30

Api / 2013

Nazioarteko liburu eguna. Izango al dute liburudendek lekurik etorkizunean?

Autorea: arantza

Día internacioal del libro 2013. servicio bibliotecario
Ospatu berri dugu Liburuaren eguna, apirilaren 23an. Donostiako udal liburutegiek  badaramagu hamar bat  urte egun hori dela eta, Gipuzkoa Plazan karpa bat jartzen. Bertan eskolekin zenbait ekintza burutzen ditugu, irakurle eta erosle onenei sariak banatzen dizkiegu, jendaurreko irakurketa egiten da… Gure helburua liburu saltzaileei laguntzea da.

Aurten, bereziki alkatea eta zinegotziak zoriondu nahi ditut, lanpeturik egon arren, guregana hurbiltzeagatik irakurketan parte hartzeko. Beraiek aukeratutako testua izan da, momentuan irakurtzen ari diren liburukoa, edo 1813 urtearekin zerikusirik duena, Donostiaren erreketaren urteurrena ospatzen ari baikara aurten. Urtero, irakurketa horretara konbidatzen dugu jendea: idazleak, editoreak, hiritar ezezagunak… Ez dut inoiz ilararik sortu, baina ez dut etsiko, erronka moduko bat da niretzat.

Eta, liburudendak?

Liburuaren egunean, protagonismoa liburusaltzaileari dagokio, eta salmentari. Prentsaurrekoan galdera nagusiak liburudenden krisialdiari buruzkoak izan ziren. Liburu saltzaileen taldearen buru den Andoni Arantzategik zioen aurtengo salmenta 2012. urtekoa baino hobea izan zela, Baina, hala ere,   Donostiako liburudenda guztiek plazan postu bat jartzeko adinekoa ez dela. Egun horretan, % 10eko beherapena egiten da, Gipuzkoa plazan, zein liburudendatan.

Ikusgarritasunaren eguna da. Liburua hurbil, esku artean, sentitzeko eguna…baina, zoritxarrez, urtero-urtero liburu saltzaile gutxiago etortzean direnez, goibel samarra da erakusten dugun irudia.

Digital aroaren eragina liburudendatan.

Adituek, liburudendak direla eta, nahiko etorkizun iluna azaltzen digute, hala ere, argitxoren bat ere erakusten dute.

Manuel Gil eta Joaquín RodríguezenLiburuaren eramangarritasuna eta paradigma digitala” lana irakurri dut. Oso liburu serioa da. Hitzaurretik, gaiari buruz erantzunak baino galdera gehiago ditugula ohartarazten gaitu. Ondorengo baieztapenak atera ditut:

“Liburudendak desagertuko zaizkigu masa-azoketatik uste baino lehenago”. Konponbidea: argitarapen askerekin lotzea eta espezializaioa.

• ” Liburu saltzaile digitalek, ohiko askok baino hobeto ari dira; baieztapen horrek harrigarria eta mingarria dirudien arren.” Autoreek diote liburudenda digitaletan aukera zabalagoa dela, bilaketa ere errazagoa, salneurria ez dela ukiezina izaten, jasotzeko modua aukera dezakezu, opariarako papera ere eska dezakezula… Laburtuz, garaiezinak direla!
“Ohiko liburu saltzaileek elkartu behar dute, taldea sortu, salmenta ondorengo zerbitzuak hobetu, erosketa gustagarria bilakatu”

Liburu saltzaileek aurrera pausu bat eman behar dute, eta beraien book+ business egitasmoa sortu.

• “ Liburu saltzaileek sarean indarra galdu badute ere, sare sozial eta blogarien mesedetan, liburu saltzaile onak behar ditugu”. Amazonek berehala antzeman zuen iritzien garrantzia webetan, irakurle ezagunek diotena aintzat hartzen da, aholkuak kontuan hartzen dituzte beste irakurleek. Ahoz ahokoak indarra du.

” Sareak paper-liburu salmenta ere areagotzen du”. Askok usten dugu bi eratako liburuen elkarbizitza posible dela. Irakurle onok liburuak erosten jarraitzen dugu. Bai liburudendatan, baita gure e-reader-ean irakurtzeko. Erosi diot, ez pirateatu. Ez dut ulertzen liburuak pirateatzearena, ez irakurle direnengan, are gutxiago inoiz irakurle izan ez direnengan. Zenbat lagun, ezagun, e- reader-a eskuratu bezain laster, bihurtu dira aukeratu ere ez duten produktuen pirata ? Benetan egiten al dute prezioak bidezkoak ez direlako horretaz editoreak ohartarazi nahi dituztelako? Pirateriaren genea euskal edota espainiar ADNan ba ote daramagu?

.Ezagun batek esaten dit liburu elektronikoak erosten ditugun bakarrenetakoa naizela. Amazonen erostea benetan erosoa, azkarra eta paperean baino merkeagoa da. Zer dela eta, denbora alferrik galdu pirateatze jardunetan?

“Liburudenden apokalipsia ez du ekarriko aro digitalak, rotazio handiko liburuak salmenta kate erraldoietan saldu nahi horrek baizik”. Eremu horietan lehiatzea ezinezkoa da.

Liburuen prezioei buruz eztabaidak daude. Batzuk diotenez %30eko margena ez da nahiko liburudenda baten mantenurako kontuan hartuz gastu guztiak. Liburu saltzaileak ezarri beharko luke prezioa? Prezioa merketuz arazoa konpoduko litzateke? Merkatua geldirik dago, ez dira erosle berriak ageri, eta are gutxiago krisialdi dela medio. Noiz egingo da eztabaida serioa liburu saltzaile eta editoreen artean?

Donostian itxi berri dute zinemagintzan espezializatua zegoen, liburu denda bat: ” Metrópolis”. Denboran atzera eginez, gaztetatik honuntza zenbait liburudendaren desagertzea ezagutu dut: “Baroja” alde zaharrean, “Internacional” Txurruka kalean, “Ramos” Elkarrek hartu du… Eta, FNAC sarearen sorrera, San Martín azokan, ezagutu dut.

Liburuaren inguruko etorkizuna argi daukan inor ez dugu aurkituko. Garaiak aldatu dira. Liburudendek oso zaila dute, baina badute aurkitzerik bizirauteko zirkinik, txokorik, beraien egoera eta rolari buruz,  azkar, eta sakoneko hausnarketa egiteari ekiten badiote.

Ez da nire asmoa, irakastea liburu saltzaileei zer eta nola egin, ez, nahiko lan guk geuk liburutegietan datorkiguna dela eta. Baina, izugarri gustatzen zaizkit liburudendak, izugarri gozatzen dut Paris bezalako hiri handietan, adibidez, Latindar auzoko liburudendatan; edo New Yorken Barnes&Noble-n…kafe bat bertan hartzerik baduzu, liburuak, papergaia erosi edo ikusten dituzun bitartean… Londonen Foyles- en gauza bera.

Bartzelonan proposatu zuten, liburugintzari laguntzeko, kafetegi bat egon litekeen bezalaxe, liburudendak jartzea liburutegietan (Ez dakit ekimena aurrera daramaten).
Beraz, ez dut konponbiderik eskaintzeko, baina, orain arte egin dugun bezala, Liburudendek eta liburutegikoek elkarrekin jarraitu behar dugula deritzot. Denok liburuak aholkatzen ditugu. Nahiko ondo egin dugulakoan nago. Jarrai dezagun! Ez nuke bizi nahi liburudendarik gabeko hiri batean!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude