29

Abu / 2013

Kultura askea?

Autorea:

Donostiako liburutegiek “Donostiakultura” marka darama. Betidanik liburutegi eta kulturaren arteko lotura zuzen horrek  buruhausteak sortu dizkit. Nahiago nuke liburutegia “kultura” bezalako kontzeptu abstraktu eta zail batengatik urrun balego. “Liburutegia marka edo irudi” independientea izatea.

Zer da kultura? Zer da kulturaren kudeaketa? Zertaz ari gara norbait kultua dela diogunean? Pertsona bakoitzak bere erara lotzen du kultura kontzeptua (liburuak, musika, antzerkia, zinema, kultura industria, kultura kudeaketa, kultura politika, museoak, artxibategiak, liburutegiak…); dena nahasian: ekipamenduak, eraikinak, euskarri fisikoak, sormen lana, kontzeptuak…

Kultura izenari erants diezazkiokegun adjektibo edo izen lagunei dagokienez, ugariak direla esan dezakegu zalantzarik gabe, eta orriak eta orriak beteko genituzkela ere. Kultura analogikoa, digitala, elitista, musikala, gastronomikoa…, kirol kultura, ahaleginaren kultura, euskal kultura, espainiarrra… Horien guztiak ditugu

Europan kulturaren hiriburuak izendatzen dira. Eslogan anitz sortzen dira horren inguruan. Hain zaila da kultura hiriburuaren proiektua azaltzea, ezen bulegoak eta langileak kontratatzen dira horretarako; baina, hiritarrak ez daki benetan zer den:  turismo era bat, edota europar politikarien azkenengo asmakizuna helburu ekonomikoakin ala auskalo zertarako!

Leonardo Padurak uztailaren 27ko Babelian kulturaren pirateriari buruz egiten du hausnarketa. Oso gustuko dut Padura, eta artikulu osoa irakurri nuen, batez ere copyright-en harira. Gaur egungo belaunaldiak uste du ez lukeela ordaindu behar jakinduriaz eta kultura gozatzeaz. “Kultura piratak” bihurtzen dira, eskubidea dute internetetik jaisteko dohain, orain arte liburudendan erosten zituzten liburuak. Copyright-en kontzeptua da, azken finean, zalantzan jartzen dena egungo gizartean. ” Kultura askea” kontzeptua ageri da.

Kultura askea

Jaron Rowanek kultura industrialaren beherakadari buruz eta kultura askearen garrantziaz idazten du. Bere artikulua ” Kultura aske digitala” liburuan aurki dezakezue. Aholkatzen dizuet.

Bertan, kultura askea eta software askearen paralelismoak eta desberdintasunak, azaltzen dira, interneten sorrera ere eta nola erabiltzen diren idazleen eskubideak aitzaki bezala, digital mundua kontrolatzeko.

Gaur arteko kultura eredua krisian dago. Eskubide bat al da kultura? Ala baliabidea? Bideragarria al da ekonomikoki aisialdi eta kultura industria?

Azkenengo urteetan, erakunde publikoek kultura egitasmo eta entrepresak bultzatu dituzte. Donostian, kultura hiriburu izateko burrukatu da.
Edozein kultura ekintza industria delako ideia indartu da. Europan, hain zuzen, ildo horretatik doaz, ” Europa sortzaile 2014-2020” programan. Lanpostu sortzaile den industria batez ari  gara: esku-lanaren %3,8a. eta Europako PIB/ BEG-ren 4,5a.

Horren aurrean, kultura askearen mugimendua sortu zen, software askearen gariapen neurrigabean oinarrituz, eta nolabait ere, erakunde handien kulturaren pribatizazio nahien aurka. Horren guztiarekin ondorioz, Espainian Sinde-Wert legea ezarri zen.

Horrekin guztiarekin batera, tresna digitalak hainbeste merketuz dira, ezen egun ia edozeinek badu nahi duen film, musika edota liburu deskargatzerik, eguneroko remixaren kultura sortuz.

Baina, Leonardo Paduraren artikulura itzuliz, eta, ez baditugu idazleak babesten? Edertasunaz, beldurraz, minaz… Idazten duten  horiek ez baditugu babesten? Ezin badute beraien lanak idazteaz ateratako diruaz bizi? Nork idatziko du, orduan? Hau da idatzi, letra larriz, sortu! .

Sarbidea, kultura errentagarri eredu berriak, talde balioa

 Egungo erronka da, leku komunetan dauden kultura lanak eskuratzeko bidea erraztea eta, era berean, haien berritzea ahalbidetzea.

Kultura eredu berriez argitu aurretik, ondasun kultural komuna definitu behar da. Eta hor beharko genuke egon liburutegiek.
Liburutegiak sortzailearen eskubideak babesten ditu, pirata berhezituz, eta era berean, lukro desio neoliberala galgatzen du, hiritarrari kulturarekiko lotura erraztuz; hau da, lan kulturalak edozein hiritarrentzat eskura jarriz.

Gaur egun gailentzen den ekonomia liberalak ez du kultura zer den galdetuko, edota zein den liburutegien eginkizuna kultura bideratzaile moduan, ez. Batzuetan, editoreen krisiaren kaltetuak gu izango garela, liburutegiak, erakundeak ordainduriko liburu elektroniko mailegu euskarriak sortzean.

Nik, zoritxarrez, ez dut hainbeste galderentzako erantzunik. Nola asebete sortzailearen eskubidea, bere banakakoaren balioa, kulturaren giza balioaren aurrean? Nola neur daiteke kulturaren giza balioa? Zer da guretzat kultura, edota ze kultura ondasuna bideratuak behar dugu, literatura kanona ere zalantzan dagoelarik?

Badakigu Industria kulturalak datu ekonomikoak defendatuko dituela eredu ordainduen alde; lanpostuak sortzen dira, aberastasuna, etab. Nik ikusten dut, inoiz baino argiago, liburutegiak direla gora egin behar dutenak aro digital honetan; erabiltzailearen eskuratze eskubidea eta sortzailearekiko errespetua, biak batera babesteko gai diren bakarrak baitira.

Bukatzeko erosi berria dudan liburua gomendatzen dizuet,  izenburu polita du eta pirateriaren gaiarekin lotuta dago: “Un mundo de todos y de nadie : piratas, riesgos y redes en el nuevo desorden global”. Daniel Innerarity egilearena.

30

Aza / 2012

Liburutegietan murrizketarik ez!

Autorea:

Aurtengo urrian izan genituen lehenengo datu kezkagarriak liburutegien aurrekontuak direla eta. Astakeria hutsa! Eta, astakeria hitza erabiltzea ez deritzot gehiegikeria, astakeria baita zero euro eskaintzea liburuak eta beste materialak (aldizkariak, CDak, DVDak…) erosteari, Estatuan ditugun 52 liburutegi publikoetan.

Vargas Llosak bere “ Ikuskizunaren zibilizazioa” liburuan, V atalean ” Kultura, politika eta boterea”, politika eta kulturaren arteko harremanaren arriskuaz ohartarazten gaitu. Gaur egungo kultura, ikuskizunarena, lagunkeriarena bada, zer dela eta harrituko dira, liburuak erosteari xoxik ez emateagatik? Zenbat kultur zinegotzik ez zuen irakurriko liburu bakar bat unibertsitate ikasketa guztian zehar? Zenbatek maisu edo lizentziatu izan arren ez dakien ezer liburutegiez baina lasai asko liburuzainei lezioak emateko gai ikusten duen bere burua? Zenbat plan estrategiko kudeatzailek, guri kontsultarik egin gabe, erabakitzen duen zein liburutegi zerbitzutan kobratzen hasi? Zenbat ekonomilari eta finantziarik erabakiko du datorren urteko liburutegiak hornitzeko aurrekontua?

Gogorarazi nahi dut liburutegi zerbitzua udal konpetentzia dela, hots, udal liburutegien ardura. Udalak liburutegi zerbitzua legez bermatu behar du.
Badakit, egia da bai, Udalek arazoak dituzte behar guztiak asetzeko, baina ez luke murriztu behar, berak konpetentzia duen arlo batean.

Euskadiko liburutegien Legearen arabera Eusko Jaurlaritzak ere dauka ardura, udal liburutegi-zerbitzuak sustatu eta hobetzeko. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu beharko genioke ez urritzeko, berez jadanik eskasak diren liburutegientzako laguntzak. Aldiz, une egokia litzateke ohikoa baino laguntza handiagoa emateko liburutegiei. Jaurlaritzaren laguntza Donostiako liburutegien gastuaren %13 baino ez baita.

Hain zuzen, ez dezagun kultur burbuila bat sortu Tabakalerarekin. Izan gaitezen
zentzudunak! Ez badago dirurik jardunean ari diren liburutegiak hornitzeko ; Donostiako
zinemaldiak murrizketak jasan behar baditu ; Musika Hamabostaldiak ere ; museoek,
Artium esaterako egoera larrian dago; zertan ari gara Tabakalerarekin? Ez ditzagun iraganeko akatsak errepika.

Badago liburutegirik mantentzerik bildumak berritu gabe?

Ez dago liburutegi zerbitzurik bildumak ez badira berritzen, horiek dira liburutegietako
zerbitzu guztien ardatza. Liburu berriak erosteko dirua kentzea, liburutegia akabatzea
litzateke. Ez badago berrikuntzarik erabiltzaileak interesa galtzen du,  eta irakurzaletasunak behera egingo du. Liburutegia zabaldurik izatea ez da nahikoa, edukiak eta jarduerak dira beharrezkoak.

Euskadiko liburutegietan ba al dago murrizketarik dagoeneko?

Nik uste dut baietz, baina komukikabideetan ez dut ezer irakurri. Kulturan murrizketak izan dira hori islatu dute komunikabideek,  baina ez genituzke konparatu behar  liburutegiak  beste arlo kulturalekin. Liburutegiak beti txiroak izan garelako beraz orain nondik kendu?  Donostian,  2010. urtetik ari gara murrizketak jasaten

Orain arte Euskadiko liburutegien mapa berrantolatzeko, egokitzeko, Legearen zenbait alde ezartzeko, eskatzen banuen, hemendik aurrera beharrezkoa uste nuena, derrigorrezkoa deritzot.

Euskadiko liburutegien Legeak ez ditu arazoak konpontzen. Adibidez, Foru Liburutegien eginbeharra zehaztu behar da eta haien funtzioak definitu. Eusko Jaurlaritzako. Liburutegi  zerbitzu teknikoak denetariko baliabideez hornitu behar dira; horiek zuzentzen baitute on-line irakurketa sare publikoa.

Iwetelen zerrendan liburutegizainek kritikak jaso zituzten, murrizketak zirela eta isilik
mantentzeagatik. Ez dezagun iruzurrik egin, isiltasunak ez du esan nahi ados gaudenik… Javier Mariasek bere blogean  murrizketak kritikatu zituen  eta idazleen kritikak oihartzuna dute. Euskal idazleek ere badute egiterik eta egin beharrean daude! Baina tira, liburuzainen ahotsa nork entzuten du ?

Gaur, lanera nentorrela, kultur hiriburutzaren esloganari erreparatu diot:  Donostiako Udalaren balkoian dago, eta horrela dio” Kulturarekin askeago”

Bestek diote : egiak  aske egiten gaitu…

Zuen txanda

26

Abu / 2012

Maoismo digitala

Autorea:

Jaron Lanierek, ” Artalde digitalaren aurka” liburuaren egileak, eta halaber “Maoismo digitala”ren idatziarenak, kolektibismo berriaren arriskuez eta Wikipedia bezalako webetan egiten den adimen kolektiboaren erabileraz ohartarazi nahi gaitu. Artikulua eta ondorengo iruzkin eta erantzunak, “Kultura” liburuan jasota daude. Liburua John Brockmanek koordinatu du eta bertan mundu osoko adituek idatzi dute: zientzilariak, psikologoak, fisikariak…

Liburuak nire arreta erakarri zuen, batetik zientzilariak zirelako hausnarketariak; eta bestetik gaur egungo gizarteaz, arteaz, politikaz interneten “omnipresentziaz”…aritzen zirelako.

Baita liburuaren izenburuak  “Kultura” piztu zuen nigan, liburuan surfeatzeko gogoa.

Wikipediak berak ez du Lanier kezkatzen, berak dio (132 or.) “ Arazoa datza eman zaion erabileran, hain agudo lortutako garrantzian. Horretan datza kolektibismo elektroniko berriaren erakargarritasuna: taldeak, kolektiboak dena jakiten du, eragingarria den guztia…”
Nor ez kezkatzen Google, Amazon, Apple, Facebook eta Wikipediaren informazio monopolioaz? Norbaitek ulertzen al du Googeleren algoritmoa? Ba al dakite natibo digitalek taldekoa ona izan daitekeela, baina jakin behar dela nor dabilen atzean? Ba al dakite enpresek beti gauza beraren bila ibiltzen direla dirua irabazteko asmoz?
LANIERRI ERANTZUNAK

Liburu berean, iritzi desberdineko autoreek Lanierri erantzuteko aukera dute: Douglas Ruskkof, Cory Doctorov, Kevin Kelly, Clay Shirky, Esther Dyson, Larry Sanger eta Jimmy Wales.Wikipediaren sortzaileak..

Guztiek eskertzen dute Lanierren aportazioa, eta bakantasunaren galeraz hausnarketa egiten dute.

Guztien iritziz Wikipedia proiektu erraldoia da, izugarria! Eta akatsak izan baditu ere, zuzendu dituelakoan daude, eta ildo horretatik jarraitzeko asmotan daude.

Liburuzain bezala ikusi ditut paperezko entziklopediak hiltzen: Espasa, Larousse, Britannica .. Wikipedia proiektua irabazlea da, eta ez hain zuzen artikuluengatik , baizik eta helburu intelektual soilez antolaturiko lan kopuru izugarriarengatik.

Talde eta artaldeekiko beldur izaten gara guztiok, ikusi baitugu, kolektiboak, ezkerrekoa izan, zein eskuinekoa nora eraman gaitezkeen. Baina, nik Jimmy Walesekin bat egiten dut: ez gara artaldea, ezta ardi intelektualak ere.

Lanierrek pentsatzera bultzatzen gaitu eta hori beti eskertzekoa da.

05

Abe / 2011

Pariseko Munduko Kulturen Etxea

Autorea:


Frantziako Komunikabide eta Kultura Ministerioaren ardatzetako bat da munduko kultur eragile jendea Frantzian batzea, aldi baterako. Liburutegizainak, artistak, musikariak, museozainak,  kultur politika eragileak; dantza, artxibategi, patrimonio eta kultur eraikin adituak… biltzen dira.
Egitasmo honi, esaten diote “Programme Courants”. 1992an sortu zen eta Maison de Cultures de Monde-k kudeatzen du. Erakunde hori  Cherif Khaznadarrek 1982an sortu zuen. Gaur egun, Award Esberren zuzendaritzapean hogei lagunek jarduten dute lanean.

Gehiago irakurri

19

Urr / 2011

Mundu-Kultura

Autorea:

Globalizatutako kultura erregimenean gaude, edo Gilles Lipovetsky-k eta Jean Serroy-ek dioten bezala mundu-kultura baten aurrean gaude. Gaur egun, kulturaren deslurraldetasuna eta bateratasuna nabariak dira, eta hala ere, joera horrekin batera, kultur desberdinen berezitasunak nabarmentzen eta entzutetsu egiten ari dira.

Kultura transmititzaileen orientazio faltaz hitz egin dezakegu: hezitzaileak, kultur erakundeak, liburutegi eta museo arduradunak. arte, zinema eta antzerki programatzaileak… horiek guztiek, antzematen dute huskeri askok kultur balioa hartzen dutela. Kultura edo kultur gabeziaren aurrean gaude?

Gehiago irakurri