30

Mar / 2012

Donostiako Udal Liburutegi Nagusiaren ametsa

Autorea: arantza


2011an Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratutako eta  Teresa Agirreazaldegik koordinatutako “Dokumentazioa eta ondare bibliografioaren komunikazioa” liburuan, zenbait artikulu interesgarri aurkitu ditut, besteak beste, Joan Mari Torrealdairena:” Biblioteka Nazionalaren ametsa” izenekoa. Horrek nire ametsa gogorarazi dit, nire helburua (betegabea) : Donostian Udal liburutegi Nagusia eraikin bakar batean izatea.
1999tik gure antolaketa honako hau da: helduentzako Liburutegi Nagusia Alderdi Ederren, Udaletxeko behealdean; Biblioteka Nagusia Alderdi eder-helduen saila

Haur eta gazteen  Saila eta Dokumentaziogunea Fermin Calbeton kalean; eta, Konstituzioko enparantzan, liburutegi zaharraren eraikinean, unitate zerbitzu teknikoak, bilduma historikoen biltegia eta Donostia Kulturaren bulegoak.

Liburutegiaren jatorria.
Udal liburutegia 1874an sortu zen. Hiriko lehenengoa da, Foru Aldundikoa(1944) (egun Koldo Mitxelena) baino lehenagokoa.
.
Udal liburutegiaren historia, lekualdaketen historia da. Garibai kalean egon zen, Andiarekin izkina egiten duen eraikinean. Gero, gaur egun Postaetxea dagoen tokian, eta bigarren errepublika garaian, 1932an, San Telmo Museoa dagoen lekuan,  eta hortik Konstituzio Plazara.  Hor ezagutu nuen nik.

Bertako historilariren batek hau irakurriko balu, gogorarazi nahi nuke ez dagoela  liburutegiaren historia biltzen duen libururik, euskal kultur arloan garrantzitsuak izan diren  liburutegi  zuzendariak egon badira ere… José Manterola, Antonio Arzak, Rufino Mendiola, besteak beste, eta lehen emakume zuzendaria , 1972an, Eulalia San Agustin.

Ikusten dugunez, eraikin egokiaren beharra arazo errepikakorra da. Liburutegi publikoak aldatzen joaten dira gizartearen beharrei egokitu nahian. Besteren batean ere honetaz jardun dut, norbaitek uste badu Internet garaian gaudelako, hau da paperezko liburua hiltzear dagoela, eta horren ondorioz leku arazorik ez duen liburutegira iritsiko garela, jai dauka! Futurologoak maizegi okertzen dira…
“Guru” horiei guztiei aholkatuko nieke IFLAk 2007an liburutegi eraikinei buruz argitaratutako liburua. Aholkuak, estandarrak, gutxieneko azalera… Liburua da: IFLA Library building guidelines : developements and reflections”. Badugu ale bat gure sarean

Azken lekualdatzea

1999an Konstituzio Enparantzako eraikin esanguratsua utzi genuen, oztopo arkitektonikoak eta ondarearen baldintzak zirela eta, Udaletxeko eraikinaren behealdera behintzat behineko joan ginelarik.

Bertako hemeroteka lekualdatze horren lekuko da. Batzuk kritikatu zuten, beste batzuk  berriz, ontzat eman. Alderdi Ederrera etorri ginenetik, lehenengo urteetan beste zenbait leku proposatu zituzten: San Bartolome, Goikoa Jauregia, Gobernu Zibila, Bretxako arrandegia… Gero alderdi politikoek beraien programa politikoetatik at utzi gintuzten, Alderdi Popularrak azkenengo hautezkundetan Espainiako bankua proposatu duen arte.

Gutaz ahaztu bide dira eta, batzuetan hori ona izan daitekeen, arren, gure egoeran ahanzdura kezkagarria da.

Euskadiko 11/2007ko liburutegi Legeak ez ditu hiri liburutegi sareak arautzen. Besterik gabe, III tituluan, 26.2 artikuluan aipatzen da 30.000 biztanle baino gehiagoko udalek Hiri Liburutegi Nagusia izan behar dutela. Baina, zerbait arautuagoa eta garatuagoa behar dugu.

Nik “Udal Liburutegi Publikoa: hiri sareentzako jarraibideak” dokumentua kontsultatzen dut. Bartzelonako Aldundiak argitaratua da eta oinarrizkoa deritzot, hiri liburutegi sare bat zer den ulertu nahi duen edonorentzat.

Alderdi Eder gaur egun.

Alderdi Ederreko liburutegia leku zoragarrian kokatua dago, baina instalazioak txiki geratu zaizkigu berriro. Ezin ditugu zerbitzu berriak programatu; hiru eraikinetan sakabanatuak gaude; zaila da giza baliabideak eta ekonomikoak optimizatzea; biltegira eraman behar izaten ditugu liburu eta dokumentu interesgarri asko leku faltagatik… Ekintzak ez dira beti liburutegiarekin lotzen beste eraikinean burutzen baitira, hau da San Jeronimo kalean dugun aretoan “Kriptan”, gurasoek eta seme-alabek ezin dute liburutegi bera partekatu.

Zerbitzu ona ematen dugu eta horren adierazle joan den urteko datuak ditugu. 267.640 bisitari izan genituen, 895,12 batez beste egunean. 132.703 mailegu, 443,82 batez beste egunean, eta 138 jarduera. 

Gure liburutegia oso bizia da, erabiltzaile anitz dugu, baina leku gehiago behar dugu. Gure aldarrikapena ez da berria. Denetara, Donostia bezalako hiri batentzat,  6.000 metro koadro behar dira, hala diote katalanak hiri sareko estandarretan.

Bestaldetik, badaukagu gure hirian Tabakalera eraikina. Birmoldaketa prozesuan dago, kudeatzaile eta zuzendari beharrean. Eraikinean Mediaketa bat egongo da, eta nire ustez, aprobetxatu egin beharko genuke hiriko liburutegi desberdinen funtsioaz hitzegiteko, eta argi esanda udal liburutegi saretik kanpo ez luke egon behar. Badakit bai, Tabakalera aipatzea baikor hutsa naizela adieraztea dela, hiru erakunde, hiru kide bateratzea … Baina, egoera birtualean bada ere, bota dut botatzekoa.

.San Telmo Udal Museoa kostata, baina abian da. Eta noizko Liburutegi berria? Ba al dago modu hoberik 2016ko kulturaren hiriburutasuna ospatzeko?

Oroimena izatea  eta amestea ez da txarra. Joan Mari Torrealdairen artikulua gustatu zait, berak Euskadiko Liburutegi Nazionalarekin amestean agerian uzten baitu Euskadik duen premi larria liburutegi sare guztiak berrantolatzeko.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude