01

Ots / 2017

Kapitainaren liburuak-Bernardo Atxagaren liburutegia

Autorea:

Los reinos de papel, bibliotecas de escritores

Jesus Marchamalo egileak “Los reinos de papel” izeneko bere liburuan hautatu dituen idazleen liburutegien artean, Bernardo Atxaga idazlearen liburutegia nabarmendu nahiko nuke. Euskal idazleen liburutegiez aritzen diren liburuak oso urriak dira eta, ondorioz, atsegin handiz irakurri nituen bere liburutegiari buruzko lau orrialdeak. Eta, halaber, zuri-beltzeko zazpi argazki daude; egilearena bat, liburutegiarenak beste guztiak.

Jesus Marchamaloren liburuaren jatorria ABC egunkariko kultura osagarrian 2007ko amaieran argitaratu zituen artikuluen bilketa bat da. Aipatu artikuluak egile liburutegiak epigrafearekin argitaratu ziren. Egile liburutegi horiei esker, Jesus Marchamalok bidaiatu eta idazle askoren liburutegiak ezagutu eta bisitatzeko aukera izan zuen .Idazle guztiek beren etxetako, beren intimitatearen ateak ireki zizkioten.

2013ko erdialdera, Miguel Delibes Fundazioarekin batera lanean hasi eta idazleen liburutegiak biltzen jarraitu zuen egileak.

Ondoko idazleen liburutegiak aurkituko dituzue “Los reinos de papel” liburuan:Julio Llamazares, Ignacio Martinez de Pisón, Manuel Vicent,  Elvira Lindo, Félix de Azúa, Ángeles Caso, Antonio Colinas, David Trueba, Javier Gomá, Luis Antonio de Villena, Marta Sanz, Manuel Longares, Vicente Molina Foix, Luis Garcia Montero, Lorenzo Silva, Rosa Montero,  J.J. Armas Marcelo eta Miguel Delibes.

Egileak dioenez, Marguerite Yourcenar zenak pertsona bat ezagutzeko erarik onena bere liburuak ezagutzea zela esan zuen. Idazleen kasuan, beren liburuak ezagutzea egile horien literatura-unibertsoetara gerturatzea izan daiteke.

 Zer dio Bernardo Atxagaren liburutegiak bere pertsonari eta bere literatura-unibertsoari buruz? Ontzi-kapitaina al da Bernardo Atxaga?

Gure egile ezagunenari eskaini zaion kapituluaren izenburua ondokoa da: “Los libros del capitán” [Kapitainaren liburuak].Gudu, irakurketa eta bidai frankotan zailduriko kapitain Bernardo Atxagaren liburutegia bere etxeko ganbaran dago.Liburutegiaren zati bat antolatua dago dagoeneko; beste zatia, bidean.“Liburutegia antolatzen duzun bitartean, nolabait, zeure burua antolatzen duzu ere”. Atxagak “Bere liburutegia bilduma bat bilakatzeko, liburuak biltzeko gogo argia dauka; ez liburu garestiak, berak gustuko dituenak baizik”.

Liburutegiak muga leuneko kode bat jarraitzen du. Olerkariak alde batean –Juan Ramón, Cernuda, Sylvia Plath-; fikzioa bestean eta entsegua, beste kontinentea, hirugarren batean .Marchamalok dioenez Bernardoren aitaginarreba Andonik ordena alfabetikoa erabiltzen du eta, halaber, Atxagak liburuak bere nahierara pilatzean sortzen duen kaosa antolatzen du.

Atxagaren liburutegian nerabezaroan irakurritako liburuak aurki daitezke ere: Heinrich Böll, Herman Hesse, Günter Grass, Tolstoi, Chejov, Dostoievski eta, bereziki, azal fuksia eta izenburua zuri-beltzean duen eta bizitza betirako aldatu zion liburua: Bertold Brechten “Poemas y canciones”. Liburua irakurri ostean, Bartzelonara joan zen filosofia ikastera.

Atxagaren liburutegian ezinbestekoa da, noski, euskal liburuen atala, “sorpresarik gabea eta ugaria”. Sabai-leihotik gertu dauden bi apalategi-gorputz hartzen ditu eta horien buru, Gabriel Aresti irribarretsu baten argazkia dago. Arestik idazteko eta idatzitako hori argitaratzeko adorea eman zion.Berari esker hasi nintzen argitaratzen eta, ondorioz, estimu handitan daukat”.

Idazle bakoitzak hiru liburu hautatu behar zituen. Egilea markatu duen literatura unibertsaleko liburu bat, egile beraren beste bat eta, azkenik, Miguel Delibesen Fundazioaren enkargua denez liburua, egile horren liburu bat.

Atxagak aukeratu duen literatura unibertsaleko liburua Bertold Brechten “Poemas y canciones” da. Bere liburua, Nevadako egunak.Eta Delibesen liburua, “Viejas historias de Castilla la Vieja”.

Urte honetako nire lehen postak liburutegiak, zenbakiak, errendimendua, maileguen kopurua, egindako jarduerak eta antzekoak jorratu behar zituen. Balantzea egiteko, liburutegi-sarearen aro berriaz hitz egiteko unea zen baina “Los reinos de papel”-ekin topo egin dut eta aipatuan murgildu eta liburuarekin amets egitea nahiago izan dut.

“Baketsua izaten jarraitzen duen etxeko toki bakarra liburuak dira”, Julio Cortázar.

Bernardo Atxagaren Literatur unibertsoa ezagutzeko “Muskerraren bidea” Asteasun egiten den ibilbide literarioa gomendatzen dizuet. Nik egin nuen eta izugarri gustatu zitzaidan. Argazkiak lekuko dira.

Muskerraren bidea1 Muskerraren bidea2 Muskerraren bidea3 Muskerraren bidea4

15

Mar / 2016

2016 liburutegia

Autorea:

Alderdi ederIntxaurrondo liburutegia
Donostian Europako kultur hiriburuaren jardueren programazio zabalean kokatuta, ezin zen falta irakurketari lotutako proiektu bat.Proiektua “2016 Irakurketa” deitzen da, eta 2016. urterako liburu-aholkuak ekartzen ditu. Liburu-aukeraketa hiriburutzaren hamabost proiektutan oinarritzen da eta hautaketan liburu-saltzaile, liburuzain eta editoreek parte hartu dute. Liburuek liburutegi bat eratzen dutenez, nik “2016rako liburutegia” deitzen diot.

Proiektuak ondorengoak dira:  Altzoko Haundia; Chejov versus Shakespeare; Rekording; Street tARTar; Entre Arenas; Baitara Baita; Gabon Txirrita; Festival Stop Gerra; Pasabide-zubiak; DSSirez; Hiri partekatua; Corners of Europe; Insert Change; Tosta CC; Bake Ituna. Webgunean, proiektu bakoitza zehazten da programa atalean.

Eleberriek, entseguek, komikiek, ipuinek eta poesiak liburutegi txiki bat eratzen dute eta, gainera, apalategia / erakusmahaia daukate. Arquimaña arkitekto-estudioak eta Yurritaren ebanisteriak (Errenterian) egindako apalategia. Erakusmahaia/apalategia hautatzeko lehiaketa publiko bat egin zen, eta Arquimaña enpresa izan zen irabazlea. Bi apalategi mota daude: bata, 90 liburu ingururentzako edukiera duena eta, bestea, 365 libururentzat. Apalategiak donostiako liburutegi eta liburudendetan daude.

Nola hautatu ditugu? Zein irizpide baliatu ditugu horren gauza zaila egiteko? Nortzuek egin dugu hautaketa?

Hiriburutzako proiektu bakoitzak azalpen labur bat dauka, baita laburbiltzeko gako-hitz batzuk ere. Gako-hitz horiek erabakigarriak izan dira hautaketan, baina beste irizpide batzuk ere bazeuden:

  •  Herritar, ume eta heldu guztientzako liburuak.
  •   Komunitateko bi hizkuntzetan, euskara eta gaztelania.
  •   Liburu-dendetan salgai zeuden liburuak, liburu ez agortuak
  •   Hogeita bost liburu proiektuko, gutxi gorabehera.
  •   Batez ere literatura, entsegua, komikiak. Kritikaren bat jaso dugu hautaketan, Irakurketa erraza sailkatu daitekeen libururik gehitu ez dugulako. Lehenengo hautaketan baziren, baina batzordeak gainontzean, liburu-dendek, argitaletxeek eta beste liburutegi batzuek hautatutakoa gehitzean, baztertu egin ziren. Geure errua, esan behar dugu, bai.

Guztira, 365 liburuk osatzen dute 2016 Liburutegia, bat urteko egun bakoitzeko. DonostiaKulturako webgunean daukazue zerrenda osoa, liburutegien atalean.

Adibide bat jarriko dizuet. “Chejov versus Shakespeare” deitutako proiektua, Amos Oz-en idazlearen ideian oinarritzen da. Berak dioenez, Ekialde Hurbilekoa bezalako gatazketan, bi ikuspegi literario ezkontzen dira edo bat egiten dute : alde batetik Shakespearen justizia poetikoa, inork atzera egiten ez duenean eta printzipioak eta ohorea beste ideia guztien gainetik daudenean, bizitza barne, eta honen ondorioz odolez beterik eszenatokia geratuko da; eta bestetik, Chejoven lurreko justizia. Pertsonaiak arazoei buruz hitz egiten saiatuko dira eta gatazkak konpontzen saiatzen dira eta honen ondorioz, etxera bueltatuko dira, haserre, baina bizirik.

Proiektua laburbiltzeko gako-hitz hauek erabili ditugu:: gutun-generoa, metaliteratura, ipuinak eta idazleak zein gatazkak.

Zein 25 liburu aurkituko ditugu Chejov versus Shakespeare deitutako proiektuan?

Natalia Ginzburgek Anton Chejov-i buruzko biografia zoragarri bat egin zuen eta hori eskaintzen dizuegu; Anton Chejoven Ipuin osoak (1887-1893) errusiar egile handi hori hobeto ezagutzen laguntzen digute. Ez utzi e-liburutegian begiratzeari, egile horren Alba argitaletxeko hirurogei ipuin biltzen dira bertan.

Vicente Aleixandre-k Miguel Hernández-i eta Josefina Manresa-ri bidalitako gutun argitaragabeak De Nobel a Novel deitutako liburuan, edo Marguerite Yourcenar-en Hadrianoren oroitzapenak, bizitza osorako liburua, (gaztelaniaz ere badena); halaber, Katherine Kreusmann-en Paradero desconocido liburua dugu, nazismoaren kontra inoiz irakurri dudan aldarrikapen onena, eta 80 orrialdetan baino ez. Bi adiskideren arteko gutun-elkartrukea, bata, judua, Max Eisenstein deitutakoa eta, bestea, alemana, Martin Schulse, gogorra da, tristea eta, zoritxarrez, benetakoa. Ze gutxi irauten duen adiskidetasunak. Eleberria euskarara itzuli zuen Ramon Etxezarretak.

Aquí y ahora: cartas 2008-2011 Paul Auster eta J. M. Coetzee-ren arteko gutun-elkartrukea da; Cartas del verano de 1926, Marina Tsvetaeva, Boris Pasternak eta Rainer Maria Rilke arteko gutunak dira; Marcel Schowb-en Las cartas parisinas gaurkotasuna duten artikuluak dira, politikari, mediku, anarkista eta antzerkiko jendearen bizitzako orriak biltzen ditu eta, guztia ere, egilearen estilo ironiko eta zirikatzaileaz.

El piloto de Hiroshima, Claude Earley eta Gunter Anders-en arteko gutun-trukea da eta, Orwell en España, Homenaje a Cataluña, berriz, gerraren kontrako narrazio zoragarria da. Orwellek Espainiako gerra zibilari buruz idatzitako guztia biltzen duen liburua da, ezin bestekoa.
Guerra y emancipaciónek Abraham Lincoln eta Karl Marx-ek esklabotasunaren gaiari buruz elkarri bidalitako gutunak biltzen ditu. Gutun-elkartrukea Estatu Batuetako gerra zibilaren bukaeran kokatzen da; Ser amigo mío es funesto munduko literaturako bi handiren, Stefan Zweig eta Joseph Roth-en arteko gutun-elkartrukea da; haien gutunek bi egileen pribatutasuneko alderdiak erakusten dituzte, eta zintzotasunez beteta daude. Ezin besteko liburua da Europaren bilakaera ulertzeko; 84, Charing Cross Road eleberria. Zinemara eraman zuten liburu labur hau ezin bestekoa da liburu-dendetan disfrutatzen dugunontzat. New Yorken bizi den Helena Hanff idazlearen eta Frank Doel liburusaltzailaren arteko fikzio bat da.

Euskaraz baditugu ere Ramon Saizarbitoriaren Martutene, metaliteraturaren eredu; Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak; Bernardo Atxagaren harribitxi literario hauxe, Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian; Hitzezko txalupak Josu Martínez eta Alfonso Etxegarairen arteko gutun-elkartrukea da; Harkaitz Canoren Twist, berriz, euskaraz zein gaztelaniaz aurkituko duzu. Horiek guztiak e-liburutegiko e-books mailegu-plataforman aurkitu ahal izango dituzu.

Hautaketa hau ixteko, hona Mariama Bà-ren Hain gutun luzea, gaztelaniaz, frantsesez zein euskaraz; Las desventuras del joven Werther Goethek idatzia ; Vasili Grossman egile errusiar handiaren bi liburu dira era hautaketan Vida y destino eta Una vida entera; El síndrome de Chejov , Miguel Angek Muñozek idatzia; Querido Diego te abraza Quiela, Elena Poniatowskak idatzia eta askenik injustiziaren kontrako aldarria. J’accuse , Nik Salatzen dut  liburuaz ari naiz: Emile Zola idazlearen liburuan, garai hartako Frantzian, Alfred Dreyfus kapitainaren kontrako antisemitismoa salatu zuen, froga faltsuek eramanda, Dreyfusek gerra-kontseilu bat jasan behar izan baitzuen, judua zela eta. Kazetariak, idazleak, pertsonak, oro har, behar ditugu, altxa daitezen eta, gezurraren aurrean, “jar dezagun egia martxan” esan dezaten. Dreyfus birgaitua izan zen.

Post honetan, Chejov versus Shakespeare proiektuaren ia liburu guztiak azaldu dizkizuet, baina 2016an aurrerago, gainontzeko proiektuetako liburuez hitz egingo dizuet.

Gure hiriburutzari egin zaion kritika bat hiriburu kontzeptuala izatea da eta, ia ezinezko dirudiela atzeman ezin diren gai eta kontzeptu zabalak murriztea, adibidez, bakea, gerra, bizikidetza, besteen errespetua, desberdinaren errespetua, zubiak eraikitzea

Hiriburutza honetarako irakurgaien hautaketa ere eztabaidagarria da. Badakigu asko falta direla, denak ez daudela, baina daudenak liburu bikainak dira, liburu-dendariek, liburuzainek eta argitaratzaileek hautatuak. Horietako libururen bat irakurtzea bada lorpen txiki-handi bat. Gainera, irakurgaiek beste irakurgai batzuei buruz hitz eginarazten digute eta, horrenbestez, “herritarren partaidetza” eztabaidagarri hori nahi dugu, gure erabiltzaileen konplizitatea, urte honetan handitzen joan eta 2016 liburutegia osatu ahal izatea.

Liburutegi-txartela beste edozein identitate-agiri baino garrantzitsuagotzat daukatenentzako proposamenak dira.

Hiriburutzaren “2016 irakurketa“ proiektua hainbat jarduerarekin osatuko da, adibidez, “Donostiako literatur mapa”. Kale-mapa horretan, gure hirian gertatzen diren eleberriak bilduko dira, baita liburu-denden eta liburutegien helbideak, eta donostiar egileak. Gainera, liburu-denden biltzar bat egingo dugu maiatzean eta, bertan, omenez jantzitako liburu-dendari eta liburu-dendak izango dira; bukatzeko, idazleen arteko elkarrizketak egingo ditugu, ikuspegi literario desberdina dutenen arteko elkarrizketak. Suspenseari lekua utzi behar zaionez, ez dizuet detaile gehiagorik emango.

Eta zuek zein aukeratzen duzue Shakespeare edo Chejov? 2016ko zerrendan ez dago Shakespeare baina irakurri ezazue. E-liburutegian dituzue hamahiru liburu.

Fikzioaren izterrakYo acuso /Emile ZolaIrakurketa 2016 apalategia

DSS2016 AmaranC01581 (3)

De Nobel a novel

Aqui y ahora0001

escanearParadero desconocidoChejov