an Guggenheim Bilbao Museoan, aurkeztuko dutela “Berrikuntzaren gidaliburua 2014”, Liburuaz aparte solasaldia honako izenburuarekin Susperraldia bultzatzen duten pertsona berritzaileak”