30

Aza / 2012

Liburutegietan murrizketarik ez!

Autorea: arantza

Aurtengo urrian izan genituen lehenengo datu kezkagarriak liburutegien aurrekontuak direla eta. Astakeria hutsa! Eta, astakeria hitza erabiltzea ez deritzot gehiegikeria, astakeria baita zero euro eskaintzea liburuak eta beste materialak (aldizkariak, CDak, DVDak…) erosteari, Estatuan ditugun 52 liburutegi publikoetan.

Vargas Llosak bere “ Ikuskizunaren zibilizazioa” liburuan, V atalean ” Kultura, politika eta boterea”, politika eta kulturaren arteko harremanaren arriskuaz ohartarazten gaitu. Gaur egungo kultura, ikuskizunarena, lagunkeriarena bada, zer dela eta harrituko dira, liburuak erosteari xoxik ez emateagatik? Zenbat kultur zinegotzik ez zuen irakurriko liburu bakar bat unibertsitate ikasketa guztian zehar? Zenbatek maisu edo lizentziatu izan arren ez dakien ezer liburutegiez baina lasai asko liburuzainei lezioak emateko gai ikusten duen bere burua? Zenbat plan estrategiko kudeatzailek, guri kontsultarik egin gabe, erabakitzen duen zein liburutegi zerbitzutan kobratzen hasi? Zenbat ekonomilari eta finantziarik erabakiko du datorren urteko liburutegiak hornitzeko aurrekontua?

Gogorarazi nahi dut liburutegi zerbitzua udal konpetentzia dela, hots, udal liburutegien ardura. Udalak liburutegi zerbitzua legez bermatu behar du.
Badakit, egia da bai, Udalek arazoak dituzte behar guztiak asetzeko, baina ez luke murriztu behar, berak konpetentzia duen arlo batean.

Euskadiko liburutegien Legearen arabera Eusko Jaurlaritzak ere dauka ardura, udal liburutegi-zerbitzuak sustatu eta hobetzeko. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu beharko genioke ez urritzeko, berez jadanik eskasak diren liburutegientzako laguntzak. Aldiz, une egokia litzateke ohikoa baino laguntza handiagoa emateko liburutegiei. Jaurlaritzaren laguntza Donostiako liburutegien gastuaren %13 baino ez baita.

Hain zuzen, ez dezagun kultur burbuila bat sortu Tabakalerarekin. Izan gaitezen
zentzudunak! Ez badago dirurik jardunean ari diren liburutegiak hornitzeko ; Donostiako
zinemaldiak murrizketak jasan behar baditu ; Musika Hamabostaldiak ere ; museoek,
Artium esaterako egoera larrian dago; zertan ari gara Tabakalerarekin? Ez ditzagun iraganeko akatsak errepika.

Badago liburutegirik mantentzerik bildumak berritu gabe?

Ez dago liburutegi zerbitzurik bildumak ez badira berritzen, horiek dira liburutegietako
zerbitzu guztien ardatza. Liburu berriak erosteko dirua kentzea, liburutegia akabatzea
litzateke. Ez badago berrikuntzarik erabiltzaileak interesa galtzen du,  eta irakurzaletasunak behera egingo du. Liburutegia zabaldurik izatea ez da nahikoa, edukiak eta jarduerak dira beharrezkoak.

Euskadiko liburutegietan ba al dago murrizketarik dagoeneko?

Nik uste dut baietz, baina komukikabideetan ez dut ezer irakurri. Kulturan murrizketak izan dira hori islatu dute komunikabideek,  baina ez genituzke konparatu behar  liburutegiak  beste arlo kulturalekin. Liburutegiak beti txiroak izan garelako beraz orain nondik kendu?  Donostian,  2010. urtetik ari gara murrizketak jasaten

Orain arte Euskadiko liburutegien mapa berrantolatzeko, egokitzeko, Legearen zenbait alde ezartzeko, eskatzen banuen, hemendik aurrera beharrezkoa uste nuena, derrigorrezkoa deritzot.

Euskadiko liburutegien Legeak ez ditu arazoak konpontzen. Adibidez, Foru Liburutegien eginbeharra zehaztu behar da eta haien funtzioak definitu. Eusko Jaurlaritzako. Liburutegi  zerbitzu teknikoak denetariko baliabideez hornitu behar dira; horiek zuzentzen baitute on-line irakurketa sare publikoa.

Iwetelen zerrendan liburutegizainek kritikak jaso zituzten, murrizketak zirela eta isilik
mantentzeagatik. Ez dezagun iruzurrik egin, isiltasunak ez du esan nahi ados gaudenik… Javier Mariasek bere blogean  murrizketak kritikatu zituen  eta idazleen kritikak oihartzuna dute. Euskal idazleek ere badute egiterik eta egin beharrean daude! Baina tira, liburuzainen ahotsa nork entzuten du ?

Gaur, lanera nentorrela, kultur hiriburutzaren esloganari erreparatu diot:  Donostiako Udalaren balkoian dago, eta horrela dio” Kulturarekin askeago”

Bestek diote : egiak  aske egiten gaitu…

Zuen txanda

One thought

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude